Literatur Emailuak
3 zenbakia: 2002ko urtarrilaren 31an
Susa literatura argitaletxea

Igela aldizkaria sortu zela 40 urte

Parisen maiz elkartzen ziren Jon Mirande eta Andima Ibiñagabeitia erbesteratua literaturaz jarduteko, eta haiengana ere biltzen ziren batzuetan Peillen anaiak. Ibiñagabeitia, ordea, Ameriketara joan zen 1954an Jokin Zaitegiri (eta Orixeri) Euzko Gogoa aldizkaria egiten laguntzera, eta Mirande goibel eta bakar samar geratu omen zen. 1962ko otsailean Txomin Peillenek Jon Miranderen adorea berpiztu zuen, Saint Germain boulevardeko 15.ean erredakzio bat ezarriz. Hantxe sortuko zuten IGELA - euskaldun heterodoxoen errebista: aldizkari satirikoa, "propaganda politiko eta erlijiozkorik gabea", hiruhilabetekari izateko asmotan. Pariseko zuberotar bukinista batek lagundu zien aldizkaria roneotipoz edo multikopiaz egiten, bigarren zenbakia lehenbailehen ager zezaten Ibiñagabeitiak "dirulaguntza ederra" bidali zien Caracastik... eta berehala eskandalizatu ziren Euskal Herrian, Enbatakoak besteak beste. Kritikei aurre egin zieten Mirandek eta Peillenek, bereziki Igelaren 1962ko urriko alean. Igelak sei zenbaki argitaratu zituen 1963ko udazkena bitartean.

Efemerideak

1929-urtarrilak 31: Ebaristo Bustintza "Kirikiño" hil zen Mañarian.

1971-otsailak 2: Koldobika Jauregi "Jautarkol" hil zen Zarautzen

1983-otsailak 3: Fernando Artola "Bordari" hil zen Hondarribian

1969-otsailak 4: Bingen Ametzaga hil zen Caracasen.

1980-otsailak 5: Julene Azpeitia hil zen Bilbon.

1934-otsailak 7: Juan Anjel Etxebarria jaio zen Santurtzin.

Agenda

Jose Luis Otamendiren Poema politikoak errezitala urtarrilaren 30ean (asteazkena) Bilboko Kalderapekoko Literatur Jazza emanaldian (20:00etan). Antolatzaileak: AEK Lizardi Euskaltegia eta Bilboko Alde Zaharreko Euskal Txokoa.

Jon Alonsorekin literatur solasaldia izango da urtarrilaren 31n (osteguna) Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean (20:00etan). Idazleak bere bi liburu berriez jardungo du: Euskal karma rapsodia eta "Agur, Darwin" saiakera.

Jon Arretxek "Zazpi kolore" liburua aurkeztuko du otsailaren 1ean (ostirala) 19:30etan Berako Udal Liburutegian, diapositibez lagundurik.

Jon Alonsorekin solasaldia antolatu du Getxoko Bizarra Lepoan elkarteak Irakurzalearen Txokoa egitarauan. Jon Alonsok Euskal karma liburuaz jardungo du otsailaren 6an (asteazkena), arratsaldeko 19:30etan, Getxoko Itxasgane Etxean (Karitate kalea 1).

Iban Zalduaren irakurketa saioa "Traizioak" liburuaren aurkezpenaren aitzakiaz otsailaren 7an (osteguna) 19:30etan, Hikateneoan (Pintoreria 13), Gasteiz.

Pako Aristiren Amodio gaiztoen liburua

Pako Aristiren azken lana, Amodio gaiztoen liburua, Susa argitaletxeak eman du. Poemak eta narrazioak biltzen ditu, 40 orrialdetan. Susako dendan liburu bat erosita, doan jaso dezakezu Aristirena ere.

Amukoak sailean idazle hauen opariak dituzu: Juan Luis Zabala, Jose Luis Otamendi, Edorta Jimenez, Koldo Izagirre, Xabier Gantzarain, Harkaitz Cano, Itxaro Borda eta Pako Aristi.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: