iTALO CALViNO

 

Koldo Biguri

 

        Italo Calvino (1923-1985), Santiago de Las Vegas-en jaio zen (La Habana, Kuba), baina Italian bizi izan zen, San Remo-n batez ere. 1941ean Agronomia ikasteko matrikulatu zen Torinoko uniber tsitatean, baina handik bi urtera Liguriako erresistentzian borrokatuko da partisau talde batekin. 1945ean Torinora itzuli eta letretako lizentziatura lortu zuen 1947an, Conrad-i buruzko tesi batekin. 1957ra arte Italiako Alderdi Komunistakoa izan zen, eta L'Unitá, alderdiaren egunkarian lan egin zuen kultur orrien erredaktore eta idazle moduan.

        Garai hartantxe, Einaudi argitaletxearekin eta beste idazle batzuekin (Pavese, Ginzburg) hasi zen harremanetan, eta 1947an bere lehen nobela eman zuen argitara (Il sentiere dei nidi di ragno), bere partisau esperientziaren lekuko eta fruitu, eta 1949an Ultimo viene il corvo, ikutu neorrealistaz eginiko ipuin sorta. 1950-1961 bitartean literatur zuzendari nagusia izan zen Einaudi etxean. 1954ean Ventrata in guerra kaleratu zuen, gerrako oroitzapenak biltzen zituen liburua. Istorio neorrealista hauek idatzi zituen garai berean, guztiz bestelako literatur genero batean saiatu zen, alegia eta fantasiazko literatura nahastuz; egileak esan zuen ezin zuela ohizko tankerako elaberri gehiago idatzi, «guk munduari begiratzen diogulako eskailera zulo batetik erortzen garen bitartean». Tankera berri honetakoak dira Il visconte dimezzato (Bizkonde erdibitua, Elkar, Iñaki Ugarteburuk euskaratua), 1952koa, Il barone rampante (1957) eta Il cavaliere inesistente (1959), geroago I nostri antenati izenez bildurik plazaratuko zituenak, literaturari buruzko hausnarketa batekin. Genero honetan sartu behar dira.Fiabe izenez 1956an aukeratu eta berridatzi zituen Italiako ahozko tradiziotik jasotako alegiak. 1958an bere ipuinen azken edizioa azaldu zuen, Racconti, haien artean La speculazione edilizia eta La nuvola di smog, nobela motz ezagunak.

        1956an L'Unitá-rentzat lan egiteari utzi eta beste hainbat aldizkari era egunkarirentzat hasiko zen lanean. 1963an, La giornata di un scrutatore plazaratu zuen, bere aro neorrealistaren amaiera gisa, era hemen aurkezten dugun Marcovaldo, ovvero le stagioni in cittá. Beste aro bati ekin zion Cosmicomics (1965) era Ti con zero (1967) izeneko liburuekin; ondoren, narrazioaren tresnak aztertu eta entsaiatzeko hiru liburu eman zituen argitara: Il castello dei destini incrociati (1969), Le cittá invisibili (1972) eta Se una notte d'inverno un viaggiatore (1979).

        1980an artikulu bilduma bat kaleratu zuen Una pietra sopra izenez, 1958tik 1978ra bitartean egindako lanekin. 1983an, Palomar, maisulan autobiografiko bat; 1984ean Cosmicomiche vecchie e nuove eta Colezione di sabbia. Sienan hil zen 1985ean, baina hil ondoren ere bere beste lan batzuk inprimatu ziren: Sotto il sole giaguaro (1986), Lezioni americane (1988) eta Il cammino di San Giovanni, 1962-1977 artean idatzi era bere emazteak argitara eman zituen bost lanen bilduma.

 

Eskerrak eman nahi dizkiot Lurdes Auzmendiri itzulpen honen orrazketan eskeinitako laguntzagatik.

 

 

© Koldo Biguri

 

 

    "Italo Calvino" orrialde nagusia  


www.susa-literatura.eus