BiZKONDE ERDiBiTUA

 

Italo Calvino

euskaratzailea: Iñaki Ugarteburu

 

—I—

 

        Bazen turkiarren aurkako gerra bat. Terralbako Medardo bizkondea, ene osaba, Bohemiako lautadan zehar zihoan zaldiz kristauen kanpamendurantz. Curcio zeritzon ezkutaria zerraion. Amiamokoak behetik zebiltzan, talde zuritan, aire sendo geldia gurutzatuz.

        — Zer dela eta horrenbeste zikoina? —galdegin zion Medardok Curciori—. Nora zihoazek?

        Ene osaba heldu berria zen, arestian lerrokatua, guda hartan hitz emanda zeuden inguruko duke batzuen atsegingarri. Kristauen mendean zegoen azken gazteluan zal diz eta ezkutariz horniturik, Enperadorearen koartelean aurkeztera zihoan.

        — Gudalekuetara doaz —esan zuen ezkutariak goibel—. Bide osoan izango ditugu lagun.

        Ikasia zuen Medardo bizkondeak amiamokoen hegalera zorte onaren ezaugarri dena; betargi agertu nahi zuen, beraz, haiek ikustean. Haatik, gogoz beste, urduri zegoen.

        — Zerk erakar ditzake hankaluzeak gudalekuetara, Curcio? —galdetu zuen.

        — Egun, beraiek ere jaten dute giza haragia — erantzun zuen ezkutariak—. Urritasunak lurrak agortu dituenetik eta lehorteak ibaiak idortu. Sarraskia non, han dira amiamoko eta flamenko eta kurriloak, bele eta saien ordez.

        Lehen gaztaroan zegoen garai hartan ene osaba: sentipenak nahas-mahasian oldartzen diren adinean, artean on eta gaitz bereizi gabe; esperientzia berriak, lazgarri eta anker izanik ere, beti adeitsu eta biziarekiko garrak gidatuak diren adinean.

        — Eta beleak? Eta saiak? —itaundu zuen—. Eta gainontzeko harrapariak? Nora dituk joanak? —zurbil zegoen baina izarnioa begietan.

        Gudari betizua zuen ezkutari, biboteduna bera, begirada ere altxatzen ez zutna. «Izurriak jotakoak jatearen poderioz, berak ere atzeman ditu izurriak», eta arretaz begiraturik, abarren ordez hegazti harraparien luma eta hanka haragigabeak ageri ziren zubeltzak seinalatu zituen.

        — Ezin zehazki jakin zein ote den lehenik hila, txoria ala gizona, eta zein den bestearen gainera abiatu larrutu asmoz —esan zuen Curciok.

        Populazioa akabatu egiten zuen izurritik iheska, familia osoak ziren landetan zehar bidean jarriak, eta berton harrapatu zituen hiltamuak. Gizon eta andere hilotz piloak ikus zitezkeen lautada idorrean barreiaturik, biluzik, zornakatzek itxuragabetuak eta, hona aldez aurretik ulertezin zirudiena, lumaztatuak: haien beso eta saihets marguletatik luma beltzak eta hegalak hazi izan bailiran. Putre sarraskia zen, haien utzikinekin nahasia.

        Bazihoazen agertuaz lurrean iragan guduen aztarnak. Ibilera moteldua zen, bi zaldiak maiz gelditzen bait ziren, edo aztoratzen.

        — Zer diate gure zaldiak? —galdetu zion Medardok ezkutariari.

        — Jauna —erantzun zuen—, ez dago zaldiak beraien erraien usaiak adina nazkatuko dituenik.

        Izan ere, zaldi sarraskiz estalirik ageri zen gurutzatzen ari ziren lautada inguru hura; utzikin batzuk hankaz gora, apatxak zerurantz begira, besteak ordea, muturra lurpean.

        — Zer dela eta horrenbeste zaldi hemen eroriak, Curcio? —galdegin zuen Medardok.

        — Zaldia, lurra jo behar duela uste duenean —azaldu zuen Curciok— bere erraiei eusten saiatzen da. Batzuek sabelzorroa lurrean, besteak buelta erdi ematen dute zintzilika ez dakizkien. Batera zein bestera, hil hurran dira.

        — Gerra honetan beraz, zaldiak dira batez ere hiltzen direnak?

        — Haien sabelak kolpe bakarrez irekitzeko apropos eginak dirudite zimitarra turkiarrek. Ikusiko ditu berorrek aurrerago gizonen gorpuak. Lehenbizi zaldiei da gokie, zaldunei gero. Horra hor, baina, kanpamendua.

        Ostertzean dendarik garaienen pinakuluak altxatzen ziren, eta armada inperialaren zutoihalak, eta kea.

        Aurrera jo zuten asapalan eta zera ikusi zuten: azken gudaldian eroritako gehienak bereizi eta lurperatuak zirela. Barreiaturiko soinatal banaka batzuk baino ezin zitezkeen eriden, sastraka artean.

        — Baduk noizbehinka bidea iragartzen digun atzamar bat —esan zuen ene osaba Medardok—. Zer adierazten dik?

        — Jainkoak barka ditzala: atzamarrak mozten dizkiete biziek hildakoei eraztunak kentzeko.

        — Nor da? —esan zuen zelatariak, ipar haite aldera egon bailitzan lizunez eta goroldioz estaliriko kapotea zeramala.

        — Bizi bedi Koroa Inperial Sakratua! —aldarrikatu zuen Curciok.

        — Hil bedi sultana —ihardetsi zuen zelatariak—. Baina agintaritzara iristean esaiezue, arren, ordua dela ordezkoa bidal diezadaten, erroak egiten ari naizela eta!

