Literatur Emailuak
1 zenbakia: 2002ko urtarrilaren 17an
Susa literatura argitaletxea

Albistegi bat egitea dute xede e-postaz igorritako Literatur Emailuek. Liburu bat osorik eskainiz gatoz, Internetetik irakur dezazuen, Juan Bautitsta Bilbao "Batxi"ren kronikak biltzen dituen liburua. Literatur Aldizkarien Gordailuan, Garziarena Berria aldizkaria daukazu jadanik.

Astero-asteroko albistegi hau jasotzea hautazkoa denez gero, hurrengo Literatur Emailuak jaso nahi ez badituzu, erabil ezazu orri bukaeran dagoen formularioa. Gauza bera zure adiskideren bati bidal diezaiogun nahi izanez gero. Mila esker aldez aurretik. susanews@armiarma.eus

Efemerideak

1920-urtarrilak 14: Txomin Agirre hil zen Zumaian. Bidegileak sailean topatuko duzu Jon Arretxek eginiko biografia.

1916-urtarrilak 16: Juan Bautista Bilbao Batxi hil zen. Susa literatura argitaletxeak 1997. urtean kaleratu zuen Batxiren Hau mundu arranoa hau. 1916ko urtarrilean urte bete daroa Batxik etxetik kanpo itsasoan porturik portu. Jesusa Zabala du zain bere hiru alabekin. Arroxelatik etxera dator ontzia. Laster da Abrako bokalean. Baina Batxi ez da inoiz helduko. Urtarrilak hamasei dituela, alemanek La Palice-tik berrogei miliatara jarritako mina bat jo du Lezama y Compa&ntild;ía-ko Bayo ontziak. Aste honetan liburua osorik interneten.

1862-urtarrilak 17: Pierre Topet Etxahun hil zen Barkoxen. Euskal Testu Klasikoen Gordailuan topatuko dituzu bere bertsorik ezagunenak. Igela aldizkariak, bere heriotzaren mendeurrenaren karietara, ale berezia karrikaratu zuen.

1919-urtarrilak 18: Salbatore Mitxelena jaio zen Zarautzen. Bere poemak irakurgai eta entzungai dituzu Koldo Izagirrek apailaturiko XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman.

Agenda

Kirmen Uribek errezitala eskainiko du urtarrilaren 17an (osteguna) Durangoko Berbaro tabernan (20:30etan). Bitartean heldu eskutik liburuko poemak irakurriko ditu. Txomin Uribek lagunduko dio kitarra elektrikoaz, eta Josu Aranbarrik mural bat margotuko du bitartean. Antolatzailea: Kultur errota.

Ramon Saizarbitoriaren hitzaldia izango da Bilboko Bidebarrieta liburutegian urtarrilaren 24an (osteguna), Bilbo Zaharra Forum-ari jarraipena emateko, euskarazko literatur sorkuntzaren ajeen gainean mintzatuko da. Antolatzailea: Bilbo Zaharra euskaltegia.

Jon Benitok Aingurak erreketan errezitala egingo du urtarrilaren 25ean (ostirala) Zarauzko Olerti Etxean (Nafarroa kalea, Sanz-Enea) arratsaldeko 19:30etan.

Jose Luis Otamendiren Poema politikoak errezitala urtarrilaren 30ean (asteazkena) Bilboko Kalderapekoko Literatur Jazza emanaldian (20:00etan). Antolatzaileak: AEK Lizardi Euskaltegia eta Bilboko Alde Zaharreko Euskal Txokoa.

    XX. Mendeko Poesia Kaierak: Uraren bideak

    Koldo Izagirrek apailaturiko bildumak hiru agerraldi izan ditu. Aurkezpen bakoitzean hitzaldi bat emana du idazleak, eta hauxe izan zen hirugarrena, "Uraren bideak". (Donostian,. 2001eko ekainaren 15ean).

    Amukoak: Euria ari du

    Manchesterren, Lisboan, Parisen, Carabanchelen, Pontevedran eta Perpiyanen euria ari du. Bai behintzat, Juan Luis Zabalak argitaratu duen Euria ari du liburuko hirietan. Amukoak bildumako lehen liburua da Zabalarena. Rainy Manchester izenekoa da kapituluetako bat. Irakurri gura duzu?

    Literatur Aldizkarien Gordailua berritzen

    armiarma.eus web gunean literatur aldizkari gehiago argitaratzen hasiak gara. Aste honetan: Garziarena Berria. Hurrengo astean: Vladimir.

    Hamazazpi aldizkari osorik irakur ditzakezu orain: Igela, Ustela, Pott, Oh! Euzkadi, Susa, Xaguxarra, Txistu y Tamboliñ, Kandela, Korrok, Ttu-ttua, Txortan, Porrot, Literatur Gazeta, Mazantini, Garziarena, Zantzoa eta Garziarena Berria.


    Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

    izena: e-posta helbidea: