Aurkibidea


Parlamentariek ez omen dute aurreautonomiarik lortu

 

Donostia, 18. Iturri ezin zuzenagotatik jakin ahal izan dugunez, gure parlamentariek , alderdi politikoek eta posiblearen artista guztiek ez dute oraindik aurreautonomiarik lortu. Notizia mesfidantzaz hartu du herriak, azkenaldi honetan aurreautonomi giroan bizi ginela baitzirudien. Mesfidantza justifikatua zegoen, batez ere aipatuko ez dugun egunkari batetan Generalitategiko lehendakaria balkoitik «hemen nago, hemen nago» esaka azaldu zenez geroztik. Baina ikusten denez, inpostore bat besterik ez zen, eta ez dugu ez lehendakaririk, ez Generalitategirik eta ez preaurreautonomiarik.

        «Ez dugu aurreautonomiarik lortu» zion atzo goizean parlamentari batek, amari zapatilak non zeuden galdetu ondoren. «Nik ezin dizuet gezurrik esan, eta eguradi apartak bestela pentsarazten badu ere, aurreautonomia ez zaigu oraindik iritsi, baina ez badigute agudo ematen, zapatilak non ote zeuden berriro galdetu ondoren, ba ez badigute agudo ematen, novena bat aterako diogu Santa Ritari».

        — Zergatik Santa Ritari?

        — Ba, Arthur Champion, ikerlari ospetsuak lruiñeako artxiboetan aurkitu zuenez, inposibleen patrona delako.

        «Santa Rita inposibleen patrona? Ez, ez eta ez» zioen peceko kapellau nagusiak. «Gainera, gu ez gara novenen aldeko, triduoaren aldeko baizik. Triduoa arinagoa da, eta eurokomunismoaren tradizioari lotzen zaio, troika eta troikahurrenen ohitura kontuan edukiz. Igandean hasita San Estanislaori atera diogun triduoak Santa Ritaren mitoa hautsiko du».

        «Santa Rita Rita Rita», zioten komunikatu batetan EMC-EMKoek txinako zazpigarren kultur iraultzan, «lo que se da no se quita». Zazpigarren kultur iraultzaren slogana Euzkadira egokituz, «Santa Rita Rita Rita, aurreautonomia aukera polita».

 


 

Azken ordukoa. Biotako bat, eta ez dugu nor esango legearen ondorioetatik gordetzearren, maioritarioen biltzar batetan infiltratu zen Farha Dibaz disfrazaturik. Eta jakin ahal izan zuenez, beharrezkoa zaie, independentistek independentzia lortu aurretik, aurreautonomia lortzea.

        — Bestela ez bailuke grazirik izango —zion oso politiko ezagun batek.

        — Bai, astapito hoiek independentzia lortu aurretik —esan zuen beste batek gure reilenoak trajinatzen zituelarik (ez ahantz, otoi, Farha Dibaz ginela disfrazatuak) emango diogu guk aurreautonomia Euzkadiri eta Persiari.

 


 

NAFARROA EUZKADI AHAL DA ?

 

New York, 23. New York Cityko ABC telebista sonatuak atzo eguerdiko programa moztu zuen, Nafarroa Euzkadi delako froga aurkitu duen H.W. Donaldson ikerlari gaztea presentatuz. Prueba del nueve delakoaren sistima lojikoan oinharritzen da: dibidendua berdin dibidatzailea per kozientea

plus substraidura, baldin balego.

 


 

I. Uribe irakurle zintzoari, agur! Uste dugu garbi asko azaldu genuela Z.A, beronetako 759garren zenbakian txorradak esateko makinie Oteizak inbentatu zuela, eta beroni dagokiola aitago eta esplotaziorako eskubide osoa.

        Zure zalantza gabetik atera zaitugulakoan, iraultzan anai: koldo eta ramon.

 


 

«El hombre vasco es un gran reprimido política, cultural y sexualmente (...). No le gusta llamar la atención, se encuentra demasiado guapo y piensa constantemente en el qué dirán», esaten du Deian Santi Auzmendik (Donostiako Estiloa). Ez da gugatik arituko noski. Ives Saint-Lorent-ek berak diseinatutako kapeloak ekarri baititugu Paristik Euskal Idazleen Bileretan luzitzeko, jakindarren inbirigarri. (Kopiatu nahi badu: cashmere inglesa, ponporta terziopeloduna, eta forroa chiffoné «rêve de nuit»).

 


 

Rosa Orriols: «No somos máquinas de firmar aprobados», La Voz de España. Abenduak 18, igandea, lehen planan. Eta X.X. kartzelan.

 


 

Nun zaude Ruth.

 

KOLDO IZAGIRRE

RAMON SAIZARBITORIA

 

Zeruko Argia
766. zenbakia
1977-12-25

  Zenbaki hartako
beste artikuluak