Literatur Emailuak
13 zenbakia: 2002ko apirilaren 11n
Susa literatura argitaletxea

"Komatxo artean" irratsaioa eraberriturik

Asteazken gauero (23:10etatik-24:00etara) "Komatxo artean" literatura saioa izaten da Herri Irratian, Mikel Asurmendik zuzendu eta aurkeztua. Datorren astetik aurrera, saioa berritu egingo da eta astero idazle batekin solasaldia izango dute besteak beste. Datozen asteetako gonbidatuak Anjel Lertxundi eta Iban Zaldua dira. "Mentura dugun bitartean" liburuaz ariko da Lertxundi (apirilaren 17an) eta "Traizioak" izango du hizpide Zalduak (apirilaren 24an).

Hegats aldizkariak 29. zenbakia

Hegats aldizkariaren zenbaki berri bat aurkeztu du Donostian Euskal Idazleen Elkarteak. 29. zenbaki honetan ere Kritikabideak eta Literaturbideak sailak dira aldizkariaren ardatz. Kritikabideak sailean Itxaro Bordak itzulpenari buruz egindako "Traditore ala?", J. Mac Corkleren "E. Bishop: kritika bat" eta Joxemari Carrerek idatzitako "Literatura, kontalaritza eta irakurketaren bultzatzea" dira gai nagusiak. Literaturbideak atalean aldiz Manuel Alonso Cataláren "Zenbait poema", Itziar Lakak idatzitako "Emili", eta "Manuel Rivas-en Poema gisa tajuturiko ipuinak" Kirmen Uribek itzuliak ageri dira.

Bernardo Atxagari buruzko Susa berezia

1982ko apirilean, duela 20 urte, Susa aldizkarikoek Bernardo Atxagari eskainitako ale berezia kaleratu zuten, 5. zenbakia. Eneko Olasagastik, Mikel Antzak eta Josu Landak Bernardo Atxagaren obraren gainean jardun zuten; antzerkia, poesia eta bere bi liburutan barneratuz.Tartean Atxagarekin egindako elkarrizketa luzea eskaini zuten. Atxagak hiztegia eta poema bat ere idatzi zituen Susako infiltratu gisa. Azkenik, Joseba Sarrionandiari idatzitako gutun baten zatia ere agertzen da postdata moduan.

Efemerideak

1879-apirilak 11: Ixaka Lopez-Mendizabal jaio zen Tolosan. Bere heriotzaren 25. urteurrenean Literatur Emailu berezia egin genuen.

1813-apirilak 13: Eusebio Azkue jaio zen.

1828-apirilak 14: Gratien Adema "Zaldubi" jaio zen Senperen.

1923-apirilak 14: Migel Urruzuno hil zen Mendaron.

1984-apirilak 14: Patxi Unzurrunzaga editorea hil zen Donostian. Kuliska Sortaren sortzaile izan zen.

1853-apirilak 15: Bixente Etxegarai hil zen Donostian.

1861-apirilak 16: Toribio Altzaga jaio zen Donostian. Berak sortutako Txingurri antzezlana (1935) eskaintzen dizu Teatroa.com guneak.

1906-apirilak 16: Plazido Mujika jaio zen Urnietan. Oh! Euzkadi aldizkarikoek elkarrizketa interesgarria argitaratu zuten 1981eko azaroan. Hurrengo urtean hil zen Plazido Mujika.

1904-apirilak 17: Anizeto Zugasti jaio zen Donostian. Oh! Euzkadikoek elkarrizketatu zuten 1981eko otsailean.

1957-apirilak 17: Pierre Lhande hil zen Atharratzen.

Agenda

Patxi Zubizarretak "Zikoinaren hegaldia" izeneko olerki musikatuak eskainiko ditu San Inazioko (Bilbo) Intxixu ikastolan apirilaren 10ean (asteazkena) 20:00etan. Ekitaldia Deustuko Berbaizu euskara elkarteak antolatu du.

Mikel Taberna Txokolatezko dinamita liburuari buruz ariko da apirilaren 11n (osteguna) 18:00etan Iru&nilde;eko Arturo Kanpion euskaltegian.

Bihotz Bakartien Klubak "Sarri gure artean" errezitala eskainiko du Zamudioko Dorretxean apirilaren 11n (osteguna) 21.00etan. Joseba Sarrionandiaren narrazio eta poemak oinarri hartuta irakurraldi musikatua izango da. Antolatzailea: Zamudioko gazte asanblada.

Markos Zapiainek "Errua eta maitasuna" liburua aurkeztuko du apirilaren 12an (ostirala) 12:00etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan. Bertan izango dira egileaz gain, Xabier Mendiguren editorea eta zenbait idazle (Ramon Saizarbitoria, Txillardegi, Joxe Azurmendi, Koldo Izagirre, Txiliku, Bikila, Lorea Agirre...). Argitaratzailea: Elkar.

Pako Aristik "Venezuela, Iraultza isilaren hitzak" liburuari buruz hitz egingo du apirilaren 12an (ostirala) 19:30etan Berako Udal Liburutegian, "Bidaia bat liburuetara" jardunaldian.

Koldo Izagirre, Joseba Tapia eta Adolfo Jainagak "Elgeta trikitilarixa Eibarren" izeneko ekitaldian jardungo dute apirilaren 12an (ostirala) 19:30etan, Eibarko Arrate Kultur Elkarteak eta Eta Kitto! euskara elkarteak antolatuta. Ekitaldia Arrate elkartearen egoitzan izango da (Zuloaga kalean).

"Juan Mari Lekuona kezkaren antropologoa"

"Juan Mari Lekuona: argiaren polena" hitzaldia emango du Patxi Ezkiagak apirilaren 15ean (astelehena). "Minduraren eskola" dauka izenburua Anjel Lertxundiren solasaldiak, apirilaren 16ean (asteartea). "Zutaz oroitzean" mahaingurua Jose Luis Padron, Mirari Garcia de Kortazar, Pello Otxoteko eta Kirmen Uriberekin apirilaren 17an (asteazkena). Antton Valverderen errezital-omenaldia apirilaren 18an (osteguna). Ekitaldi guztiak Donostiako KM kulturunean izango dira 19:30etan.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: