Aurkibidea


Go home Mr. Church

 

Ez daudela denak konforme. Mundu guztia gure zalantzan, eta gu beti lainezan erantzun. Aberri Eguna ere ederki zapuztu genuela «Independentzia», «ETA herria zurekin» eta antzeko konsigna txatxuz. Ez gaudela oraindik demokraziarako prestatuak, horixe. Nora ote goaz ba halako slogan demagogikoak oihukatuz.

        Ez zaigu asko inporta, egia esan, katalan demokrata pragmatikoaren erritagatik, ezta ere Madrilgo egunkari sozialdemokrataren kretinismoagatik. Ohituta gaude.

        Baina ezin aguantatu Mister Church Idahoko senadorea lotsagabeen kapitaina izendatu gabe. Mister Church, Nixon-ek Francori Burgoskoen lepoa salba zezala eskatzea posibilitatu zuena omen, eta PNVkoren batek dionez jestio hori izan omen zen ETAko jendilaje hura salbatzearen arrazoirik garrantzitsuena. Beharbada. Hemengo bueltatxo honetan, berak erredimitu zituen haien aberria ezagutzeaz gainera ere izango zuen bestelako arrazoirik, adibidez, legatza saltsan dastatu, edo laster dituen hauteskundeetan Idahoko artzai euskaldunen botoa.

        Yankee-ek besteen gauzetan eskua (esku harmatua zenbaitetan) sartzeko duten ohitura lotsagarriaren muestrarioa gehitu du Mister Church-ek: «Lehenik bandera gorriak eta ezkerreko sloganak ikusi nituenean manifestazio buruan, momentu batez Euskadiren etorkizuna gorria izan zitekeetako sensazioak jo ninduen, baina bapatean abenida PNVko jendez bete zenean, oker nengoela jakin nuen. Herri honen etorkizuna, dudarik gabe, demokrazian eta askatasunean dago».

        Lasai egin dezake lo Mister Church-ek gure etorkizuna gorriz tintaturik baletor ere, hor baitaude etxeko marineak desgorritu behar litzatekeena ongi eta agudo desgorritzeko. Go home mister Church.

 


 

Garaile noiz aitortuko gaituzten, eta to. Guk bagenekien, inoiz joan ez baginen ere, Orienteko Plazan miloika jende batzen zelakoa eta Francoren itzalpera debozioz joanak eta roilo hori guztia gezur borobila zela. Jode, nor ez zen konturatzen Francoren Bulebar zeharreko paseo blindatuak telebistan botatzen zizkigutenean txaloak eta bibak patentes muestras de entusiasmo guztiak Dean Martinen showetatik kopiatutako doblajeak zirela. Orain gureari exajerazio pittin bat jartzeko ordua iritsi, eta ez omen da hola jokatu behar, geure burua engainatzea dela. Piska piska bat ere ez? galdetu genion inuzenteki denok egindako egunkariko erresponsable bati, eta ezetz, rebantxismoak kalte besterik ez omen digu ekarriko.

        Ba guk, zergatik hasiko gara ukatzen eta adornatzen, rebantxatxoren bat hartzea espero genuen, orain demokraziarekin kristorenak esateko aukera izango genuelakoan pozik. Eta, to, aldiko antitxobinistarekin egin dugula topo. Utikan gezurra eta faltsukeria.

        Ehun mila? Bai zera, ja, ja, hogei eta hamar mila eta kontentu egon zintezke. Okerrena da arrazoi dutela , objetibotasuna behar dugu, abestruzarena eginez ez goaz inora. Baina ez dakigu zergatik, ba, koño, dezepzionatu xamarrak utzi gaituzte. Itxoin egin beharko dugu, objetibotasuna noiz makurtuko gure alde. Rebantxarena, honez gero, beste batetarako luzatu behar.

        Puska ederrean iraun dezala erresponsabilitate eta zehaztasunaganako zaletasunak.

 


 

Oraingoan Tolosan 55 tonelada zianhidriko erori zaizkie, bestean Bretainako kosta aurrean 250.000 tonelada petrolio eta energia eskasia omen dago bihar, auskalo. Utzi ezaiezu hauei uranioarekin jolasten. Etxepeko tabernara ardo bila bidaltzeko konfidantzarik izan ahal dezakegu ba. Baina ez da hori asuntoa.

        Gizonak bere herriarekin Philadelphian eta ohi diren gas kamara bat egin nahi badu eseri eta zianhidrikoz mozkortu ba bueno, eskubide du, eta eskubide du gasolina litroko hainbeste aurreratzeko super petroleroak hartu eta florak faunak eta besteak petroliatzeko. Baina gizonak erabaki behar.

        Eta guri ez zitzaigun galdetu SEAT montatzerakoan Maria Ixabel ikustera joateko eta gastatzen genuen gasolina gauza premiazkoentzat behar genuela eta denbora gutxirako zegoela gainera. Ez eta gure desarroilo kaskar hau lortzeko —izan ere gauza baten plazoak pagatzea bukatu ordurako gerrikoa hestutu behar dugula esaka ari baitzaizkigu— Oria eta Nerbion lotsagarri utzi behar zituztenik eta Ixabel petxutik.

        Asuntoa hori baita, energia gutxiago beharko duen gizartea kale kantoi bakoitzean zentral nuklear bat altxatzea edo piruli de la habana janaz bizitzea, guk geuk erabaki behar genukeela.

 


 

Rubial pozik Astea baietz gaizki bukatu utziko genuelakoan. Ba ez. Ez dugu abandonatzen eta alperrik du hor zehar asesoria kulturalak eskaini behar dizkigula esaten ibiltzea. Eta ez dugu ahaztu Cambio dieziseisen esan zuen hura zera alegia PSOEko lehendakanitza eta jeneralitaldegiakoaren artean aukeratu behar izango balu PSOE-koarekin geratuko litzatekeela. Penagarria benetan aukera hori eta gehiago egin beharreko tranzean ez duten jartzen Makarenaren kofrade nagusi eta Cabralesko gazta zain izatearen artean adibidez, eta guri pakea.

 

KOLDO IZAGIRRE

RAMON SAIZARBITORIA

 

Zeruko Argia
780. zenbakia
1978-04-09