Aurkibidea


 

Luzeak ziren igande arratsaldeak Carrusel Deportivoren sintoniarekin bukatzen zirenak, kiniela korrejitzearena egin behar izaten baitzuen gero. Pare bat buelta Avenidan, buelta infruktuosoak gehienetan, berriz ere metamorfosia derriorrezkoa eginez Donostiako giro txotxoloan sartzeko. Haragia ahula baita eta ez zegoen euskaraz ligatzerik, Donostia ez zen orduan egun den Gipuzkoako estudiante euskaldunen hiriburua eta nabari zen kaleetan behintzat oraindik gaur euskaldungo horren eragina kale giroaz aparte gehiegi, senti arazten ez bada ere.

        Lehenbiziko arratsalde hura berriz luzea izan zen. Organizazioak agindurikako kontaktoa betetzen genuen, ordungo Zeruko Argia —oraingoa bezain txarra eta oraingoan nagoelako ausartzen naiz konparaketa egiten— besazpian ezaugarritzat.

        — Zu donostiarra ahal zara.

        Ez zegoen agindu bezala «zu andoaindarra ahal zara» esan beharrik. Hala ere esan, esate aldera, edo militante berriak behar duen obedientzia gordeaz.

        — Zu andoindarra ahal zara.

        Hor bukatzen zen gu eta beste guztien klandestinitatea. Handik bi egunetara adiskide ziren arrebak, alboko telefonoan —poliziarena berau— uzten ziren enkarguak, elkarren etxeetan egiten genituen afariak eta gaupasak.

        Arratsalde luzea izan zela diot, neretzat behintzat gauza asko bertan hasi zirenez. Kuriosoa bizitzaren kakoa momentu eta espazio konkretu batetan ezarri ahal izatea. Arratsalde luze hartan Elkano kaletik Paseo berrira ezarri ahal izan dut mila aldiz neurea.

        Han jaio zen batez ere adiskidetasun bat. Norberarengandik oso desberdina den norbaitekin izan ohi diren adiskidetasun arraro hoietakoa. Gabrielekin izango nuen denbora gutxira beste adiskidetasun ezlojiko baten esperientzia.

        Hain zuzen ere, mahain borobil gabeko beste maiatza batetan joan zen Gabriel larrosa gorriak aldian zituela Andoaina. «Oso triste zegoen hilobia» esan zidan. Ortodoxoa bai zen Gabriel sentimenduak azaltzerakoan. Harrizko Herri Hau dedikatu zion gero, parte bat, adiskidetasunez, eta beste bat neri, esan zidanez, lanerako bidean jarriko ninduen esperantzetan.

        (Superbibiente sentitzen naiz eta sentimendu horrek mila urte botatzen dizkit gainean).

        Badaezpada ere, batez ere porsiakaso lana egiten zen denbora haietan. Porsiakasorekin lanerako nahiko ahalmen izan duten heroeak, segurantzarekin erraz baita lan egitea. Orain lumaren profesionalak izatera heldu garen egun hauetan bizirik balira non egon zitezkeen jolas politiko ideolojikora egin dio norbaitek. Proiekzio eta konparaketa egokiagoak egiteko momentua izan zitekeen: Arestik bulego-lan orduetan izkutuan poemak garbira pasatzen zituen eta Rikardoren amateurismo periodistikoaren garai haietatik gaurkoetarako bidean batzuk profesionalizatzearen izenean, pragmatismoarenean besteak, denak herriaren izenean, euskal militantismo ilusioa galtzearen galera eta irabazien kontuak ateratzearena.

(RAMON)

 


 

Luzea izan zen arratsalde hura. Galtza motzetan genbiltzan, eta anaia zaharrak erdi bortxaz eraman gintuen Rikardo Arregi izeneko mutil gazte, gerora aurpegi noble eta jatorrekoa irudituko zitzaigun haren hitzaldia entzutera. Parrokiko azpietan zen, apaizak oraindik ez baitziren konturatu bertan infiltratua zuten marxisteriaz. Galtza motzetan eta aitari norbaitek erregalatutako Agenda de Mares y Señales Marítimas batekin, aulki plegableen seigarren hileran.

        Ikarak hartu gintuen Rikardo Arregik geurea ez genuen hizkuntza batetan aritzeko eskatu ziotela bota zuenean, eta guardiazibilak ate joka noiz etorriko pixaleak pasa genuen ordu erdi osoa. Ate joka ez, tiroka igual, eta gainera kuartelilloetan gauza ikaragarriak gertatzen ziren gauetan.

        Erdi neurotikoak bihurtuko gintuzten izualdi haietako batetan erre genuen aitari ohostutako Agendan apuntatu genuen hitzaldia. Haietako batetan erre genuen Rikardo Arregik Urtaini buruz Z.A.n idatzitako artikuluari egin genion itzulpena, Lassalleko praile demokratak «geure jendeaurreko mintzagaitasuna» lantzearren eskaintzen zigun minutu parean irakurtzeko. Praile demokratak «radikalegia» zela esan zigun, baina grazia ere egin zion. Zazpi eta erdi jarri zigun bi aldiz «esto...» esan genuelako. Ikaskideek ez zuten deus ulertu.

(KOLDO)

 


 

B.O.G.A. sortu da

 

Egia esan, ez da sortu, lortzeko dago, edo zuen laguntza behar du sortuko bada. Alegia, zuek, eta zeuek bakarrik nahi baduzue sortuko dela B.O.G.A.

        Zer da B.O.G.A.? Abertzale guztiok behar dugun alderdia. Batasun zaleon plataforma antsiatua. Anarko jatorrismoan piska bat etsi eginda genbilenon erakundea. Hitz batetan esanda, B.O.G.A. da euskal iraultza burutu ahal izateko tresna egoki bakarra.

        B.O.G.A. aspaldi honetan bueltakoa generabilen asmo zaharra da. Euskal alderdi guztien okerbidea eta itsukeria ikusirik, euskal partidu bakar eta iraultzaile batetarako oinharriak prestatzea erabaki genuen. Ideia behar bezala eztabaidatu, ondu, mamitu eta mumotu ondoren, kontakto eta harremanetan hasi ginen eta ados ez zeudenak ere oso interesgarritzat jo zuten ideia. Betiko rekalzitrante hauek, bestalde oso ongi portatu zaizkigu, ez baitute inolako berririk jakin erazi, EGINekoek era guztietako argudio eta katramila erabili badituzte ere, profesional zintzoari dagokionez. B.O.G.A. sekretupean aritu da gaur arte.

        Zer esan nahi du B.O.G.A.k? Bueno, hori oraindik erabaki gabe daukagu, eta zeuek egokien bezala aukeratzen duzuen aukeratzen duzuen posibilitatea hartuko dugu, edo zeuei iruditzen zaizuen beste edozein (izena aldatzea ez, asko kostatu zitzaigun bilatzea, eta oso polita baita):

        BOGA... Bermion (H) Orditutako Gazteria Alferra

        BOGA... Bi Ordutan Galdutako Azolioa

        BOGA... Berriro Orgasmoan Gora Abiatuz

        BOGA... Bizikleta Oraindik Garajean Aberiatua

        BOGA... Batzutan Ondo Gabiltzala Ardotan

        BOGA... Bihotzetik Oso Grabetu Arte

        Bidal iezazkiguzue arren eta arren zeuen proposamenak. Zergatik aurre-hautatu dugun BOGA? Ba oso xinplea da: Kualitate guztiak dituelako. Aurrerantz egiteko hitz egokia delako, denok batera egin behar duguna suposatzen duelako, eta txit egokia beraz mitinetan kantatzeko, PNVkoak ere «Euzko Gudariak» abesten hasi zaizkigun momento hauetan batez ere. Baita ere, Elizamaren ontziaren gisa, traineruaren irudia dakarkigulako gogora, eta urrutirako bidaia suposatzen duelako.

        BOGAko talde sortzaile eta eragilea bi soziok osatzen dute, ohorezkoak, bitalizioak eta beti ere azken hitza izango dutenak. Postuak banatuta daude.

Komite Ejekutiboaren erabakiek bi militante zaharrenen oneritzia beharko dute. Militanteok aukeratuta daude.

        Estatutoak aldatzeko baimena 1. eta 2. kcarnetadun sozioek emango dute. Karnetok badituzte jabeak.

        BOGAko Komite Ejekutiboaren lehen erabakia Atzerriko Gobernu Berria (A.G.O.B.) sortzea izan da. Gobernu honek Europako leku klandestino batetan du bere egoitza, eta iraultzailea deklaratzen du bere burua. Bi ministeritza hasiko dira lanean berehala: Errepresio Ministeritza eta Edifizio Indeseableak Dinamitatzeko Ministeritza berezia. Hauetako karteradunak ere izendatuta daude.

        BOGAk, ezker abertzale osoan ageri den sakabanatze dorpea ikusirik, bere lehen kongresoa proklamatzen du. Zeuek esan noiz eta non. Gu hantxe joango gara, eta geure lanaren berri emango dizuegu kunplituki. Ordura arte.

        Boga Boga!

 


 

Monzon aspaldian agintzen ari zena gertatu Madrilen: euskaldunoi berriro hestu datorkigun konstituzioa ari direla montatzen. Eta noizbait xinpleegi iruditu baldin hazaigu «hor konpon daitezela beren arazoekin, gu ez gara espainolak» esaldia, ez da zer duda egin, gure ez dela parlamentarismo baten bidez konponduko, gehiengoa/gutxiengoa binomio irudiz lojiko eta demokratikotan errekonozituko. Minoria izan gara beti, eta etxe barruan ere gutxiengoa ez ote garen egiten dute galde askok. Milagroa baita bakar bat oraindik gelditzea.

 


 

Liga bukatu; Athleti hirugarren eta Reala atzera, oso atzera. Baina ostikolaritzaz aparte, nahiko ondo portatzen dira gure mutilak, eta Atotxan, bien arteko jokaldian, ikurrina baino konpremetitutagoa zen pankarta erakutsi zuten. Txaloak. Izan dezatela beti zer esana, eta esateko ausardia, «elementu pare hori» joandakoan ere.

 

KOLDO IZAGIRRE

RAMON SAIZARBITORIA

 

Zeruko Argia
784. zenbakia
1978-05-14

  Zenbaki hartako
beste artikuluak