Neskatxa bati mutill batek jarriak
1 Goguan izango det bai gaurko eguna, berriro biyok alkar ikusi deguna; auxen da ditxa eta auxen da fortuna, zergatikan zu zeran, maitetxo kutuna, nere asnasia ta nere osasuna.
2 Egiyazko amoriyoz nai dizutalako, zugatik pasatzen det naibagia franko; oraiñ au poza bistan zaukazkitalako! Aspaldiyan ikusi ez ziñdutalako, ura bildurra nekan miñ zenubelako!
3 Nere biyotzak o zer poza duben artu! Onen golpiak eziñ ditut aguantatu; bere lekutik dabill nayian faltatu, kanpora irten ez dediñ biar det kalkatu, gaxuak zuregana, nai luke saltatu!
4 Au nere zoramena zutzat gustatuta, bildur naiz gera nadiñ burutik galduta; ainbesteraño nago enamoratuta, nai badezu, oñetan belaunikatuta, adoratuko zaitut, agindu zazu-ta.
5 Zer ote da graziyan norbait erortzia! Zu zerala meriyo ai au erotzia! Frankotan gertatu zait gogora etortzia kanpan-torrian gora korrika iyotzia ta zure alabantzan kanpanak jotzia.
6 Nik eziñ xinistu det zuk esan dezula nere amoriyua dudan dakazula; arren, orlakorikan pentsa ez zazula, eta nai det seguru jakiñ dezazula beti bezela zure mende nakazula.
7 Fiñ nabillen edo ez ez zaudezen dudan, ara zer juramentu egingo dizuran aiñ amoriyo aundiz nola zu zaituran, maitatzen baldiñ badet besterik sekulan, ez dezatala izan parterik zeruban.
8 Zure graziyetara oso zoratuba, biyotza sentitzen det enamoratuba; ni bizi naizen arte, baratz loratuba, dizdizara klarozko izar doratuba, ez zaizu faltatuko nork adoratuba!
9 Ala dirurizu ta zaukazkit loretzat, baratzakuak baño oraindik obetzat. Norentzako zera zu, loria, norentzat? Ez zenuke izan biar beste norentzat, baizikan biyotzetik nai dizun onentzat!
10 Lengo egun batian, ai, San Antoniyo! doi-doi egiñ zeniran kalian ariyo; badakit, sobra dakit zer dala meriyo errezibitzen nazun orlako seriyo zuk asko merezi ta nik gutxi baliyo!
11 Aguro ezkontzeko dakat animua, bakarrik aspertu naiz, biat arrimua; obran zurekiñ jarri nai nuke asmua, bara, zumo gozodun marrubi umua, zu nere miñarentzat zera balsamua.
12 Aditzera detanez, dama begi alai, zure ondoren dabill makiña bat galai; bañan aietakorik ez omen dezu nai; bara ni nai banazu izan zuk senargai, konformatzen al zeran esan ez edo bai.
13 Bañan ikusten zaitut erantzun nai ezik, baietzik esan gabe, ain gutxi ezetzik; orla gelditutzia egin bage itzik, ezin pentsa nezake dala beste gauzik, senartzako artu nai ez nazula baizik.
14 Senartzat nai al nazun egon naiz galdez ta, ez nazu baietz esan, ezetz ere ez-ta; ori zuk ez dirazu nai esan itzez ta, beste modu batera baliya zaitez ta, igual da ematia kartaz errespuesta.
15 Baldiñ ez banaitzazu sartutzen gogora, ez det asko pasako erriyan denbora paraje abetatik juango naiz iñora, egun gutxiren barrun betiko kanpora, Buenos Aires'a edo Montevideo'ra.
16 Au nik diyot: Ez dakit zer esaten ziyon errespuestan, baña nola mutilla Donostiya'n ez dan, falta zan egunetik pasa diranetan, onezkero sartu da, nere kontubetan, Montevideo'n edo Buenos Aires'etan. |