Kirmen Uriberen poemak espainolez
Bitartean heldu eskutik liburua plazaratu zuen Kirmen Uribek 2001eko azaroan lehen aldiz eta abenduan bigarren edizioa. Orain idazleak berak eta Gerardo Markuletak espainolera itzuli dituzte liburuko 20 poema.
Egunkariaren literatur gune berria Interneten
Euskaldunon Egunkariak bere Interneteko edizioan literaturari buruzko gune berri bat plazaratu du. Bertan 47 idazleren bibliografia, 1999, 2000 eta 2001ean euskaraz sortutako liburuen zerrenda, liburu horiei buruzko albiste eta kritiken loturak batu ditu. Begia gehigarriko kritikak eta iruzkinen bilduma eta literatur albisteak ere kontsultagai daude www.egunkaria.com/literatura gunean. Hilero gai bat izango da eztabaidagai gunean, bisitarien partehartzea sustatzeko. Hileon Joseba Sarrionandiaren "Lagun izoztua" liburua da eztabaida sail horretako gaia.
Efemerideak
1915-martxoak 27: Anastasio Albisu jaio zen Lazkaon. 1956an Euskaltzaindiak Arantzazuko Euskal Sariketa antolatu zuen. Poesia sailean Bitoriano Gandiagak eraman zuen lehenengo saria eta Fernando Artola Bordarik bigarrena. Antzerki sarietan Nemesio Etxanizek eta Anastasio Albisuk.
1920-martxoak 27: Jon Etxaide jaio zen Donostian. "Joanak joan" eleberria izan zen Etxaideren libururik ezagunena, Euskaltzaindiaren sariketan lehen saria hartutakoa eta ondoren Kuliska Sortan argitaratua 1955ean. Harrera ona izan zuen eleberriak irakurleen eta kritikarien aldetik, baina Koldo Mitxelenak bestelako iritzia agertu zuen: "Eskasean aurkitzen dut Etxaide nobelagilea Etxaide idazlearen aldean. Nabarmenegi ageri da askotan egilearen eskua. Bere gizakiek diotena, honek erakutsi die esaten, ez baitira sarri bere baitatik mintzatzeko edo mugitzeko gauza".
Agenda
"Sugearen iraultza" saiakera aurkeztuko du Josu Naberanek Elorrioko gazte topagunean, martxoaren 31an (igandea) 16:00etan Euskal Herriko gaztetxea gunean.
Gartzelako literaturari buruzko hitzaldia izango da Elorrioko gazte topagunean, apirilaren 1ean (astelehena) 15:00etan, Herri Unibertsitatea gunean.
"Victor Hugo, oroimen, gaurkotasun" erakusketa Baionako Liburutegian, martxoaren 4an hasi eta apirilaren 2a arte. Erakusketak idazle frantziarraren bizitzako gai nagusiak erakusten ditu: heriotza zigorra, alabaren heriotzaz idatziriko olerkiak, gosea, justizia... Victor Hugoren bizia laburtzen duten datu batzuen ondoan, lehen edizioko liburuak bildu dituzte, tartean baita Baionari buruz idatziak ere. Victor Hugo bi aldiz hurbildu zen Lapurdiko hiriburura, 1812an eta 1843an.