iTALO CALViNO (1923-1985)

 

        Laurogei urte beteko zituzkeen urriaren 15ean Italo Calvinok, idazle italiarrak. Ipuin eta narrazio laburrengatik ezaguna, hil zen urtean, 1985ean ekarri genuen lehenbizikotz euskarara. Josu Zabaletak idatzi zuen artikulu bat Senez aldizkariaren bigarren zenbakian (irailaren 19an hil zen Calvino), autore italiarraren heriotza zela-eta haren berri laburra emanez. Bere lanik euskaratu gabeak ginela gaztigatzen zuen Zabaletak.

        Ez zuen luzaro zain egon behar izan. Motzean bada ere, 1985eko azaroan bere bi lantxo euskaraz irakurri ahal izan genituen, noski literatur aldizkarien bitartez (Literatur Aldizkarien Gordailuan irakur daitezke). Korrok aldizkariaren 8.zenbakian Talde Bulliziosoak Marcovaldo edo Urtaroak Hirian liburuko 3. kontakizuna, Udal usakumea, euskaratu zuen. Eta hil berean, Literatur Gazetako 3. zenbakian Felipe Juaristik Una pietra sopra liburuko artikulu bat euskaratu eta karrikaratu zuen.

        Bere liburu bat, euskaraz, 1989an publikatu zen. Elkar argitaletxeak Bizkonde Erdibitua kaleratu zuen, Iñaki Ugarteburuk euskaratua. Eta urte bereko Egan aldizkarian Itzultzaile Eskolako ikasleek euskaratutako Zozoaren ziztua narrazioa kaleratu zen (Palomar liburukoa).

        Azken itzulpen-lana 1992koa da, Literatura Unibertsala bilduman Marcovaldo edo Urtaroak Hirian kaleratu baitzuen Ibaizabal argitaletxeak, Koldo Bigurik euskaratua.

        Aldizkarietan kaleraturiko lanak eskaintzen dizkizuegu hemen, eta Bizkonde Erdibitua liburuaren lehen kapitulua, eta Marcovaldo edo Urtaroak Hirian liburuko 19.a, Katu temosoen lorategia izenekoa. Erantsi dugu, azkenik, Italo Calvinori buruz liburuan Koldo Bigurik egindako sarrera.

 

 

    "Italo Calvino" orrialde nagusia  


www.susa-literatura.eus