Literatur Emailuak
15 zenbakia: 2002ko apirilaren 25ean
Susa literatura argitaletxea

Gernika

1937ko apirilaren 26an (astelehena), duela 65 urte bonbardatu zuten Gernika. Horrek gerora zer esana ez ezik zer idatzia ere eman du gure literaturan. Gernika aldizkaria sortu zuten Donibane Lohizunen 1945ean. Gernika aldizkarian 1952an kaleratutako 19. zenbakian bereziki gogoratzen dute 25 urte lehenago egindako sarraskia.

Susa aldizkariak ere aldizkari berezia plazaratu zuen 1987an, bonbaketaren 50. urteurrenean. Aipagarria da, gertakariaren ostean Paul Eluard poetak idatziriko Gernikako Garaitza poema, Mikel Antzak euskaratua.

Gernikan berpizten da Agur, Euzkadi nobelako pertsonaietako bat, Lauaxeta; Gernikan atxilotu eta Gasteizen fusilatua. Aurten ekainaren 25ean beteko dira 65 urte Estepan Urkiaga Lauaxeta hil zutela.

Ostiela! eta Putz aldizkariek zenbaki berriak

Ostiela! aldizkariaren 25. zenbakian erlijioaren alderdiak eta alderdikeriak dituzte mintzagai. Ale ia monografikoa da erlijioaren ingurukoa eta, besteak beste, Zaldibiako abade Don Modestoren sermoi frankistak argitaratu dituzte. Putz aldizkariak aldiz, elkarrizketa nagusia Pako Aristiri egin dio (9 orrialdekoa) 14. zenbakian.

Efemerideak

1848-apirilak 27: Marzelino Soroa jaio zen Donostian.

1887-apirilak 27: Toribio Etxebarria jaio zen Eibarren.

1844-apirilak 29: Migel Urruzuno jaio zen Elgoibarren.

1911-apirilak 29: Jose Antonio Arkotxa jaio zen Mutrikun.

1929-apirilak 29: Pepe Artola hil zen Donostian.

1984-apirilak 29: Manex Erdozaintzi-Etxart hil zen Okzitaniako Tolosan. Bere poemak entzun eta irakur ditzakezu XX. Mendeko Poesia Kaieretan.

1831-apirilak 30: Indalezio Bizkarrondo "Bilintx" jaio zen Donostian. Koldo Izagirrek Euskararen historia txikia Donostian (1800-1998) garai hartako berri damaigu.

Agenda

Iban Zalduaren "Irakurraldi bat euskal literaturaren umorearen eta ironiaren inguruan" apirilaren 24an (asteazkena) 11:30etan, Eskoriatzako Humanitate eta Zientzien fakultateko areto nagusian.

Harkaitz Canoren Norbait dabil sute-eskaileran poema liburuan oinarritutako errezitala apirilaren 24an (asteazkena) 19:00etan Arrasateko Monterron Jauregian.

Pako Aristi Literatur Jazza emanaldian Bilboko Kalderapeko kulturgunean apirilaren 24an (asteazkena) 20:15etan. Antolatzaileak: Alde Zaharreko Euskal Txokoa eta Lizardi AEK euskaltegia.

Laura Mintegik "Sisifo maiteminez" liburua aurkeztuko du apirilaren 25ean (osteguna) 20:00etan Iruñeko Zaldiko Maldiko kultur elkartean (Ansoleaga kalea, 9-11, behea).

Iruñeko Biurdana Institutuan (Sanduzelai auzunea) liburu baten irakurketa egingo dute apirilaren 26an (ostirala) goizeko 9:30etatik 14:00ak arte. Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox liburuaren irakurketan zenbait idazlek parte hartuko du.

III. Poesia Topaketak burutuko dituzte Donostiako Bernategi baserrian apirilaren 26an (ostirala) 20:00etan. Poeta gonbidatuak: Itxaro Borda, Jose Fernandez de la Sota eta Sara Zanghi. Eguraldi txarra izanez gero, Loiola Kultur Etxean egingo da.

Kirmen Uribek Bitartean heldu eskutik errezitala egingo du Mutrikuko kultur etxean apirilaren 26an (ostirala) 22:30etan. Kitarra elektrikoa: Txomin Uribe (Piztiak). Zuzenean margolana: Josu Aranbarri.

Josu Landak "Odolbildua" nobela aurkeztuko du maiatzaren 2an (osteguna) 11:30etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan. Aurkezlea: Xabier Olarra. Argitaldaria: Susa.

Igela argitaletxeak bi nobela berri aurkeztuko ditu: "Hobe nuen etxean gelditu", Horace McCoy (F. Reyk itzulia) eta "Iruzurgilea", James M. Cain (Xabier Olarrak itzulia). Maitzaren 2an (osteguna) 12:00etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan.

Ander Iturriotzek "Mugaren ariketa" poema liburua aurkeztuko du maiatzaren 3an (ostirala) 11:00etan Donostiako Bilintx liburudendan. Juan Kruz Igerabide izango du aurkezle. Liburu honekin Elkar argitaletxeak poesia bilduma berri bati hasiera emango dio.

"Pasaia eta Victor Hugo, xarma erromantikoa"

Victor Hugo Pasaian izan zeneko udatik (1843) idazleak herri honekin izaniko lotura historiko eta kulturala aztertuko dute hitzaldi sorta batean. Hitzaldi guztiak, Victor Hugok uda igaro zuen etxean bertan izango dira 19:00etan.

"Victor Hugoren bizitza eta lana" Rosa de Diegoren eskutik eta "Gastronomia, Victor Hugoren lanean" Lidia Vazquezek emana apirilaren 23an (asteartea).

Koldo Izagirrek "Victor Hugok Pasaiarekin eta Euskal Herriarekin izandako harremana" hitzaldia eskainiko du apirilaren 24an (asteazkena).

Veronique Duche eta Guy Deureauk "Victor Hugo, Pirinioetan barrena" gaia landuko dute bere hitzaldian apirilaren 25ean (osteguna).

Loreto Casadok "Victor Hugoren lan grafikoa" aztertuko du apirilaren 29an (astelehena).


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: