Apirillaren lagun elkarra,

saroi berdeko alaitasuna,

Ama Venus'en asnase biguñ,

            aize laguna.

 

Zuk badakizu zenbateraño

arkitzen naizen penaz beterik,

zeren ez nazun entzun izandu

            kejak besterik.

 

Eraman izan dituzu iñoiz

neriak zenbait adi ta negar,

mendirik mendi, saroirik saroi,

            ibarrik ibar.

 

Zuaz ta esan zaiozu nere

anyerusari, noizbait bezela

ez baldiñ banau berriz maitatzen,

            ilko naizela.

 

Nere miñaren berri lenago

jakiten zuben; eta ni miñez

negon guziyan, bera egoten zan

            negar egiñez.

 

Zori obeko beste denboraz

maite ninduben eziñ geiago;

beste denboraz... bañan, ai!, orain

            aserre dago.

 

Zuaz aguro, zuaz korrika,

zuaz lasterka, egan juan zaite,

eta esaiozu ilko naizela

            ez banau maite.

 

Ala jaungoiko diran guziyak

amoriyua dezaizutela,

ala zerubak zure zori ona

            nai dezatela.

 

Eta zuk egan ibillitzeko

zein denboretan dezun atsegiñ,

ez dezatela sekulan elur

            osto bat egiñ.

 

Aiñ gutxiyago ditzala iñoiz

oroi beltzaren kaskarabarrak

eritu zure lore ostozko

            ego ñabarrak.

 

 

 


Bilintx-en bertso guztiak

 


www.susa-literatura.eus