Literatur Emailuak
17 zenbakia: 2002ko maiatzaren 9an
Susa literatura argitaletxea

Josu Landak Odolbildua aurkeztu du

Odolbildua nobela aurkeztu zuen Josu Landak maiatzaren 2an Donostian eta Bilbon. Donostiako agerraldian Josu Landarekin batera Igela argitaletxeko Xabier Olarra eta Susako Mikel Elortza aritu ziren. Xabier Olarrak liburuaren aurkezpena egin zuen, Elortzak egilearena. Josu Landak hitz gozoak izan zituen Igelarentzat, izan ere bere nobela idatzi bitartean Igelako "12 bat liburu edo irakurri" zituela aipatu baitzuen. Nobela beltza edo pertsonaia nobela artean kokatu zuen egileak bere lana. Orain liburua, liburudendetan salgai ez ezik, Interneten ere osorik dago irakurgai.

Paperezko hegazkinak Lutxo Egiaren lehen nobela

Datorren maiatzaren 16an (osteguna) Lutxo Egiak Paperezko hegazkinak nobela aurkeztuko du Donostian eta Bilbon. 1997an Londresen kokatutako istorioa da Egiarena, baina 1937ko Gernika ere badu oroimenean. Bonbardatutako Gernikara abiatutako kazetari baten iloba ezagutuko du Galder protagonistak. Hiri lainotsu bat baino gehiago, oroimen iturria da Lutxo Egiaren nobelako Londres. Susa argitaletxeak aurkezten duen liburu hau Lutxo Egiaren bigarren liburua da, aurretik Pamiela argitaletxearekin poesiazko "Kalezuloko animalien itzalak" kaleratu zuen. Aurrerapen gisa Interneten dituzu Paperezko hegazkinak liburuko hiru kapitulu.

Literatura Astea Gasteizko gaztetxean

Aurten ere Literatura Astea antolatu du Gasteizko gazte asanbladak. Maiatzaren 14tik (asteartea) 19ra (igandea) bitartean, egunero hitzaldi, errezitaldi eta saioak izango dira Gasteizko gaztetxean. Maiatzaren 14an (asteartea) Aitzpea Azkorbebeitiak "Sarrionandiaren irakurketa proposamena" egingo du. Maiatzaren 15ean ipuin kontalari bat izango da. Maitzaren 16an (osteguna) Bihotz Bakartien Klubak poesia errezitaldia egingo du musikaz lagundurik eta maiatzaren 17an (ostirala) preso ohiek Gasteizera plataformak antolatutako literatur lehiaketako testuak irakurriko dituzte. Maiatzaren 19an (igandea) Txusma antzerki taldeak narrazio batzuk antzeztuko ditu, tartean poesia sonoroa eta ipuin erotikoak.

Literatura jardunaldiak Iruñean

Iruñeko Erraldoien txokoan euskal literaturari buruzko jardunaldiak antolatu dituzte maiatzaren 13tik (astelehena) 16ra (osteguna) eta hitzaldi guztiak 20:00etan izango dira. Mari Jose Olaziregik "Euskal literatur sistema milurteko berriaren atarian" hitzaldia eskainiko du maiatzaren 13an (astelehena). Itzulpena eta ikerketa euskal literaturan izango da maiatzaren 14ko (asteartea) gai nagusia: Koldo Bigurik "Euskal literatur itzulpena" jorratuko du eta Asun Aierbe Mendizabalek "Literatur ikasketak eta ikerketak gure artean". Maiatzaren 15ean (asteazkena) euskal literaturaren gaurko paisaia hartuko dute gaitzat. Tere Irastortzak "Euskal poeta irakurleen bila" izango du hizpide, Iban Zalduak "Euskal narratiba 1990, nobelaren hamarkada?", Aingeru Epaltzak "Euskal literaturaren harrigarria Nafarroan". Maiatzaren 16rako (osteguna) hautatutako gaia literatur mediazioa da: edizioa eta kritika euskal literaturan; Jorge Gimenez "Editoreen lana euskal literaturan. Literaturaren harrera" gaiaz mintzatuko da, Ana Urkizak "Kritika literarioa euskal literaturan" izango du hizpide.

Efemerideak

1810 maiatzak 8: Martin Hiribarren jaio zen Azkainen

1907 maiatzak 11: Bernardo Estornes Lasa jaio zen Izaban.

1921 maiatzak 15: Federiko Krutwig jaio zen Getxon. Susa aldizkariak elkarrizketa egin zion lehenengo zenbakian (1980).

Agenda

Pako Aristi Venezuelari buruz mintzatuko da maiatzaren 8an (asteazkena) 18:00etan Iruñeko Zabaldi-Elkartasunaren Etxean.

Kirmen Uribek Bitartean heldu eskutik errezitala egingo du Algortako Itsas-gane etxean maiatzaren 8an (asteazkena) 20:00etan. Kitarra elektrikoa: Txomin Uribe (Piztiak). Zuzenean margolana: Josu Aranbarri. Maiatzaren 10ean (ostirala) Aretxabaletako Udaletxe zaharrean izango da 22:30etan.

Joan Mari Irigoienek "Letra txikiaz bada ere" poema liburua aurkeztuko du maiatzaren 9an (osteguna) 12:00etan Donostiako Bilintx Megadendan. Berarekin izango dira Xabier Mendiguren editorea eta Pako Aristi idazlea. Argitaldaria: Elkar.

Txalapartak "Johanes, Bargotako aztia" liburua aurkeztuko du maiatzaren 9an (osteguna) 12:00etan Iruñeko Xalbador liburudendan. Bertan izango dira: Fultxo Crespo eta Josu Jimenez egileak eta Maximino Gomez Nafarroako Gobernuko Euskara Departamenduko burua.

Igor Estankonaren errezitala izango da maiatzaren 15ean (asteazkena) 20:00etan Oreretako Zumardian.

Harkaitz Canok Pasaia blues nobela izango du hizpide Deustuko gazte lokalean maiatzaren 15ean (asteazkena) 20:00etan Irakurlearen Txokoa ekimenaren baitan. Antolatzailea: Berbaizu euskara elkartea.

Lutxo Egiak Paperezko hegazkinak nobela aurkeztuko du maiatzaren 16an (osteguna) goizeko 11:30etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan. Arratsaldeko 20:15etan Bilboko Kalderapeko kultur gunean egingo du solas. Argitaldaria: Susa.

Miren Agur Meabek poesia errezitaldia egingo du maiatzaren 16an (osteguna) 20:00etan Oreretako Mikelazulo Elkartean.

Kirmen Uribek Bitartean heldu eskutik errezitala egingo du maiatzaren 16an (osteguna) 21.00etan Azkoitiko Torre zuriko erakusketa gelan eta maiatzaren 17an (ostirala) 22:00etan Oreretako Mikela Zubian.

"Gu-lau: poesia ikuskizuna" egingo dute Mikelazulo elkarteko kideek maiatzaren 18an (larunbata) 22:00etan Oreretako Niessengo plazan.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: