Kontzezirentzat
1 Kantatutzera indar aundiko desio batek narama, Kontzezi, zuri nai dizut eman mereziya dezun fama; gure probintzi Gipuzkoa'kuan igualik gabeko dama, berinkatuba izan derilla zu egin zinduben ama.
2 Zedorrek uste etzenubela egon nitzaizun begira, lenbizikuan oñetara ta urrena berriz gerrira; oñak dituzu txiki politak, gustagarriyak txit dira, gerriyan berriz eman litzazke kana bat zintak bi jira.
3 Andik urrena ipiñi nizun erreparua petxura, ordubantxen bai eman nizula aingeru baten itxura; Jainkoak berak deitu izan balit iyo nerilla zerura, zure ondotik ara juan biarrak emango ziran tristura.
4 Ondoren jarri nitzan denboran begiratubaz lepora, biyotzak salto egiten ziran irten nayian kanpora; irten ta zuzen, badakit zierto, juango zan zure kolkora, nik jakitera nai zenubela utziko niyon gustora.
5 Atentziyua begiyetara paratu nizun segiran, ez dakit zierto begiyak ero eguzki berri bi ziran; ondo ikusi ez nizkitzun ta nola esango det zer diran? Begiratutzen nizun guziyan bista kendutzen zeniran.
6 Ille beltz eder dizdizariya oparo dezu buruban, konparatzeko baliyo duben sedarik ez da munduban; trentzak egiñik zenekan dana erregiñ baten moduban, diamantezko koro eder bat falta zitzaizun orduban.
7 Ointxo politak, gerriya mia, graziya milla petxuban, lepo biribill diruriyena egin berriya tornuban; pare gabeko begi argiyak, ille ederra buruban, zu baño aingeru politagorik ez da izango zeruban.
8 Beti ariko naiz Jaunari eskaka ondo izan zaitezela, etzazula uste nere biziyan zutzaz aztuko naizela; eskumuñak maiz bigal nazkitzu orain artian bezela, ainbeste egin biar dirazu, penaz ilko naiz bestela.
[1857] |