Literatur Emailuak
18 zenbakia: 2002ko maiatzaren 16an
Susa literatura argitaletxea

 

Sarrionandiak itzulitako Poemas náufragos

Maiatzaren 17an (ostirala) izango da Galizerazko Letren Eguna. Joseba Sarrionandiak Poemas náufragos (Galegoz heldutako poemak) liburua kaleratu zuen Susa-Amerika aldizkariarekin batera 1991ko maiatzean Día das Letras Galegas egunaren karietara.Manoel Antonio, Luis Amado Carballo, Alvaro Cunqueiro, Aquilino Iglesia Alvariño, Luis Pimentel, Luis Seoane, Celso Emilio Ferreiro eta Manuel María poeten lanak itzuli zituen Sarrionandiak. Guztira 18 poema (74 orrialde). Edizioaren apailatzaileak: Xose Estevez eta Iñigo Aranbarri. Liburuaren hitzaurrea: Koldo Izagirre. Orain Interneten lehenengoz aurkezten ditugu poema hauek elebitan Galizierazko Letren Egunaren karietara berriro.

 

Castelaoren lau liburu

Alfonso Daniel Rodriguez Castelao dugu literatura galegoko maisuetako bat. Nahikoa da horretaz ohartzeko bere izena daraman Castelao museoan bisita egin edota bere biografia eta bibliografia irakurtzea. Euskaraz ere baditugu Castelaoren lan batzuk. Susak lau liburu argitaratu zituen 1986an:: Zirtzilak - Kristalezko begiak Koldo Izagirrek euskaratua, Gauzak eta Betiko biak Ramon Etxezarretak itzuliak eta Beti Galizan Bego Montoriok. Koldo Mitxelenako kulturunearen webgunean ipuin bat ere topatu dugu, Koldo Izagirrek jardunaldi batzuetarako apailaturiko edizioaz.

 

Literatura galegoa aldizkarietan

Literatura galegoak zaletu asko ditu gurean, eta Literatur Aldizkarien Gordailuan zenbait testu irakur ditzakezu. Pott aldizkarian Mendez Ferrinen Roi Sordo poema (1978ko azaroan). Susan Militantearean amets urdinak ipuina (Mendez Ferrin / Bego Montorio). Ttu ttua aldizkarian Historia do rock and roll (Anton Reixa / Joanes Urkixo). Anton Reixa berari elkarrizketa luzea egin zion Susak 1990eko uztailean. Celso Emilio Ferreiroren poemak Korrok eta Kandelan; Korrok aldizkarian Harrizko gau luzea eta Kandelan Neno orfo con cabalos ao fondo eta Credo Jon Iñaki Lasak euskaratuak.

 

Idazle galegoak eta literatura unibertsala

Galiziako literaturak leku handia hartu du Interneten. Besteak beste, literatura unibertsaletik galizierara itzulitako obra asko osorik irakur daitezke. Galegoz literatura unibertsala delako gunea eredugarria da. Gomendagarria da halaber Galiziako liburutegi birtuala idazle galegoekin eta beren bibliografiarekin. Modu berean kultura galegoak badu webgunea, literaturari tarte zabala eskaintzen diona.

 

Efemerideak

1824 maiatzak 17: Juan Bautista Agirre hil zen Asteasun.

1906 maiatzak 20: Balendin Enbeita jaio zen Muxikan.

1901 maiatzak 21: Pierre Lafitte jaio zen Luhoson.

1811 maiatzak 22: Gregorio Arrue jaio zen.

Agenda

Igor Estankonaren errezitala izango da maiatzaren 15ean (asteazkena) 20:00etan Oreretako Zumardian.

Iruñeko Erraldoien Txokoan burutzen ari diren euskal literaturari buruzko jardunaldietan, maiatzaren 15ean (asteazkena) 20:00etan, euskal literaturaren gaurko paisaia hartuko dute gaitzat. Tere Irastortzak "Euskal poeta irakurleen bila" izango du hizpide, Iban Zalduak "Euskal narratiba 1990, nobelaren hamarkada?", Aingeru Epaltzak "Euskal literaturaren harrigarria Nafarroan".

Harkaitz Canok Pasaia blues nobelaz jardungo du Deustuko gazte lokalean maiatzaren 15ean (asteazkena) 20:00etan Irakurlearen Txokoa ekimenaren baitan. Antolatzailea: Berbaizu euskara elkartea.

Lutxo Egiak Paperezko hegazkinak nobela aurkeztuko du maiatzaren 16an (osteguna) goizeko 11:30etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan. Arratsaldeko 20:15etan Bilboko Kalderapeko kultur gunean egingo du solas. Argitaldaria: Susa.

Karlos del Olmoren "Elurrezko eskeletoa", Asier Gorrotxategiren "Taxi bat Hamletentzat" eta Maria Dolors Salaten "Olga" liburuak aurkeztuko ditu Hiria argitaletxeak maiatzaren 16an (osteguna) 12:00etan Donostiako KM kulturunean.

Miren Agur Meabek poesia errezitaldia egingo du maiatzaren 16an (osteguna) 20:00etan Oreretako Mikelazulo Elkartean.

Literatur jardunaldiak Iruñean: maiatzaren 16an (osteguna) 20:00etan Jorge Gimenez "Editoreen lana euskal literaturan. Literaturaren harrera" gaiaz mintzatuko da, Ana Urkizak "Kritika literarioa euskal literaturan" izango du hizpide.

Bihotz bakartien klubak errezitaldi musikatua egingo du Gasteizko gaztetxean maiatzaren 16an (osteguna) 21:00etan. Literatura unibertsaleko zein euskal idazleen poemak irakurriko dituzte narratzaile baten laguntzaz.

Kirmen Uribek Bitartean heldu eskutik errezitala egingo du maiatzaren 16an (osteguna) 21.00etan Azkoitiko Torre zuriko erakusketa gelan eta maiatzaren 17an (ostirala) 22:00etan Oreretako Mikela Zubian. Maitzaren 21ean (asteartea) 20:00etan Gasteizko Florida Kultur Etxean izango da.

"Gu-lau: poesia ikuskizuna" egingo dute Mikelazulo elkarteko kideek maiatzaren 18an (larunbata) 22:00etan Oreretako Niessengo plazan.

 


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: