Literatur Emailuak
12 zenbakia: 2002ko apirilaren 4an
Susa literatura argitaletxea

Sautrela berriz ere aste honetan

ETBko literatura saioa den Sautrela datorren apirilaren 6an (larunbata) hasiko da eguerdiko informatiboaren ostean. Lehen programa honetan Martin Ugalderi buruzko erreportajeak eta Aurelia Arkotxari eginiko elkarrizketak osatuko dute saioa. Bigarrenean Iban Zaldua izango da elkarrizketatua. Aro berriko nobedadea Bernardo Atxagaren agerpena da, eta berak aukeratutako testu labur bat irakurriko du programa bakoitzean. Hasier Etxebarriak aurkeztutako programak orain arte bezala liburu bat izango du hizpide nagusia. Euskal liburuez gain noizean behin kanpoko erreferentziei kasu egingo diote.

Santi Onaindia Oh! Euzkadi aldizkarian

Duela 20 urte Oh! Euzkadi aldizkarikoek Santi Onandiari eginiko elkarrizketa ekarri gura izan dugu Emailu honetara. Oh! Euzkadi aldizkariaren 15. zenbakia zuen 1982ko martxokoak eta solasaldi luzea eta interesgarria izan zuten garai hartan Larrako komentuan euskal literaturaren alde buru belarri lanean ari zen Aita Santi Onaindiarekin. Karmel aldizkariko arduradunak Olerti aldizkaria ere sortu zuen.

Efemerideak

1944-apirilak 5: Xabier Lete jaio zen Oiartzunen. Idazle, antzerkigile eta kantari handi honen bi elkarrizketa proposatu nahi dizkizuegu: bata 1965ekoa , orduko Argia aldizkarian argitaratua eta bestea berriki Euskaldunon Egunkariak bere webean paratutakoa, paperean kaleratutakoa baino luzeagoa.

1881-apirilak 6: Joxemari Iparragirre hil zen Ezkio-Itsason. Bitoriano Gandiagak Iparragirreri eskainitako poemak leitu ditzakezu.

1939-apirilak 6: JosAnton Artze jaio zen Usurbilen.

1954-apirilak 7: Emeterio Arrese hil zen Tolosan. Bere poema batzuk irakurgai dituzu Interneten.

1644-apirilak 8: Pedro Agerre "Axular", Gero-ren egilea, hil zen Saran. Bere bizitzari buruz Burlatako Axular kultur elkartekoek egindako komikia topatu dugu Interneten.

Agenda

Mikel Taberna Txokolatezko dinamita liburuari buruz ariko da apirilaren 11n (osteguna) 18:00etan, Iruñeko Arturo Kanpion euskaltegian.

Bihotz Bakartien Klubak "Sarri gure artean" errezitala eskainiko du Zamudioko Dorretxean apirilaren 11n (osteguna) 21.00etan. Joseba Sarrionandiaren narrazio eta poemak oinarri hartuta irakurraldi musikatua izango da. Antolatzailea: Zamudioko gazte asanblada.

Bidaia bat liburuetara ekimenarekin apirilaren 12an (ostirala) 19:30etan Berako Udal Liburutegian Pako Aristik "Venezuela, Iraultza isilaren hitzak" liburuari buruz hitz egingo du.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: