Literatur Emailuak
4 zenbakia: 2002ko otsailaren 8an
Susa literatura argitaletxea

Maiatz aldizkariak 20 urte

Maiatz aldizkariaren lehen zenbakia 1982ko otsailaren 12an argitaratu zen Baionan (Pontrique karrika 15), Hendaiako Mugalde etxeak inprimatua. Orotara 35 zenbaki plazaratu dira ordutik, 2001eko azaroan berriena. Maiatz aldizkariaren abiapuntua hala ere 1981eko maiatzaren 10arekin lotuta dator, egun horretan batu baitziren Itxaro Borda eta Luzien Etxezaharreta literatur aldizkari baten sortzeko ideiarekin, hain zuzen Mitterrand lehendakari bilakatu zen igande hartan.

Ondoren deitu zituzten bilkuretara Iparraldeko orduko idazle gehienak: Casenave, Arkotxa, Xarriton, Erdozaintzi-Etxart, Lanatua, Tanburin, Zamora, Pelot... Maiatz aldizkariaren lehen aleko aitzin solasak hauek izan ziren: "Aldizkari bat, gurea. Gauza batzu, denetarik, euskaraz, lantuak. Gure literatura. Literatura, zertarako? Gure sendimenduak ez diten bakarrik pasa bainan bizi ditzagun. Maitasuna, lana, tristezia eta mendiak, esperantza eta gau baten zoriona, euskaraz. Gureak euskaraz direlakoan. Literatura guretako. Ez gauza hil batzu, ikerketa hotzetarakoak eta errautsez bete erakustokietarakoak. Literatura bizirako". Maiatz aldizkariaren lehen zenbakiak Etien Salaberrik 1968an idatzitako "Nigar egiten dut zutaz" poema dakar lehen testutzat, eta Itxaro Bordaren "Zail dira usantzak" poema bigarrena.

Efemerideak

1894-otsailak 9: Manuel Lekuona jaio zen Oiartzunen

1962-otsailak 12: Leon Leon hil zen Ustaritzen.

1910-otsailak 14: Fernando Artola "Bordari" jaio zen Hondarribian.

Agenda

Jon Alonsorekin solasaldia antolatu du Getxoko Bizarra Lepoan elkarteak Irakurzalearen Txokoa egitarauan. Jon Alonsok Euskal karma liburuaz jardungo du otsailaren 6an (asteazkena), arratsaldeko 19:30etan, Getxoko Itxasgane Etxean (Karitate kalea 1).

Iban Zalduaren irakurketa saioa "Traizioak" liburuaren aurkezpenaren aitzakiaz otsailaren 7an (osteguna) 19:30etan, Hikateneoan (Pintoreria 13), Gasteiz.

Ramon Saizarbitoriak "Idazle zaharraren gerra galduak" izeneko berbaldia eskainiko du otsailak 8 (ostirala) 19:30etan Mungiako Torrebillela kultur etxean.

Bihotz Bakartien Klubak bere burua ezagutzera emango du Deustuko gazte lokalean otsailaren 8an (ostirala). Joseba Sarrionandiaren testuak oinarri hartuta errezitaldi musikatu bat eskainiko dute. Ekitaldia arratsaldeko 8etan izango da "Sarri gure artean" izenburupean..

Patxi Zubizarretak "Zikoinaren hegaldia" literatura eta musika ikuskizuna agertuko du Pello Ramirezekin otsailaren 8an (ostirala) arratsaldeko 19:30etan Zarauzko Olerti Etxean.

Kirmen Uribek Bitartean heldu eskutik errezitala egingo du Bilboko Kafe Antzokian, otsailaren 13an (asteazkena), arratsaldeko 20:00etan. Kitarra elektrikoa: Txomin Uribe (Piztiak). Zuzenean margolana: Josu Aranbarri.

Rikardo Arregiren bi poema alemanez

Rikardo Arregi Diaz de Herediaren bi poema alemanez dituzu irakurgai Susa argitaletxearen webgunean. "Edonon Ilargia" eta "66 lerro Hiri Setiatuan" euskarazko poemak dira alemanera itzulitakoak.

Horrez gain, alemanera itzuliak daude baita ere Koldo Izagirreren bost poema eta Harkaitz Canoren poema bat.

Stultifera Navis Literatur Aldizkarien Gordailuan

1982an agertu zen, zuribeltzean eta grapatua, Stultifera Navis-en lehen zenbakia (otsailean, kroniken arabera). Aurkezpenean ziotenez, Gasteizko Filosofia eta Letren Fakultateko Literaturtegiko egintzen berri emateko sortua zen, han ziharduten lagunen lanen plazaratzeko: Itziar Laka, Iñaki Lopez de Aberasturi, Eli Tolaretxipi, José A. Blanco, Xabier Etxaniz, Jon Juaristi... Azken hau eta Carlos Blanco Aguinaga izan ziren, hain zuzen, 1981 eta 1982an Taller Literario-a sortua zutenak Fakultatean. Poemak, narrazioak eta dialogoren bat zituen, euskaraz eta gaztelaniaz, lehen zenbakiak. Ez zuen iraupen handirik izan publikazioak. Bigarren zenbaki bat, gaztelaniazko eta euskarazko testuekin, kaleratu zuten 1983ko apirilean, eta hortxe bukatu zen egitasmoa. Fakultatean bertan eta Stultifera Navis-en ibilitako zenbait kide partaide zirela, Kandela aldizkaria argitaratu zen 1983aren amaieran.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: