KATU TEMOSOEN LORATEGiA

 

Italo Calvino

euskaratzailea: Koldo Biguri

 

        Katuen hiria eta gizon-emakumeen hiria bata bestearen barruan daude, baina ez dira hiri berbera. Katu gutxi gogoratzen dira bien artean alderik ez zegoeneko garaiaz; gizon-emakumeen kale eta plazak katuen kale eta plazak ere baziren garai hartan, eta baita belardi, patio, balkoi eta iturriak ere. Espazio zabal eta era askotako batean bizi ziren denak. Baina belaunaldi batzuetatik hona, bizitzeko ez den hiri batean preso bizi dira etxeko katuak: kaleetan automobil katu-zanpatzaile hilgarriak ibiltzen dira etengabe; lorategi edo zabaldegiren bat edo aspaldi botatako eraikuntza baten hondakinak agertzen zituzten lursailetako metro karratu bakoitzean apartamentuak, jende xehearentzako etxe-multzoak eta etxetorre handi dotoreak altxatu dituzte orain; sarbide guztiak gora-goraino beteta daude aparkatutako automobilez; patio guztiak banan-banan teilatuz estali eta garaje, edo zinema, edo biltegi edo bulego bihurtu dituzte. Eta lehenago teilatu motz, erlaiz, terraza, ur-biltegi, balkoi, sapaietako argizulo eta txapazko estalkiek itxuratutako zelai gorabeheratsu bat zabaltzen zen lekuan, orain eraiki egin dute eraikita zegoenaren gainean, eraikitzeko aukera ematen zuten hutsarte guzti-guztietan: dagoeneko ez dago bitarteko mailarik kaleko lurraren eta azken pisuen gaineko zeruaren artean; oraingo belaunaldietako katuak alferrik bilatuko du, teiletatik gora dotore igotzean, gurasoen ibilbidea, edo teilatuetako pretiletik hegalera edo ur-hodira jauzi leun bat egiteko heldulekuren bat.

        Baina hiri bertikal honetan, hutsarte guztiak bete eta porlanezko bloke guztiek beste porlanezko bloke batzuekin elkartzera jotzen duten hiri estutu honetan, nolabaiteko hiri-orde bat irekitzen da, negatiboz dagoen hiri bat, horma biren arteko tarte hutsez eta, etxeen atzekaldeen artean, hirigintz arauek ezartzen dituzten eraikuntzen arteko gutxienezko neurriez osatua; hiri horrek pasabideak ditu, etxe barruko patio itxiak, airea zaharberritzeko hodiak, autoentzako sarbideak, etxarteak eta sotoetarako sarrerak, kare eta galipotezko planeta bateko kanal lehorren sare bat osatuz bezala; bada, sare horrexetatik ibiltzen da oraindik, hormei pega-pega eginda, katuen herri zaharra.

        Marcovaldok, batzuetan, katu bati jarraituko dio, denbora pasatzeko. Hamabi t'erdietatik hirurak artean lana eten eta langile guztiak, Marcovaldo izan ezik, etxera joaten dira; bera, ordea —bazkaria poltsa batean eramaten du—, almazeneko kaxen artean jarriko da bazkaltzen; bere jana mastekatu, toskano [1] erdi bat erre, eta inguruetatik hasiko da ibiltzen, bakarrik eta zereginik gabe, lanera itzultzeko orduaren zain. Ordu haietan, leiho batetik katuren batek burua agertzen badu, abegi onez hartutako laguna izango da beti, bai eta beste bazter batzuk ezagutzeko gidaria ere. Azal marratuko katu baten lagun egin zen Marcovaldo: katu lodi bat zen, ile motots urdin argi bat zuena lepoan, eta, dudarik gabe, etxe onekoa. Azal marratuko katu horrek bazkaldu eta berehala ibilalditxo bat egiteko ohitura zeukan, Marcovaldok bezalaxe: hortik adiskidetasuna sortu zen bien artean, pentsatzekoa denez.

        Bere katu lagunaren atzetik, bazterrak mitxinaren begi biribilen bidez begiratzen hasia zen Marcovaldo, eta bere lantegiko betiko inguruak ziren arren, beste argi batez ikusten zituen orain: katuen istorioen agertokiak ziren, atzapar arin eta bigunez bakarrik ibil daitezkeen bide batzuez lotuak. Nahiz eta kanpotik ikusita auzoan katu gutxi ibili, Marcovaldok egunero ezagutzen zuen bat edo beste bere ibilaldietan, eta aski zuen miau bat, ufako bat edo bizkar altxatu bateko ilaje laztua, haien arteko harreman, elkar hartze edo etsaitasunez konturatzeko. Une horietan, katuen gizartearen sekretuan sartua zegoela uste izaten zuen: eta orduan beginini luze batzuek miatzen zutela edo bibote tenteen antenak zelatan zituela sentitzen zuen; eta bere inguruko katu guztiak eserita egoten ziren, esfingeak bezain ilun, muturreko triangelu arrosa ezpainen triangelu beltzerantz bildurik; belarri ertza baino ez zitzaien mugitzen, erradarrena bezalako dardarizo batez. Pasabide estu baten hondoko zokoraino iritsi ziren, horma itsu mehe batzuen artetik: eta ingurura begiratuz, Marcovaldok ikusten zuen haraino gidatu zuten katu guztiak, bai eta bere laguna ere, alde eginda zeudela, nondik ez zekiela, denak elkarrekin, eta bera bakarrik utzirik. Haien erreinuak bazituen halako bazter, zeremonia eta usadio batzuk berari ezagutzen uzten ez zizkiotenak.

        Trukean, katuen hiriak bazituen gizon-emakumeen hiriarekin lotzen zuten halako ustekabeko zulo batzuk; eta egun batean, bere lagun katuak berak eraman zuen Biarritz Jatetxe handia ezagutzera.

        Biarritz Jatetxea ikusi nahi zuenak katu baten altuera hartu besterik ez zuen egin behar, hau da, lauoinean ibili. Katua eta gizona, bada, honela zebiltzan halako kupula baten inguruan, zeinen oinetara jotzen bait zuten azpiko leihatila errektangular batzuek. Katuaren irakaspenari jarraiki, Marcovaldok behera begiratu zuen. Sapai-leiho batzuk ziren, kristala irekita zutenak, eta areto dotoreari argia eta airea ematen zizkiotenak. Biolin zingaroen soinura, jira eta bira zebiltzan urrezko eper eta galeperrak, frakez jantzitako zerbitzariek guante zuriz estalitako hatzamarren gainean orekan zeramazkiten zilarrezko erratiluetan. Edo, zehazkiago esanda, eper eta faisaien gainean jira eta bira zebiltzan erratiluak, eta erratiluen gainean guante zuriak, eta zerbitzarien txarolezko zapaten gainean orekan jarririk, parket argitsua zegoen, eta honetatik zintzilik palmondo ñañoak, mantelak, kristaleriak, eta kanpaien antzerako kuboak, mingain moduan txanpain botilak zeuzkatenak: dena hankaz gora, zeren, ikusiko ote zuten beldurrez, burua leihatilatik sartu nahi ez, eta aretoa kristal makurrean alderantziz islatua begiratzera mugatzen bait zen.

        Baina aretoko leihatilak baino areago, sukaldeen gainean zeudenak ziren katuari interesatzen zitzaizkionak: aretoan begiratzean, urrutitik eta itxura aldaturik bezala ikusten zen, sukaldean —erabat argi eta atzaparren menean—, txori lumatu edo arrain fresko gisa azaltzen zena. Eta sukaldeen aldera, hain zuzen ere, gidatu nahi zuen katuak Marcovaldo, interesik gabeko adiskidetasunagatik, edo, gehienbat, gizonaren laguntza espero zuelako bere erasoetako baterako. Marcovaldok, aldiz, ez zuen areto gaineko bere begiratokitik alde egin nahi: batetik, liluraturik bezala zegoelako giro hartako luxuarekin, eta, bestetik, zerbaitek erakarri zuelako bere arreta. Hainbeste erakarri, gainera, non buruz behera begiratzen bait zuen gelditu gabe, ikusiko ote zuten beldurraz ahazturik.

        Areto erdian, leihatila haren pean hain zuzen, kristalezko arrain-ontzi txiki bat zegoen, akuario baten modukoa, eta barruan amuarrain sendo batzuk igerian. Bezero dotore bat hurbildu zen hara, beltzez jantzia, burua ilerik gabe eta argitsua zuena, eta bizarra beltza. Haren atzetik frakez jantzitako zerbitzari zahar bat zihoan, eskuan makil-sare bat hartuta, tximeletak harrapatzera zihoala zirudielarik. Beltzezko gizonak amuarrainei begiratu zien arretaz eta serio; gero esku bat altxatu eta haietako bat seinalatu zuen, keinu motel eta arranditsu batez. Zerbitzariak makil-sarea arrain-ontzian murgildu, aukeratutako amuarrainaren atzetik erabili, harrapatu eta sukaldera abiatu zen, bere aurrean lantza baten antzera eramanez makil-sarea, eta haren barruan arraina borrokan. Beltzezko gizona, heriotz zigorra ezarri duen epailea bezain kopetilun, esertzera joan zen, amuarrain frijitua noiz itzuliko zain.

        «Aurkitzen badiat hemendik amua bota eta amuarrain horietako batek amuari heltzeko modua —pentsatu zuen Marcovaldok— ezingo zidatek lapurreta leporatu, arrantzan baimenik gabe ibiltzea gehienez ere». Eta sukalde ingurutik dei egiten zioten miau haiei jaramonik egin gabe, bere arrantzarako tresnen bila joan zen. Biarritz-eko jendez beteriko aretoan inor ez zen konturatu hari luze mehe hura, amua eta beita ezarrita, behera eta behera jaitsi zela arrain-ontzian sartu arte. Beita, aldiz, arrainek bai ikusi zuten, eta berehala oldartu ziren hura harrapatzearren. Borroka hartan amuarrain batek lortu zuen harrari kosk egitea: eta berehala hasi zen gora eta gora; uretatik irten zen zilarrezko dizdirak jaurtiz, eta goraino egin zuen hegan, mahai eta zizka-mizketarako gurditxoen gainetik eta «crêpes Suzette»-etarako labetxoetako gar urdinaren gainetik; eta leihatilaren zulotik desagertu zen.

        Marcovaldok arrantzale adituaren indar eta bizkortasunaz bildu zuen kainaberako haria, arraina bere bizkarrean uzteko moduan. Amuarrainak lurra ikutu orduko, ordea, katua oldartu egin zitzaion. Geratzen zitzaion bizi apurra hor galdu zuen, katuaren hortzen artean. Marcovaldok, une hartan haria eskutik utzi eta arraina hartzera zihoalarik, muturren azpitik kentzen ziotela ikusi zuen, amu eta guzti kendu gainera. Bizkor, hanka bat jarri zuen kainabera gainean, baina katuak hainbesteko indarrez egin zuen tira non gizonari kainabera baino ez bait zitzaion geratu; katua, bitartean, ihesi atera zen, arraina eta arrainaren atzetik amu-haria eramanez. Katu deabrua! Bistatik galdu egin zen.

        Baina oraingo honetan ez zion ihes egingo: hortxe zegoen hari luzea, haren atzetik, katuak hartutako bidea salatzen zuena. Katua begien bistatik galduta ere, Marcovaldok hari muturrari jarraitzen zion: eta hor zihoan, horma baten gainetik, balkoi baten azpitik eta kotxe sarrera baten ate azpitik biribilkaturik, soto batean desagertu arte... Marcovaldok, gero eta gehiago katuen menekoak ziren lekuetara sartuz, teilatuetara igoz, barandetatik jaitsiz, beti lortzen zuen begiz harrapatzea lapurrak hartutako bidea adierazten zion arrasto mugikor hura —beharbada desagertu baino segundu bat lehenago—.

        Orain haria kale bateko espaloitik zihoan bidezkoen artean, egindako korapiloak askatzen, eta Marcovaldok, haren atzetik korrika, ia lortu zuen harrapatzea. Bere burua ahospez bota lurrera, eta han non heldu zuen! Hari muturrari heltzea lortu zuen ate-sare bateko burdin hagen artetik lerratu aurretik.

        Herdoilak erdi jandako ate-sare baten eta landare igokariz estalitako bi horma zatiren atzean, landu gabeko lorategi txiki bat zegoen, eta barrukaldean etxetxo bat, itxuraz abandonatua. Orbel izara batek estaltzen zuen bidezidorra; orbela nonahi agertzen zen bi platanoren adarpean, menditxo txikiak osatuz lore sailen gainean. Hosto geruza bat igerian ikusten zen urmael bateko ur berdearen azal gainean. Inguruan eraikuntza handi-handiak altxatzen ziren, eta etxetorreak, milaka leiho zeuzkatenak, begiak irudi, gaitzespen moduan zorrotz begiratzen zutenak bi zuhaitz, teila apur batzuk eta hosto horitu franko zeuzkan laukitxo hartara, bizirik jarraitzen bait zuen zirkulazio handiko auzo baten erdi-erdian.

        Eta lorategi horretan, kapitel eta baranda gainera igota, lore sailetako orbelean etzanda, zuhaitz enborretara edo teilatuko ur-hodietara aupatuta, lau hanken gainean geldi eta isatsa galdera ikurraren modura okertuta, muturrak garbitzeko eserita, tigre azaleko katuak, katu beltzak, katu zuriak, katu pinttoak, azal marratuko katuak, angorakoak, pertsiakoak, etxeko katuak eta katu abandonatuak, katu lurrintsuak eta katu ezkabitsuak zeuden. Marcovaldo konturatu zen katuen erreinuko bihotzera iritsia zela, haien ezkutuko uhartera. Eta zirrararen zirraraz ia ahaztua zeukan arraina.

        Arraina zuhaitz baten adarrean geratu zen haritik zintzilik, katuen eskumenetik kanpo; seguraski bere harrapatzailearen ahotik erori zen mugimendu traketsen batean, besteengandik defenditzean beharbada, edo aparteko harrapakin moduan den-denen agerian eramatean beharbada; haria nahaspilatuta zegoen eta Marcovaldok ez zuen askatzea lortzen, indarrez tira eta tira egin arren. Bitartean borroka bizia piztu zen katuen artean eskuratu ezinezko arrain hura harrapatzearren, hau da, hura harrapatzen saiatzeko eskubidea edukitzearren. Bakoitzak salto egitea galerazi nahi zien besteei: horrela, bata bestearen kontra oldartzen ziren, gatazkan hasten ziren airean, elkarri helduta zebiltzan zilipurdika, txistu, kexu, ufako eta miau ikaragarriak eginez, eta azkenik guda orokorra piztu zen, zartada hotsak eginez harrotzen zen orbel zirimola batean.

        Marcovaldok, hainbat aldiz alferrik tira egin eta gero, haria askatu zela sentitu zuen halako batean, baina ez zen ausartzen berriz tira egitera: amuarraina katu amorratuen nahaste-borraste horren erdira eroriko zen, hain zuzen ere.

        Une hartantxe, euri bitxi bat hasi zuen lorategiko hormen gainetik: arrain hezurrak, buruak, buztanak, bai eta zakatzak eta hesteak ere. Katuak berehala ahaztu ziren zintzilik geratutako amuarrainaz eta beste mokadu horietarantz oldartu ziren. Marcovaldorentzat huraxe zen haritik tira egin eta bere arraina berreskuratzeko aukera. Baina, mugitzen hasi baino lehenago ere, etxetxo hartako pertsiana batetik bi esku hori eta ihar irten dira: batak guraize batzuei heltzen die, besteak zartain bati. Guraizeak dauzkan eskua amuarrain gainean altxatu da, eta zartaina daukana azpian jarri. Guraizeek haria moztu eta amuarraina zartainera erori da; esku, guraize eta zartainak atzera egin, eta pertsiana itxi egin da: den-dena segundu batean. Marcovaldok ez du ezer ere ulertzen.

        — Katuzalea al zara zu ere?

        Bere atzean aditu zuen ahots batek buelta eman erazi zion. Andretxo batzuk zeuzkan inguruan, haietako batzuk zahar-zaharrak, buruan modatik pasatako sonbreruak zeramazkitenak; beste batzuk gaztetxoagoak, neskazahar itxurakoak; eta denek haragi edo arrain hondarrez beteriko paper kiribilduak zeramazkiten eskuan edo poltsan, eta haietako batzuek platertxoak, eta barruan esnea.

        — Lagunduko didazu pakete hau botatzen ate-saretik barrura, animaliatxo gaixo horientzat?

        Emakume katuzale guztiak ordu hartan biltzen ziren lorategi orbeltsuan beren babespekoei jana eramateko.

        — Baina, esaidazu; zergatik daude katu hauek guztiak hemen? —galdetu zuen Marcovaldok.

        — Nora nahi duzu joatea? Lorategitxo hau baino ez da geratu! Beste auzoetatik ere etortzen dira katuak hona, kilometroak eta kilometroak eginez...

        — Eta txoriak ere —sartu zen beste bat—, ehundaka eta ehundaka iritsi dira zuhaitz bakan hauetan bizitzera...

        — Eta igelak, denak daude urmael hartan, eta gauez kro-kro egiten dute etengabe... Zazpigarren pisutik ere entzuten da, inguruko etxeetan...

        — Baina norena da etxetxo hau? —galdetu zuen Marcovaldok.

        Orain, burnizko ate-sare aurrean andretxo horiek ez ezik, beste pertsona batzuk ere bazeuden: pareko gasolindegiko saltzailea, bulego bateko mutilak, postaria, barazki saltzailea eta oinezko batzuk. Eta denak, gizon eta emakume, bizkor ibili ziren beren erantzuna emateko: bakoitzak berea esan nahi zuen, mintzagaia misteriotsu eta eztabaidagarria den guztietan gertatzen den bezala.

        — Markesa batena da; hemen bizi da, baina inork ez du ikusten...

        — Milioiak eta milioiak eskeini omen dizkiote eraikuntz enpresek lur sail txiki honengatik, baina ez du saldu nahi...

        — Zer nahi duzue milioi horiekin egitea munduan bakarrik dagoen amona batek? Nahiago du etxea eduki, puskatan erortzen bada ere, inora joan baino lehen...

        — Hiriko erdialdean eraiki gabe dagoen orube bakarra da... Urteak pasa ahala gero eta gehiago balio du... Zera eskaini diote...

        — Eskaini bakarrik? Baita mehatxuak egin ere, ikaratu, haren atzetik ibili... Badakizue, enpresariak!

        — Eta berak gogor egiten die, gogor, aspaldi-aspalditik...

        — Santa bat da... Bera gabe, nora joango lirateke animaliatxo gaixo horiek?

        — Horri bost ajola animaliatxoak! Ikusi duzue inoiz atso zikoitz hori katuei jateko ezer ematen?

        — Baina zer nahi duzue ematea katuei, berarentzat ezer ez badu? Gainbehera egindako familia bateko azken senitartekoa omen da!

        — Gorroto die katuei! Guardasolaz jotzen ikusi dut nik!

        — Jardineko loreak zapaltzen zizkiotelako!

        — Baina ze lore eta lore-ondo! Jardin hau belarrak janda ikusi dut nik beti!

        Markesa andreari buruzko eritziak guztiz kontrajarriak zirela ohartu zen Marcovaldo: batzuen ustez aingeruen parekoa zen, besteen ustez zikoitza eta berekoia.

        — Eta beste horrenbeste txoriekin: sekulan ez die emango horrek ogi papur bat ere!

        — Etxean hartzen ditu, baina: gutxi iruditzen al zaizue?

        — Eltxoak hartzen dituela esan nahi duzu, ez? Denak etortzen dira hona, urmael honetara. Eta udan bizirik jaten gaituzte, dena markesa andrearen erruz!

        — Eta saguak? Sagu kabi bat da etxetxo hau! Orbel azpian dauzkate haien zuloak, eta gauez irten egiten dira...

        — Saguez katuak arduratzen dira, ordea!

        — Ai, zuen katu horiek! Haietaz fidatu behar badugu...

        — Zer ba? Zer duzu katuen kontra?

        Hemen eztabaida denen arteko sesioa izatera iritsi zen.

        — Agintariek eskua sartu beharko lukete hemen! Etxea bahitu beharko liokete! —oihu egiten zuen batek.

        — Ez dute eskubiderik! —zioen beste batek protestaka.

        — Gurea bezalako auzo moderno batean honelako sagu-zulo bat egotea ere...! Debekatuta egon behar luke...

        — Nik, ordea, zoko berde txiki hau ikusten delako erosi dut apartamentua...

        — Berdea? Baita zera ere! Pentsa zer nolako etxetorre ederra egin litekeen hemen!

        Marcovaldok ere esan nahiko zuen bere eritzia, baina ez zuen abagadunerik aurkitzen. Azkenik, arnas batean, hauxe bota zuen:

        — Markesa andreak amuarrain bat lapurtu dit!

        Ustekabeko notiziak argudio gehiago eman zizkien atsoaren etsaiei, baina haren aldekoek zoritxarreko andre goren hark nozitzen zuen pobrezia probatzeko erabili zuten. Batzuek eta besteek uste zuten Marcovaldok atea jo eta andreari kontuak eskatzera joan behar zuela.

        Ez zekiten ate-sarea giltzaz itxita ala irekita ote zegoen: nolanahi ere, bultz eginez gero irekitzen zen, penazko kirrinka bat eginez. Marcovaldok bidea ireki zuen hosto eta katu artean, ataurreko mailak igo eta indarrez jo zuen atean.

        Leiho batean —zartaina kanpora irten zen leiho berberean— pertsiana altxatu eta begi biribil bat, urdin iluna, zehaztu ezinezko kolore batez tindatutako adats bat eta esku ihar-ihar bat ikusi ziren.

        — Nor da? Nor ari da ate joka? —esan zuen ahots batek.

        Eta ahotsarekin batera olio frijitu usaina zekarren hodei bat iritsi zen.

        — Markesa andrea, amuarrainaren jabea naiz —azaldu zuen Marcovaldok—; Ez dut berori molestatu nahi, baina esan nahi nion berorri, beharbada ez daki eta, katuak neri lapurtu didala, amuarraina neuk harrapatu dudala; gainera, kainabera...

        — Katuak, beti katuak! —erantzun zuen markesak, pertsiana atzean ezkutaturik, ahots zorrotz eta zertxobait sudurretik atereaz—. Zoritxar guztiak katuengatik etortzen zaizkit! Inork ez daki zer den hau! Gau eta egun piztitzar horien preso! Eta jendeak, gainera, zikinkeriak botatzen dizkit horma gainetik, ni amorrutan jartzearren!

        — Baina, nere amuarraina...

        — Zure amuarraina! Zer dakit nik zure amuarrainaz? —esan zuen ahotsak ia oihuka, arrain frijitu usainarekin batera leihotik irteten zen zartagineko olioaren borborra isildu nahi balu bezala—. Nola nahi duzu nik ezer ulertzea etxera etortzen zaidan guztiarekin?

        — Bai, baina hartu al duzu ala ez nere amuarraina?

        — Katuek egiten dizkidaten kalte guztiekin! Ai ene, ikusi beharko litzateke hori! Nik ez dut ezeren ardurarik hartuko! Neuk esan beharko nuke zenbat galdu dudan, urteak dira-eta etxea leporaino betetzen didatela katu horiek! Beren menpe daukate nere bizitza guztia piztia horiek! Joan eta harrapa itzazu gero jabeak, ea ordaintzen dituzten kalteak! Kalteak?, ez, okerrago: bizitza osoa hondatu didate, preso eduki naute hemen, pausu bakar bat eman ezinik!

        — Baina, barkatu, nork behartzen du hemen geratzera?

        Pertsianako zirrikitutik, bai begi biribil eta urdin ilun bat, bai kanpora irtendako hortz pare bat zeukan aho bat ageri ziren; une batez aurpegi osoa ikusi ahal izan zen, eta Marcovaldori katu mutur antzeko zerbait zirudiela iruditu zitzaion.

        — Haiek naukate preso, haiek, katuek! Ai, ene!; hemendik alde egin ahalko banu! Zenbat emango nukeen pisu txiki bat edukitzearren, dena nerea, etxe moderno eta garbi batean! Baina ezin naiz irten... Atzetik ibiltzen zaizkit, oin artean jartzen, eta azkenean erori egiten naiz haiengatik!

        Ahotsa zurrumurru bilakatu zen, isilpeko bat kontatzeko bezala.

        — Lurra salduko ote dudan beldurrez daude... Ez didate uzten... Ez dute nahi... Enpresariak etortzen direnean kontratu bat proposatzera, ikusi beharko zenuke nola jartzen diren katuak! Erdian jarri, atzaparrak atera... Notario batek ihes egin behar izan zuen behin haiengatik! Behinola kontratua neukan, hementxe, eta izenpetzekotan nengoen; ba, leihotik sartu ziren denak batera, tintontzia irauli zuten, orri guztiak urratu...

        Marcovaldo orduaz, almazenaz eta kontramaisuaz gogoratu zen orduantxe. Orbeletik barrena urrundu zen, oin puntetan ibiliz, ahotsak pertsianako ohol artetik ateratzen jarraitzen zuelarik zartagineko olioaz egina zirudien hodei hartaz inguraturik:

        — Urratu bat ere egin zidaten behin... Zauri arrastoa daukat oraindik... Hemen nago, abandonaturik, deabru hauen menpe...

        Negua iritsi zen. Loratu balira bezala, elur maluta zuriz estalirik ageri ziren zuhaitzetako adarrak, zutabeetako kapitelak eta katuen isatsak. Elurpean, orbela desegin eta lokatz bihurtzen zen. Inguruetan ez zen katu askorik ikusten, are gutxiago emakume katuzalerik; arrain hezurrak, etxera joaten ziren katuei bakarrik ematen zizkien jendeak. Aspalditxotik inork ez zuen ikusi markesa andrea. Kea ez zen jadanik irteten etxeko tximiniatik.

        Elurra bota zuen egun batean, katu piloa itzuli zen lorategira, udaberria balitz bezala, eta miauka ari ziren denak, ilargiak argitzen duenean bezala. Auzokoak konturatu egin ziren zerbait gertatu zela: markesa andrearen atean jo zuten. Ez zuen erantzun: hilda zegoen.

        Udaberrian, eraikuntza enpresa batek obrak hasi zituen lorategian. Eskabadorak sakon-sakoneraino iritsi ziren zimenduei lekua egiteko; porlana burnizko armaduretara erortzen zen; garabi luze-luze batek habeak inguratzen zizkien aldamioak eraikitzen zituzten langileei. Baina nola moldatzen ziren lan egiteko? Katuak paseiatzen ibiltzen ziren aldamio guztietatik, adreiluak eta mortero baldeak botatzen zituzten, borrokan hasten ziren hondar piloetan. Habe egitura bat jasotzerakoan, han aurkituko zen beti katu bat haren gainera igota, amorruz bufaka. Beste katu maltzurrago batzuk, aldiz, igeltseroen bizkarrera igotzen ziren ron-ron egin nahian, itxuraz, eta ez zegoen gainetik kentzeko modurik. Eta txoriek burnizko dorreetan habia egiten jarraitzen zuten; garabiko kabinak txoritegia ematen zuen... Eta ezin zen baldekada bete urik hartu, kro-kro egin eta saltoka hasten ziren igelez beteta aurkitu gabe.

 

        [1] Toskanoa (it. toscano), Italian eginiko puru mota bat da, tabako gogor samarrekoa, erditik moztuta erre ohi dena.

 

Marcovaldo edo Urtaroak Hirian, Ibaizabal, 1992

 

 

© Italo Calvino

© itzulpenarena: Koldo Biguri

 

 

    "Italo Calvino" orrialde nagusia  


www.susa-literatura.eus