Aurkibidea


Auskalo anaia non dabilen

 

Txikito Txiki Benegasek ez diela bidali nahi izan PNV eta EEko kontseilariek porposatzen zuten agur beroa Ifarraldeko anaia euskaldunei. Echeverria Gangoitik nahi ez izatea ulertzekoa da bere amak (hiru plazenta praevia eta ondoengo hiru aborto) ez baitzuen lortu hura ekartzea besterik. Arabako UCDtar potoloak berriz, ez gara izenaz oroitzen, ba omen du anaiaren nolabaiteko zirkunstantzitan lortua hor zehar, baina ez omen du Ifar Euskadín dagoelako segurantzarik. Ezin ba, garantia handirik eduki agurraren efikaziaz. A saber dónde está el golfo de mi hermano, esan omen zuen.

        Maturana despistaturik hartu omen zuen proposamenak. Telefonoa hartu eta San Martini deitu zion.

        — Juanito?

        — Bai?

        — Que dicen los del PNV que tengo un hermano en Bayona.

        — Bayona (Baiona, Franc. Bayonne) ciudad princinal de Lab. (no confundir con sindicato) situado sobre una colina, en la confluencia de los ríos Adur y Errobi (Nive).

        — Ba akorda zitekeen nitaz Lui sartzen uzten ez zuten garaietan. Joan dadila orain pikutara, esanez amaitu zuen konsulta.

        Rubialek hartu zuen gero telefonoa (Enrikek jakingo du bai gure anaiak non diren pentsatuz) eta boligrafo parkerra patrikan sartuz Ajuriagerrak ken ez ziezaion.

        Ajuriagerrak pianoa jotzearena egin zuen mahai gainean, mogimendu susmagarri bat disimulatuz.

        — Ea gure anaiak non diren —galdetu behar izan zuen bigarrengo aldiz, zirudienez, Enrikek aurikularra zeukan aldetiko zerumena, ohrschmalz alemanez, kentzen baitziharduen hatz txikia erabiliz, berak hain ongi dakien era dotorean.

        — Alemania Federalen, entzun ahal izan zuten inguruko guztiek azkenean, que para eso dan la pasta. Enrikek beti aplikatzen ditu marxista molderik jatorrenenak pedigree bat egiterakoan; azpiegiturak gainegitura determinatzen duela halegia.

        — Nahi baduzue Alemaniako anaiak agurtuko ditugu —esan zuen Rubialek, Ajuriagerraren eskua bistaz galdu gabe.

        Benegasek sakonki begiratu zion begietara. Baina zer pentsatu ote zuen Txikito Txiki Benegasek? (Soluzioa kartaz asmatzen bada, eta emakumezkoa balitz, oi emakumezkoa balitz...)

 


 

Txekoslobakiako inbasioa, Gebararen erahilketa, Burgosko hauzia eta Biafra eta Viet-Namgo gerrak izan ziren euskal belaunaldi oso bat markatuko zuten akontezimenduak. Bainan gazte bezala eta exklusiboki ukitzen gintuen arazoa Maiatza 1968 zen; hamabost urteko bihotz ikonoklastak Parisen zeuden, irudimenaren barrikadetan.

        Hirurogeitazortziko maiatza, beste gertakizunak ez bezala, gazteon sinboloa izan zen. Inposiblea lor genezakeela erakutsi genuen, Marcuseren fatalismoaren aurka jaiki ginen, eta kontsumo gizartean iraultza posible batetako zirrikitua urratu genuen. Nazka eta higuinaren errebolta izan zen, eta guraso guztiak akutxilatzeko nahikunde garbi eta puroa somatu genuen inoiz baino indartsuago.

        Indar hura aprobetxa eta bidera zezakeen langileriak ez gintuen ulertu, beldur ziren eta geuk ere ez genekien zer egin sortu genuen erreboltarekin. De Gaulle ere beldur zen eta hauteskundeak antolatu zituen PCFren bedeinkazio osoaz. Eta berriro, ezker politikoak ezker soziala isilerazi. De Gaulle gorago.

        Hamar urte joan dira, eta hamar urte gazteago bihurtzeko gauzak ere gertatu dira bazter hautan. Eta inposiblea eskatzen jarraitzen dugu. Sartrek behintzat ez gaitu traizionatu.

 


 

Gutxienez makabroa. Deklarapenak, agiriak, hogei duroko hitzak, dignitatea. Lehen elkar ezin ikusi zutenak orain lagun leialak gizartearen kantzerrari erasotzeko. Zibilizazioaren oinarriak zalantzan eta aidean jarri nahi dituzten kriminal hutsak diren terroristek. Gobernua belaunikarazi nahi dute, eta horregatik izan behar du erabatekoa eta gogorra gobernuaren erantzuna. Polizia eta justizia ridikulizatzeko maniobra bati zigorrez erantzun behar zaio. Txantajea ez da joko politiko noblea, entzungor egin behar zaio. Herria sensibilizatu egin behar da, terrorismoak berdin tratatzen baititu gobernaria eta gobernatua. Talde erradikalizatu txikiak, herriaren bozemaile autobataiatzen diren minoria etsiak. Eta komedia honen teloi ostean, gizon desesperatu baten gutun paradojikoak. Hitz batean, aspaldiko kontu hura, halegia, ez dela zilegi gizon bategatik herria hiltzea. Estadua hiltzea, barkatu.

 


 

Poliziek esan dute ez ditugula gogoz hartzen, eta beraietako erdiak ez baina denak aldegin nahi luketela gure herrialde kanzerijeno honetatik. Eta guk ezin konprenitu zergatik ez doazen, zergatik ez duten ospa egiten, zergatik ez diren desagertzen, esfumatzen, despelotatzen, hodeietaratzen, atomizatzen. Inkonprendituak benetan poliziak.

 


 

PNVk lasaitu egin omen du erregea, esan omen dio klaro asko beraiek ez dutela inolako kasketaldi independendistarik. Sintzeritate osoarekin arituko ziren noski, baina Fragak ez omen die zipitzik ere sinesten, eta «azken finean, hoiek ere separatistak dira» ari da esaka. Lastima, orain artekoan Fraga beti konfunditu izana.

 


 

Orain, hemendik aurrera, detenituek lehen momentotik izango omen dute beren abokatuarekin egoteko aukera. Ez da lorpen makala, abokatu gaixoak goizeko lauretan jaiki eraztea oso demokratikoa iruditzen ez bazaigu ere. Itxurak behintzat aldatzen ari dira. Dena dela, ez gara gu izango «ez dut tutik ere esango neure abokatuaren presentzian ez bada» esango dugunak. Ez horixe.

 

KOLDO IZAGIRRE

RAMON SAIZARBITORIA

 

Zeruko Argia
783. zenbakia
1978-05-07

  Zenbaki hartako
beste artikuluak