Literatur Emailuak
6 zenbakia: 2002ko otsailaren 21ean
Susa literatura argitaletxea

 

300 literatur kritika

Eguneroko prentsan eta aldizkarietan agertzen diren literatur kritikak biltzeari ekin genion 2000. urteko abenduan, eta dagoeneko helduen literaturako liburuen 300 kritika batu ditugu. Denak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxearen webguneko kritiken sailean. Astean bizpahiru aldiz eguneratzen da.

 

Agenda

Juanjo Olasagarrek "Bizi pusken artean" errezitala egingo du Bilboko Kalderapekon otsailaren 20an (asteazkena) 20:15etan. Bizi puskak eta Puskak biziz liburuetako poemak irakurriko ditu. Literatur Jazza ekimenaren barruan, Libitum jazz bandarekin arituko da. Lizardi AEK euskaltegiak eta Bilbo Zaharreko euskal txokoak antolaturik.

Jon Benitok Aingurak erreketan errezitala egingo du otsailaren 21ean (osteguna) 19:30etan Oreretako Mikelazulo elkartean, Ibon Egañaren musika laguntzaz.

Kirmen Uribek Bitartean heldu eskutik errezitala egingo du Gasteizko Parral tabernan otsailaren 26an (asteartea) arratsaldeko 20:30etan. Kitarra elektrikoa: Txomin Uribe (Piztiak). Zuzenean margolana: Josu Aranbarri.

Jasone Osorok "Korapiloak" liburua izango du hizpide otsailaren 27an (asteazkena) arratsaldeko 20.00etan Deustuko Irakurlearen txokoan. Hitzaldia Bidarte etxean izango da. Antolatzailea: Berbaizu euskara elkartea.

Bihotz Bakartien Klubak "Sarri gure artean" errezitala eskainiko du Gasteizko gaztetxean otsailaren 28an (osteguna). Joseba Sarrionandiaren narrazio eta poemak oinarri hartuta irakurraldi musikatua izango da.

Harkaitz Canok New York izango du solasgai Berako udal liburutegian martxoaren 1ean (ostirala) 19:30etan, "Piano gainean gosaltzen" liburuaren aurkezpenean.

Mikel Tabernak Txokolatezko dinamita liburuari buruz berba egingo du martxoaren 6an (asteazkena) 19:30etan Getxoko Irakurzalearen Txokoan (Itsasgane, Karitate kalea, 1) Antolatzailea: Getxoko Bizarra Lepoan Euskara Elkartea.

 

Bitoriano Gandiaga hil zela urtebete

Mendata herrian sortu zen, Bizkaian, Bitoriano Gandiaga Artetxe, 1928an. Arantzazuko ikastetxean plastika eta euskarako irakasle aritu zen. Arantzazu, Euzko Gogoa, Egan eta Olerti-n eman zituen argitara bere lehen idazlanak, eta hainbat sari ere irabazi zuen bere poemekin. 1962an eman zuen argitara lehen liburua: Elorri. Forma tradizionaletan landuak, izadiari buruzko poema lirikoak dira Elorri-koak. 2001 otsailaren 21an hil zen. Bere poemak irakurri gura izan ezkero, irakurgai dituzu Koldo Izagirrek apailaturiko XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman.

 

Ixaka Lopez Mendizabal hil zen duela 25 urte

Ixaka Lopez Mendizabal 1879ko apirilaren 11n jaio zen Tolosan eta, duela 25 urte, Tolosan bertan hil zen 1977ko otsailaren 27an. Euzkel-Ikastolaren sortzaileetarik bat izan zen (1922); euskararen irakaskuntzak oso keztatua zeukan Ixaka (hiztegiak eta gramatikak), baina ziur aski bere onenak haurrentzako argitalpenetan eman zituen: "Umearen laguna", "Zenbakiztiya", "Martin txilibitu" eta "Xabiertxo" gogoangarria, John Zabalo Txiki-ren irudi ederrekin (ikus Oh! Euzkadi aldizkariaren 7. zenbakian Koldo Izagirreren Gerraurreko eskola literaturaz ohar batzuk). Espainiako gerraren ondorioz, 1938an Buenos Airesera erbesteratu zen (Belgrano kalea), eta han sortu zuen Ekin argitaletxea, oraintxe 60 urte, Andres Irujo Ollorekin batera (eta Sebastian Amorrorturen inprimategiari esker). Ixaka 1965ean itzuli zen Euskal Herrira. Tolosako Solana kaleko Lopez Mendizabaldarren moldiztegi zaharra ikusgarria da, Ballastegi-Enean. Informazio gehiago: Xabier Telleriak idatzitako liburuxkan (Bidegileak).

 

Euskal Harria zentsuratua

Gabriel Arestik 1967ko urtarrilean aurkeztu zuen zentsurara Euskal Harria eta beste 119 olerki liburua. Madrilen Francisco Fernández Jardón zentsoreak (abokatua eta udal-epailea) arkatz gorriz markatu zituen 15 folio. Zentsore-irakurleen nagusiak, ziurtasun handiagoa nahi izanda, Antonio Albizu debarrari agindu zion beste irakurketa bat. Honek idatziko dio: "No hay una página limpia de toda demagogia e irrespetuosidad. NO PUEDE AUTORIZARSE". Euskal Harria ezin argitaratuaren ebazpenaren berri 1967ko otsailaren 27an eman zioten Gabriel Arestiri. Poetak ez zuen amore eman nahi, eta José Antonio Zarzalejosi idatzi zion pasarte zentsuratuak zehazteko eskatzen. Martxoan jaso zuen erantzuna: 157 folio gorriz eta urdinez markatuak eta 36 poema osorik kanporatuak. Arestik zati batzuk kenduta, pasarte batzuetan aldaketak eginda, hasierako 120 poematatik 60 baizik ez zituen plazaratu 1967ko azaroaren 8an Kriselu argitaldariarekin (1.000 aleko edizioa, 41.846,50 pezetako inprenta gastuak). Xehetasun gehiago: Joan Mari Torrealdairen Artaziak liburuan, Angel Zelaietaren Gabriel Aresti Biografian eta Susak berrargitaratutako Euskal Harria liburuaren aurkibidean (kolore gorriz markatuta daude lehen edizioan agertu ez ziren poemak).

 

Pamiela eta Enseiucarrean armiarma.eus web gunean

Iruñeko San Gregorio kaleko Auzolan liburudendan larunbat eguerdiro biltzen ziren solaserako hainbat idazle eta literaturzale 80en hasieran: Txema Aranaz, Miguel Sánchez Ostiz, Xabier Eder, Pello Lizarralde, Víctor Moreno, Santiago Etxandi... Informazio trukerako premiak bultzatu zituen aldizkari bat sortzera. Pello Lizarraldek Azkoitiko bere aitonari aditutako berba gogoratu zuen orduan, Pamiela: sorginek baserri batzuetan utzi ohi zuten kaxaren deitura, izan ere ireki behar ez den kaxa, begizkoa eta ezbeharra ekarriko baitizkizu. Pamielaren lehen zenbakia 1983ko ekainekoa da. Arestian aipatutako idazleez gainera, ale hartan parte hartu zuten: Jordi Mateu, J.M. Romera, Vicente Huici, Carlos Bidegain, Xabier Martinez... eta baita urtebete geroago Korrok aldizkaria sortu zuten batzuk ere: Ana Iribar, Mikel Taberna eta Jon Alonso. Azalaren egilea: Urbasa. Hamabost zenbaki eman zituen Pamiela aldizkariak 1993ko negua bitartean, eduki gehienak gaztelaniaz. Pamiela argitaletxe bilakatu zen 1984ko urtarrilean. Argitaldari honen babesean kaleratu ziren beste bi aldizkari ere: Mazantini (1991n) eta Garziarena Berria (1997an).

Seikote baten ekimenez eta Deustuko Unibertsitatearen babespean, Euskal Kultura Mintegiaren itzalean, 1986ko udaberrian abiatu zen Enseiucarrean aldizkaria. Miguel Angel Elkoroberezibar zen zuzendaria eta aldamenean zituen Ander Ros, Xabier Santano, Iñigo Barandiaran, Patxi Aiarza eta Mikel Euba. Literatur aldizkaria egin zuten literatur aldizkariena fenomeno hedatua zen garaian, unibertsitateetako ikasleek euren aldizkariak egiten zituzten garaian —Donostiako EUTG, Gasteizko Filologia fakultatea...—. Medio gutxirekin, inprimategi batean zuten kontaktua baliatuz, lau ale atera zituzten bi urtetan eta gero adio esan. Taldea desegin zen arren, Fakultateko Mintegiak berriro heldu zion 1990ean, formatu berriz baina segida emanez, Bittor Uraga irakaslea eta Ana Isabel Morales eta Igone Menikaren eskutik Aldizkariaren izena Axularren Gero liburuaren hasieratik hartu zuten.

 


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: