Juramentuba
1 Begi urdiñak dituzu eta arpegi zuri-gerriya, nere biyotzak maite zaituben aingeru zoragarriya; zumia beziñ biguña eta mia da zure gerriya, estutu bage artu liteke bi eskubakin neurriya.
2 Lengo batian, izar berriya, ongi fortuna nerian, maite ninduzun galdetu eta baietz erantzun zeniran; pozakiñ iya zoraturikan, aditu eta segiran, beso eskuia estutu nuben zure gerriyaren jiran.
3 Neri begira gelditu ziñan buruba triste etzanaz, ni ere zuri begira negon «Maite neria!» esanaz; luzaro ala egondu ginan suspiriyuak emanaz, biyok elkarren begiyetatik amoriyua eranaz.
4 Ongi penakin askaturikan zure gerritik besua, ez zait aztuko nola esan nizun «Nere maitetxo gozua! Zorionaren ekartzallia, izar amoriosua, zu adoratzen igaroko det nere bizitza osua!
5 Maite nazula len esan dezu, berriz esan zazu arren! Ez naiz entzutez gogobeteko milla bider esan arren; nun ta zerubak erabakiya beste moduz ez dakarren, denbora gutxi barrun gu biyok izango gera elkarren.»
6 Imajiña bat zillarrezkua kordoi batekin lotuba begiz aurrian jarri zeniran kolkotik ateratuba, zeñetan zegon gurutzeturik Jaunaren Seme santuba «Onen aurrian esan zeniran egizu juramentuba!»
7 Faltsiyarikan ez zeguela nere biyotz xamurrian, proga emango nizun eguna arkitzen zala urrian, begiratuba imajiñan ta belaun eskuia lurrian, juramentuba eskeñi nizun Jaungoikoaren aurrian.
8 Fintasunakiñ kunplituko det, ez da zer egon zalantzez, denborarikan igaro gabe gogo txarrezko balantzez; erakutsitzen baldin badizut faltsiyarikan mudantzez, nere biyotza bete dezala damutasunak arantzez.
[1862] |