        Hona zaldiak arin-arinka, gorotz piloen gainetan burrunbaka, eremua inguratzen zuen euli mordotik ihesi. — Lurrean dago oraindik —hauteman zuen Curciok— ausart izan diren zenbaiten atzoko zimaurra, beraiek dagoeneko zeruan direlarik —eta aitaren egin zuen.

        Kanpamenduaren sarreran zeharkatu zuten ilara bat oihal-sabai, zeinen azpian oihuka eta barre algaraka hartu zituzten tirabuzoidun emakume lodiak bait ziren, bro dadurazko soineko luzeak zituztelarik, bularrak agerian.

        — Gorteko andereen estalpeak dira —esan zuen Curciok—. Ez da horren ederrak dituen armadarik. Aurpegia atzeraka zihoan ene osaba zaldi gainean, haizi behaka.

        — Kontuz ibili jauna, turkiarrek beraiek ez bait lituzkete harrapakintzat ere nahi izango, hain dira zikin eta hain daude izurriztatuak. Zorri, zimitx eta itainez josirik ez ezik, badira luhartz eta muskerrez hartuak ere.

        Zupineria aurretik pasatu ziren. Gauez, eguneko hainbat eta hainbat danbadak goritutako kainoitzar eta zupinen brontzean atontzen zuten arbi-salda jana zupindariek.

        Lurrez beterik iristen ziren gurdiak eta zupindariek galbahetik iragazten zuten lurra.

        — Ahitzen ari da sutautsa —azaldu zuen Curciokbaina guduak izan diren eremuak hain kutsaturik daudela, hala nahi izanez gero, sutauskadaren bat berreskura daiteke.

        Ondoren zamaldegiak zetozen, non, euli artean, ari ziren albaitariak eten gabe patariak adabatzen joskuraz, zingilaz eta ikatz pike irakinezko mantarrez, irrintzika eta ostikoka denak, baita sendatzaileak ere.

        Oinezkoen kanpamendua zetorren ostean une luze samar batez. Iluntzea zen eta gudariak, nor bere dendaren aurrean, jezarrita zeuden oin hutsik, oinak ur epe lez beteriko tinetan. Bai eguneko, bai gaueko ustekabeko atzarraldietara hain ohiturik, oinak garbitzen ari zirela ere jarria zeramaten burni oskola eta lantza prest. Pabiloiak balira bezala apainduriko denda handiagoetan, ofizialek galtzarbeak hautseztatzen zituzten eta farfailezko haizemailez beraien burua haizeztatzen.

        — Ez dira emakeriaz ari —esan zuen Curciok—; ikus erazi nahi dute aitzitik, erabat aise dabiltzala bizimodu militarraren neketan.

        Terralbako bizkondea berehala eraman zuten Enperadorearengana. Bere oihal pabiloian, dena tapiz eta trofeo, subiranoak hurrengo guduetarako egitamuak az tertzen zituen mapetan. Mahaiak bete-beterik zeuden mapa hedatuz, non Enperadoreak orratzak josten zituen, mariskaletariko batek luzatzen zion kutun batetik aterata. Ez zen ezer ere ulertzen, hain zeuden mapak orratzez josirik, eta zerbait irakurtzeko, kendu egin behar ziren orratzak eta berriz jarri gero. Kentze eta ipintze horretan, eskuak libre izateko, Enperadoreak nahiz mariskalek ezpainez eusten zieten orratzei, kurrinka baino mintza ezin zitezkeelarik.

        Bere aurrean makurtzen zen gaztea ikusi zuenean galde kurrinka sortarazi zuen subiranoak, eta berehala kendu zituen orratzak ahotik.

        — Italiatik heldu berria den zalduna, Enperadore hori —aurkeztu zuten—, Terralbako bizkondea, Genoverriko familia nobleenetariko batekoa.

        — Izan dadila berehala teniente izendatua. Zaldun ezproinei hots eragin zien ene osabak zut-zutik, Enperadoreak errege-legezko keinu zabala egin eta mapa guztiak biribilkatzen eta lurrera irristatzen ziren bitartean.

 

 

        Gau hartan, nekaturik egon arren, luze joan zitzaion Medardori loak hartzen. Gora eta behera zebilen bere dendaren inguruan eta zelatarien deiak entzuten zituen, zaldien irrintziak eta erdi lotako gudariren baten mintzo totela. Bohemiako izarrei begira zegoen, bere gradu berria zuen gogoeta, biharamuneko gudua, eta urruneko aberria, kanaberen gurguraia errekastoetan. Ez zuen bihotzean inolako itzul-minik, ez zalantza, ez larderiarik. Artean ere, gauzak osoak ziren, eta ezbaigabeak, bera zen bezalakoxeak. Aurrikusi ahal izan balu zegokion patu ikaragarria, agian hura ere natural aurkituko zuen, eta hobezin, dolorezkoa izan arren. Gauaren ostertzaren mugarantz luzatzen zuen begirada, harantz non, bazekienez, aurkitzen zen etsaien kanpamendua; eta besoak gurutzaturik, sorbaldak estutzen zituen eskuez, urruneko errealitate ezberdinen eta bere haien arteko presentziaren aldibereko segurantziaz alegera. Gerra anker hartako odola sentitzen zuen, lurretik mila errekastotan isuria, eta miazka zezan uzten zion, ez sumin, ez kupidarik somatu barik.

 

 

© Italo Calvino

© itzulpenarena: Iñaki Ugarteburu

 

 

    "Italo Calvino" orrialde nagusia  


www.susa-literatura.eus