Izazu nitzaz kupira
1 Loriak udan intza bezela maite det dama gazte bat, ari ainbeste nai diyotanik ez da munduban beste bat; iñoiz edo bein pasatzen badet ikusi gabe aste bat, biyotz guztira banatutzen zait alako gauza triste bat.
2 Neskatxa gazte pare gabia, Apirilleko arrosa, izarra beziñ dizdizariya, txoriya beziñ airosa; oraintxen baño gusto geiago nik eziñ nezake goza: zori onian ikusten zaitut, nere biyotzak au poza!
3 Ez al dirazu antzik ematen nik zaitutala naiago, ai, mariñelak gau illunian izarra baño geiago? Nere onduan zauzkatalako pozez zoraturik nago, zu ikustiak alegratu nau, triste neguen lenago.
4 Nik ainbat iñork nai dizunikan arren ez zazula uste, nere begiyak beren aurrian beti desio zaituzte; eguzkirikan ikusi gabe txoriya egoten da triste, ni ez nau ezerk alegratutzen zu ikustiak ainbeste.
5 Arpegi fiña, gorputza berriz ez dago zer esanikan, izketan ere grazi ederra, ezer ez dezu txarrikan; mundu guztira miratuta're zu bezelako damikan agiyan izan liteke baño ez det sinisten danikan.
6 Nere betiko pentsamentuba, nere konsolagarriya, zu gabetanik ezin bizi naiz, esaten dizut egiya; zu baziñake arbola eta ni baldin banitz txoriya, nik zu ziñaken arbol artantxen egingo nuke kabiya.
7 Amoriyuak nere biyotza zureganuntza darama, erri guztiyan zeren dakazun neskatx bikañaren fama beste fortunik mundu onetan ez det desiatzen, dama: aur batek berak izan gaitzala ni aita eta zu ama.
8 Falta dubenak logratutzeko itz egitia txit on du, eta nik ere saiatu biat ote gintezken konpondu; gaur nagon bezin atrebituba sekulan ez naiz egondu, argatik golpez galdetzen dizut nerekin naizun ezkondu.
9 «Ezkondutziak izan biar du preziso gauza txarren bat!» Ala esaten ari zait beti nere konsejatzalle bat; alaxen ere aren esanak oso utzirik alde bat, ongi pozikan artuko nuke zu bezelako andre bat.
10 Zerorrek ere ongi dakizu aspaldi ontan nagola zuregatikan penak sufritzen, bañan ordia au nola! Alaxen ere nigana eziñ bigundu zaitut iñola, ni zuretzako argizaia naiz, zu neretzako marmola!
11 Nere biyotza urtzen dijua eta ez da misteriyo penaren kargak estutu eta zumua kendutzen diyo; begiyak dauzkat gau eta egun egiñikan bi erriyo, beti negarra dariyotela zu zerarela meriyo.
12 Zu zeralako meriyo baldiñ juaten banaiz lur azpira, gero damuba eta malkuak alperrik izango dira; beiñ juan ezkero oien birtutez berriz ez niteke jira, ori gertatu baño lenago izazu nitzaz kupira! |