Dama ta galaia
1 Galaiak: Dezu gorputz egokiya, polita txit arpegiya eta ederra begiya zure begiya agitz argiya da guztiyetan aurrena; bestiak dira urrena, ori da-ta ederrena, diruri eperrarena.
2 Ez det, dama begi eder, desiatzen beste ezer, bañan bai... esango det zer legezko birez, faltsiyakiñ ez, zu neretzako logratu; nik orla naia obratu txantxa dala ez pentsatu, zutzaz naiz enamoratu.
3 Konformatutzen bazera, laster ezkonduko gera, ez galdu orlako era; biyok munduban bizi-moduban artutzen badegu parte, asnasiak iraun arte, jakiñian gera zaite, nik izango zaitut maite.
4 Millaka ditut ardiyak, larogei ta lau ariyak, mardulak eta guriyak; zezen eta bei berreun ta ogei, sei eun eta bost iriyak; baitare soro aundiyak, belar ugariz jantziyak, mantendutzeko guziyak.
5 Nik ori guztiya daukat ez balitz bezela deus bat, badet-eta beste gauz bat giltzaz azpiyan leku itxiyan dakat montuan billbilla urrezko zenbait kurpilla; uraxen bai dala pilla ontzako utsak lau milla.
6 Dauzkatanaren giltzaz be zu egiñgo zaitut jabe, bazeudeke duda gabe: bara, begira, izango dira, orra eman notiziyak, zure kontura utziyak, dituzu-ta mereziyak, etxeko giltza guziyak.
7 Zer ongi biziko zeran, nai dezuna jan ta eran, guztiya zure aukeran; jazteko ere zuk ez batere gastubari begiratu; dendik onenetan sartu, gayik ederrenak artu eta soñak enkargatu.
8 Alaja-zale bazera, juango gera esatera alajategi batera: erakusteko, zuk ikusteko, dakaten alajeriya; naiz bada're gariztiya, izango da erosiya gustatzen zaizun guziya.
9 Zu serbitzeko nik ontan, gauz oiek errira ontan ez daude denda iñontan; ta erostera erri bestera egiñgo degu, bai, jira; nai badezu Donosti'ra edo bestela Frantzi'ra, ango zuk naizun errira.
10 Esaten dizkitzutanak, dira-ta ziñez esanak, kunplituko ditut danak; fiyatu zaite, nik zaitut maite, eta jakiñ zazu ezik zugatik ez dala kasik egiñgo ez nuken gauzik gusto aundira ta pozik.
11 Zutzaz enamoratuba, nago kasikan artuba illaren erretratuba; miñik txarrena dakat barrena, animaraño sartuba; au legoke sendatuba, gauza bat desiatuba nik baneka logratuba.
12 Sendako litzaiket miña, bestela senda eziña, zu neretzako baziña; azken ortara ni nua bara, guztiz intentziyo onez, eziñ liteke-ta obez, arren esazu faborez neretzat zeran edo ez!
13 Damak: Dirazu naitasun fiña, gozua ta atsegiña obiagorik eziña; jakiñ naizuna da erantzuna esatiakiñ onela alaxen banitz bezela, zierto egon zaitezela zuria izango naizela.
14 Au nik diyot: Ara gauzak nola diran egun artatik segiran biyak alkarrenak ziran; ordu ezkero, au zan espero, kunplitu-ta berak naia ongi daudela da baia, pasiaz bizi alaia, gure dama ta galaia.
15 Egiya nik esateko, ez zebilltzan ezkontzeko geldi-geldi egoteko galaiak obra, seguru sobra, aurreratuba darama; egiñ dirala da fama bat aita, bestia ama, gure galaia ta dama. |