Literatur Emailuak
10 zenbakia: 2002ko martxoaren 21ean
Susa literatura argitaletxea

Nazioarteko Antzerki Eguna

Martxoaren 27an Nazioarteko Antzerki Eguna ospatuko da mundu osoan. Urtero mundu mailako agiri bat idazten du antzezleren edo idazleren batek, aurtengoa Indiako Girish Karnadek.Gurean Harkaitz Canok euskaratu du nazioarteko agiri hau, Teatroa.com gunean irakurgai dagoena.

Nazioarteko Antzerki eguna ospatzeko, antzerkiari buruzko Emailu berezia prestatu dugu. Agendan aste honetan Euskal Herrian izango diren antzerki obra ezberdinak agertzeaz gain, Interneten irakur daitezkeen zenbait antzezlan ere badakartzagu.

Bernardo Atxagaren Antzerki minimun bat Panpina Ustela aldizkarian 1975eko urtarrilean argitaratua. Mikel Antzaren Lasturko Miliarekin solasean Susa aldizkarian 1988ko martxoan argitaratua. Mikel Elortzak 1992ko abenduan Nik ez nuen nahi kaleratu zuen Susa aldizkariaren 29. zenbakian.

Susa literatur aldizkariak Antzerkiari buruzko ale berezia kaleratu zuen 1988ko martxoan.

Antzerti aldizkaria duela 70 urte

Antonio Maria Labaienek 1932ko urtarrilean sortu zuen Antzerti aldizkaria Tolosan, osorik teatroari emana eta Ixaka Lopez Mendizabalen inprimategian egina. Euskaltzaleak bazkunak Eusko Antzerti Eguna antolatu nahiaren kariaz (eta obrak falta zirelako) abiatu zuen Labaienek Antzerti aldizkaria, hilabetekari izateko asmotan. John Zabalo "Txiki"ren irudiez apaindua agertu zen lehen alea (24 orrialdekoa), Toribio Altzagak 1888an Ziburun idatzitako obra batekin: "Aterako gera!". Denera 54 zenbaki agertu zituen Antzertik, 1936ko Espainiako Gerraren ondorioz Labaienek Sarara ihes egin artean. Aldizkarian agertutako antzezlanen zerrenda ikusteko, klik egin hemen. Antzerti aldizkaria berriro abiarazi zuten 1982an (Eusko Jaurlaritzak argitaratua), Labaienek sortu eta 50 urtera.

Antzerki agenda

Martxoak 21 (osteguna): Maskarada taldeak Gabriel Arestiri buruzko Kaio luma zikina taularatuko du Miarritzeko Le Colisée antzokian 20:00etan.

Martxoak 22 (ostirala): Antzerkiola Imaginarioak (FTI) "Mundopolski: Erreboltaren ziaboga" lana estreinatuko du euskaraz Durangoko San Agustin gunean 21:00etan / Maskaradak Kontenedore baten istorioak antzeztuko du Beasaingo Usurbe Antzokian 22:15etan. / Tentazioa konpainiak "Komeriaka Emakumez..." antzeztuko du Elorrioko Arriola Kultur Aretoan 22:30etan / Xiru 13 Arte Eszenikoen Festibala Maulen.

Martxoak 24 (igandea): Xiru 13 Arte Eszenikoen Festibala Gotaine Irabarnen 12:00etan./ Xirristi Mirristi taldeak Pantzo Irigarairen Lamindegiko laminak taularatuko du Miarritzeko Le Coliséen 17:00etan. / "Mundupolski: Erreboltaren ziaboga" Antzerkiola Imaginarioarena Bilboko Kafe Antzokian 20:00etan.

Martxoak 25 (astelehena): Hika antzerki taldeak "Arraultza delikatuak" antzeztuko du Urretxuko Pagoeta Antzokian 12:00etan./ Gilkitxaro taldea Trokaolatarrak obrarekin Bilboko Kafe Antzokian 20:30etan.

Antzerki liburuak

Susa literatura argitaletxeak 11 antzerzlan kaleratu zituen 1985etik 1991 bitartean. Mark Legassek idatzi eta Maskarada antzerki taldeak taularatu zuen Gastinbeltzaren karabinak izan zen Antzerki saileko lehen liburua (osorik dago Interneten). Ostean argitaratu ziren: Iñaki Uria eta Mikel Antzaren Beteluko balnearioko mirakulua (osorik Interneten), Mario Benedettiren Pedro eta Kapitaina, John Steinbecken Itsas izar bat zen, Alfonso Sastreren Ez da pale egiteko oldua, Xabier Mendigurenek idatzitako Kanpotarrak maisu - Kultur Ministrariak ez digu errukirik, Guillaume Irigoienen Hamar manu minduak - Apetitu on!, Imanol Eliasen Haunditasun ametsak - Hiru morroiak, Maskarada taldeak hain ezagun egin zuen Patrick Sskindek idatzitako Kontrabajua (osorik Interneten), Maskaradaren Marxkarada (Marx anaiek idatzia) eta azkenik Milan Kunderaren Jacques eta Nagusia.

Efemerideak

1920-martxoak 22: Luis Villasante jaio zen Gernikan

1849-martxoak 23: Jose Manterola jaio zen Donostian

1933-martxoak 23: Juan Arana "Loramendi" hil zen Donostian.

1909-martxoak 24: Santi Onaindia jaio zen Amoroton. Berak sortutako Olerti aldizkaria ikus Literatur Aldizkarien Gordailuan .

Agenda

Joseba Sarrionandiaren "Lagun izoztua" nobelari buruzko solasaldia izango da Intxaurrondo Berri Kultur Etxean (Donostia) martxoaren 20an (asteazkena) 18:30etan. Edorta Mataukok gidatuko du.

Joxean Sagastizabalek "Kutsidazu bidea, Ixabel" liburuari buruzko hitzaldia emango du Barakaldoko La Carava liburudendan martxoaren 20an (asteazkena) 19:30etan, Barakaldoko Sasiburu Euskaldunon Elkarteak antolaturik.

Blas de Oterori buruzko jardunaldietan Jose Saramago eta Bernardo Atxaga idazleek hitzaldia eskainiko dute martxoaren 20an (asteazkena) 19:30etan Bilboko Arriaga antzokian.

Kirmen Uribek Bitartean heldu eskutik errezitala egingo du Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean martxoaren 21ean (osteguna) 20:30etan. Kitarra elektrikoa: Txomin Uribe (Piztiak). Zuzenean margolana: Josu Aranbarri.

"Ortzadarra sutan" nobela aurkeztuko du Fernando Morillok martxoaren 22an (ostirala) 12:00etan Donostiako KM kulturgunean eta 19:30etan Beasaingo Udaletxean.

"Victor Hugo, oroimen, gaurkotasun" erakusketa Baionako Liburutegian, martxoaren 4an hasi eta apirilaren 2a arte. Erakusketak idazle frantziarraren bizitzako gai nagusiak erakusten ditu: heriotza zigorra, alabaren heriotzaz idatziriko olerkiak, gosea, justizia... Victor Hugoren bizia laburtzen duten datu batzuen ondoan, lehen edizioko liburuak bildu dituzte, tartean baita Baionari buruz idatziak ere. Victor Hugo bi aldiz hurbildu zen Lapurdiko hiriburura, 1812an eta 1843an.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: