Pozez ta bildurrak
1 Dama gazte polit bat bada Donostiya'n, berdiñik ez dubena zeruban azpiyan; biyotza mugitzen zait modu txit eztiyan, nere pensamentura datorren guztiyan.
2 Graziyazko aingeru adoragarriya, Jaunaren ondotikan egan etorriya, zerubak egintako milagro berriya, gloriyaz bete dezan Donosti'ko erriya!
3 Arpegiya zeñek du arrek bezin fiña? Eta zeñek gorputza aiñ ongi egiña? Ibilleran ere da guztizko ariña, euskerak ez du itzik famatzeko diña!
4 Naiz plazara juan bedi, naiz juan iturrira, nork ez du arreta jartzen aren ibillira? Bat bañan geiago're gelditutzen dira, ezkutatzen dan arte berari begira.
5 Bere jatorrez duben patxara fiñian, biria pasatzen du pauso ariñian; lurrik ez du zanpatzen txoriyak añian, txutik juango litzake uraren gañian.
6 Orrenbeste graziya dituben meriyo, arentzako gordia zenbat amoriyo biyotzian dakatan nork kontatu diyo? Kalian ikusita esan dit ariyo!
7 Berriz ikusitzeko egingo det modu, juango diran baño len ogei ta lau ordu; ariyo esaten badit laister entzungo du «Nere arratseroko ametsa, zer modu?»
8 «Ongi nai ta eziñ izan» esango dit anbat; nik erantzungo diyot «Noski besteren bat izango da, sufritzen dubena zuk ainbat...» «Zein da, bada, esazu!» «Zu nai zinduzken bat!»
9 «Burlaz esaten dezu! Nork naiko nau ni? Nork? Aberatsa ez danik ez du maite iñork.» Baña nik ordubantxen erantzungo diyot: «Zoragarriya, naizu maita gaiten biyok?»
10 Baietz esaten baldiñ badit erdi farrez, erotu egingo naiz pozaren indarrez; ezetz entzuten badet nere suerte txarrez, itz orrek utziko nau betiko negarrez!
[1862] |