Biyotz erituba
1 Askok diyote kantetan beti amore-kontu naizela, nik esaten det arriturikan motibo gabe daudela. Zer egin biat baldin zerubak doaitu banau orrela? Ez dute ikusten usaia mendak bere jatorrez dubela? Nere biyotzak amoriyua mendak usaia bezela.
2 Triste bizi naiz eta illko banitz obe, badauzkat biyotzian zenbait atsekabe; dama bat maitatzen det bañan... aren jabe sekulan izateko esperantza gabe.
3 Nere biyotz gaxua penatuba dago, eziñ egon liteke, ai!, penatubago; pasatzen ditutala aspaldiyan nago egunak triste eta gabak tristiago.
4 Amorez erituba zenbait denbora ontan, gaurik ez det pasatzen soseguzko lotan; penaren kargarekiñ urtuta, frankotan kanpora irteten zait biyotza malkotan!
5 Auxen da miña laister ill biar naubena, kupitutzen ez bada senda lezakena; aiñ arkitutzen zaizkit sartubak barrena animan tristura ta biyotzian pena.
6 Biyotza eziñ jaso det, au karga barrenak! Iya gastatu zaizkit indarrik geienak; ez luke xinistuko progatu ez dubenak, zenbat pisatzen duben egiyazko penak.
7 Anima tristurakiñ aiñ dakat negarti, nun egiñ al dezaken arriya bi parti; adorantzak ematen belauniko beti! biyotzian daukatan imajiña bati.
8 Zeiñ ote dan eziñik kontura erori, kutiziya jaioko zaiote askori; nik ordian ez diyot esango iñori, berak badaki eta bastante det ori.
9 Nere maitatuba da guztiz dama fiña, biyotz onekua ta ondo itzegiña; bentaja guztiyakiñ zerubak egiña, munduba pasatzeko lagun atsegiña.
10 Zertako desiatu ditu gauza on oiek nere biyotz koidatu gixaraxua onek? Kulparen kastigutzat datozkit pena obek, merezi dituala badakit neronek.
11 Aingeru zoragarri, mirabe laztana, pentsamentu nerian beti zauzkatana; biyotzaren erditik maite zaitutana, zu zera neretzako nai zinduzketana.
12 Nere amoriyua aiñ fiña izanik, beti goguan zauzkat aztu gabetanik; ez da mundu guztiyan iñor kapaz danik, dama, zu maitatzeko ainbeste nola nik.
13 Begiyaren aurrian beti nai zinduzket, ikusten ez bazaitut naibagia maiz det; gogoratu bageko minuturik ez det, amoriyoz maitatzen ez daki nik bestek.
14 Etzaitut ikusitzen desio ainbeste, ditxa ori logratzen det iñoiz edo beste; eta ez detanian logratzia uste, ura triste ibiltzen naiz! Jesus, ura triste!
15 Eziñ bizi zu gabe, au amoriyua! Logratzen ez bazaitut, zer martiriyua! Ez badezu desio nere eriyua, zuregan arkitzen da erremeriyua.
16 Erregututzen dizut, o Jesusen Ama, nitaz kupi derilla maite detan dama; biurtzen badirazu biyotzera kalma, kantaz banatuko det milagruen fama. |