Literatur Emailuak
9 zenbakia: 2002ko martxoaren 14an
Susa literatura argitaletxea

Bide barrijak eta Biotz begietan duela 70 urte

Emeterio Verdes-Atxirikaren irarkolan (Bilbon) argitaratu ziren Lauaxetaren Bide barrijak eta Xabier Lizardiren Biotz begietan poema liburuak duela 70 urte: lehena 1931ko abenduan, bigarrena 1932ko apirilean; eta bi argitalpenen arteko hilabeteetan eztabaida bizia izan zen, "Euzkadi" eta "Argia" agerkarietan batik bat.(Informazio luzeagoa daukazu hemen klikatuta). Lauaxetaren poema liburuak hautsak harrotu eta kritika gaiztoak izan zituen. Idazteari utzi egingo ziola esatera iritsi zen Lauaxeta, eta ia-ia Lizardik bakarrik defendatu zuen. Eztabaida hartan artikulu garrantzitsuenak idazle hauek plazaratu zituzten: Orixe, Lizardi, Jautarkol, Barrensoro, Larreko, Lauaxeta, Aitzol...

100 metro eta zentsura

Ramon Saizarbitoriak 1976ko martxoaren 22an aurkeztu zuen legezko gordailura "100 metro" eleberria. Jose Luis Albizu zentsoreak (informeak 23 irakurlea kodeaz izenpetzen zituenak) martxoaren 24an irakurri eta salagarria zela erabaki zuen. Txosten hura beste batek hartu zuen ondoren (Antonio Barbadillok ziur aski) eta honela osatu: "El contenido de la obra es simbólico, referido a la época actual y de una fuerte crítica, ofensiva e inaceptable en su valoración total, contra el Gobierno y su actuación en el País Vasco (...) Ofensas hacia la Policía y Fuerzas de Orden Público, y velado espíritu separatista en contradicción con nuestra normativa Jurídica (...) Por todo lo anterior estimamos que el presente depósito no debe ser aceptado por presumible existencia de figura delictiva; y de acuerdo con lo ordenado en el artículo 64 de la Ley de Prensa e Imprenta debería ser puesto a disposición de la Autoridad Judicial correspondiente". Bigarren txosten honen data martxoaren 27koa da... baina Zuzendari nagusiak Ordena Publikoko Tribunaleko epaile magistratuari bidaltzen dion denuntzia bezperan sinatuta dago, martxoaren 26an. Denera 119 lerrotan egin zizkioten markak eta ezabaketak 100 metro nobelari. Joan Mari Torrealdairen Artaziak liburuan topatuko dituzu zentsurari buruzko xehetasunak.

Efemerideak

1703-martxoak 17: Patrizio Meagher jaio zen Donostian.

1896-martxoak 18: Joxe Ariztimuño Aitzol jaio zen Tolosan (Rondilla kalean) gaueko 22:00etan.

Agenda

Idatz & Mintz literatur aldizkariaren zenbaki berriak Bitoriano Gandiaga Mendatako poeta ezagunari eskaini dizkio bere orrialdeak. Aldizkariaren zenbaki berria aurkeztearekin batera, Labayru ikastegiak Gandiaga zenari zuzenduriko omenaldia ere prestatu du martxoaren 13an (asteazkena) 19:30etan Bizkaiko Batzar Nagusien aretoan (Bilbo). Bertan Iñaki Sarriugarte eta Sebas Garcia Trujillo Bitoriano Gandiagari buruz mintzatuko dira, eta, ondoren, Jesus Eguzkitzak eta Dorleta Alberdik Gandiagaren poema batzuk irakurriko dituzte.

Abelin Linasizorok "Iraganean galdua" liburuaren aurkezpen-solasaldia egingo du martxoaren 15ean (ostirala) 19:30etan Zumaiako Oxford aretoan. Antolatzailea: Zumaiako Inpernupe Kultur Elkartea.

Euskal Idazleen Elkarteak biltzar nagusia egingo du Bilbon Euskaltzaindiaren egoitzan (Plaza Barria) martxoaren 16an (larunbata) 10:30etan. Zuzendaritza batzordea berrituko dute, eta Andolin Eguzkitzak lehendakari izateari utziko dio.

Kirmen Uribek Bitartean heldu eskutik errezitala egingo du Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean martxoaren 20an (asteazkena) 20:30etan. Kitarra elektrikoa: Txomin Uribe (Piztiak). Zuzenean margolana: Josu Aranbarri.

Joxean Sagastizabalek "Kutsidazu bidea, Ixabel" liburuari buruzko hitzaldia emango du Barakaldoko La Carava liburudendan martxoaren 20an (asteazkena) 19:30etan. Barakaldoko Sasiburu Euskaldunon Elkarteak antolaturik.

Blas de Oterori buruzko jardunaldietan, Jose Saramago eta Bernardo Atxaga idazleek hitzaldi bat eskainiko dute martxoaren 20an (asteazkena) 19:30etan Bilboko Arriaga antzokian.

"Victor Hugo, oroimen, gaurkotasun" erakusketa Baionako Liburutegian, martxoaren 4an hasi eta apirilaren 2a arte. Erakusketak idazle frantziarraren bizitzako gai nagusiak erakusten ditu: heriotza zigorra, alabaren heriotzaz idatziriko olerkiak, gosea, justizia... Victor Hugoren bizia laburtzen duten datu batzuen ondoan, lehen edizioko liburuak bildu dituzte, tartean, baita Baionari buruz idatziak ere. Victor Hugo bi aldiz hurbildu zen Lapurdiko hiriburura, 1812an eta 1843an.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: