Aurkibidea


Universitas Deustensis Ecclesiae

 

Asterokoa kunplitzeko, gairik ez dugun igande goiz guztietan bezala ogia erosi eta kioskora.

        — «Aber Deia hori», eskatzen dugu, inspirazioa eskatzen den bezala, periodiko saltzailearen bizkar gainetik titularrak irakurri ondoren. Batzutan ez dugu erosi beharrik izaten, titularrekin soilki inzpiratzen baikara.

        — «Zer, aste hontan ere errekurso faltan» entzuten diogu periodiko saltzaileari entrebisten orria bilatzen dugun bitartean. Gu beti inspiratzen gara entrebistetan batez ere, alde batetatik erraz irakurtzen direlako eta bestetik entrebistatuek txorrada asko esan ohi dituztelako, eta artikuloetan txorradak esateko egiten diren zirkunlokiorik gabe gainera. Zuzenean.

        Gizon inportante batek bere txorradak bota nahi dituenean periodikora deitzen du. Zuek eta guk bezala «badator pelma hori bere eguneroko txorradarekin» esateko aurpegiaz begiratzen digun lanari kontatu beharrean, telefonoa hartu eta periodikora deitzen dute.

        — Aber Xabier, bidali idak periodista bat Deustuko Unibertsitatea klasista ez dela esan nahi diat eta.

        Estilo direktoa.

        Eta periodikotik periodista bat bidatzen diote majnetofoi, erretratista eta guzti.

        Besazpian daramazkigun igandeko ogi gureak lurrera erori zitzaizkigun irakurri genuenean. «Puedo probar que la Universidad de Deusto no es clasista», esaten zuen aita Aranzadik, Deustuko aita erretoreak —eta semea? Ah semea, semea— ondo, Jainkoariesker. «Casi el 40 por cien de los estudiantes son de clase media o media baja, algo más del 33 por ciento pertenecen a la clase media y un 37 por ciento a la media alta o alta». Zoritxarrez, periodistak ez zion galdetzen sozial maila bakoitzak zenbat errepresentatzen zuen populazio mailan konparaketak egin ahal azateko. Baina guk egin ditugu gure kalkuloak, eta industrial profesio liberal eta kuadroak ehuneko bost baino gehiago ez direnez ondoegi errepresentatuak ikusten ditugu eta obrero arrantzale eta baserritarrak ehuneko hirurogeitamar baino gehiago diranez, ba, gaizki errepresentatuak. Aberats guztien semeak Deustuko unrbertsitatera joaten direla, zera, sakrifizio pranko egin ondoren langileren batena ere bai.

        Eta aita Aranzadrk zer demostratzen digun jakin gabe gelditzen gara. Susmoa dugu batzurentzat klasismoari despida ematea semeak analfabetoak ez izateko apaiztegira bidali beharrean ez ikustea ote den, edo obreroen semeei komedoreak garbitzearen truke bata grisez jantzirik klaseetan sartzen uzteko lotsarekin bukatzea edo jesuitetan padre eta hermanoen artean ohi diren diferentziak egungo obreroen seme lotsagabeekin ezin egin ahal izatea. Zer ote da klasismoa. Ea, guztiok gurekin: Klase-ba-ten- zer-bi-tzuan ego-te-a. Oso ondo. Ez da Universityren atean «se prohíbe la entrada a hijos de obreros y similares» jartzea, elite zuzendari baten eskuetan elite hori erreproduzitzeko eta bere interesei zerbitzeko egotea baizik. Bourdieu eta Passeron, bai.

        Gezurra dirudi erretore bat nola izan daitekeen, nolabait esateko, horren bastoa bere analisietan. Obrero seme pranko ikusiko dugu oraindik unibertsitateetan, industriak industrietan beharko ez dituen bitartean, zuen filosofia edo historia ikasten, zuek jakingo duzue zertarako, baina horrek ez du esan nahiko klasistak ez direnik. Klasismoa ez baita historian zehar beti forma berdinean azaltzen, garai batetan jaunek emazteak izorratzen omen zizkiguten. Hori ere pasa zen behintzat. Jainkoari eskerrak. Baina, oraindik ere, pasatu bear izaten ditugu pasatzekoak...

        — «Jo, ba bori ez da ezer» esaten du periodiko saltzaileak gure diskurso diskursiboa moztuz eta lapurtu digun ogi kozkorra kafesnetan bustiz gainera. «No creo que sea el camino de cara a la promoción del País Vasco» , irakurtzen du, «que salgan de Deusto euskoparlantes si a cambio van a salir profesionales de segunda categoría. Hay que buscar un equilibrio». Jo, to be or not to be. Pentsatzen genuen bai guk, euskararen zailtasunaz, kontesto erdeldunaren influenziaz eta euskararen irakaskuntzan hor zehar norbaitzuk pare bat astetan mundu erdia euskalduntzeko pretensio optimistegiaz zertxobait esatea. Baina Deustuko Unibertsitateko erretore jaunarenari passing txiki bat deritzagu. Euskaldun edo profesional ona, erdaldun ala profesional eskaxa. Mekatxis Deustuko ikasleak, irakasleak, Jesusen konpainia eta fundatu eta harmatu zuena —bai ederra harmatu ere— hori eta gehiago egiteko gauza ez badira ez dugu guk ez dibisa asko aterako zerebroak esportatuz. Hori bai hori, profesiorako indar guztiak gorde beharra. Orain entenditzen dugu nolaz gau eskoletan egiten ditugun ligeetatik ehundik larogeitamar —estadistikak eskuetan— ejekutibo galtzerdiak hanketan eta samsonite eskuetan dabilen profesional kategoriakoen emazteak izan ohi diren. Esaten baitu M.I. Sr. Jose Arbeo maestrescuela de la SICB de Bilbao Toi qui deviens homme-ri eginitako moldaketan:

        (Impurezaren ondoan jar dezakezu euskara ere; irakurle).

        «La impureza es una de las causas que entre los jóvenes más contribuye a la cerrazón y pereza de la inteligencia. Precupada como está por los pensamientos sensuales que la asedian. ¿Cómo quieres que esté dispuesta para el estudio? Aprender es ante todo fijar la atención. Y nada mata tanto la atención como los desórdenes sensuales». Badakizute ba ikasleok. pentsamendu lizunak eta euskara lantzeko tentaldiak gaindituz jarrai aurrera Deustutik zerura subsekretaritzaren batetara daraman bidetik. Amen.

 


 

Kontuz ibiltzea duela Martin Villak. Ikusteko guztiak ez dituela ikusi oraindik. Amigo, parlamentariekin ez dago txantxetan ibiltzerik. Argi, era garbi proklamatu du «Txiki» Benegasek (eskolan, alias «Huracán Txindoki»), bere tribuaren izenean, alerta orokorraren deia: gobernuak aurreautonomia gehiago atzeratzen baldin baditu, gerra. Bai jaun-andreok, gerra, ge-rra! Eta gainera epea eta guzti jartzen die Martini eta bere kuadrilari: astebete. Baina, konturatu ote dira lokozoro inkontrolatuok zer den astebete? Hutsa, egia esan. Hala dio euskal esaera jator batek ere: «Palazioko arazoak, kolpeak eta balazoak» halegia, Martinek eta Claverok (D. Iñigo berau) mila zelada eta traba gaìnditu behar dutela gobernu barruan (aurreautonomiak mina egiten baitio bati baino gehiagori, zer uste duzue) guri aurreautonomiaren oparia egitearren. D Iñigo konkretuki, bere aulkia (puestoa, baina ez Bretxakoa) arriskutan jarri du bere hitza (guri, euskaldunoi, emandako hitza) kunplituki bete nahiean.

        Hau guztia profanoak ez jakitea gauza normala da. Politikaren katramailak susmagaitzak (apunta Kintana) izan ohi dira, eta dira, jende arruntarentzat, ziudadano anonimoarentzat. Zer egingodiogu ba, batzuek zerurako eta beste batzuk lurrerako.

        Baina harrigarriena da parlamentari jaunek halakorik ez konprenitzea. Batez ere, parlamanteri izateaz beste, parlamentazale eta parlamentakoi direnean. «Hemen gaude gu», «zuek lasai» «guri motoa (barkatu, botoa esan nahi nuen) eman digutenak ez ditugu defraudatuko» eta antzeko pitokeriak botatzen ibili ondoren, orain herrimobilizazioak aipatzen dira ahobetean, «jendea kalera aterako dugu» eta igualmenteko konsgina gogorrekin amenazoka eta mehatxuka plantatzen zaizkigu parlamentari (etimologikoki, «berritsu» ez ote?) jaunak.

        Ba ote dakite Madrilen zer nolako saltsa txinoa ari diren maniatzen euskal parlamentariak? Ezezkoan gaude, eta horregatik alertatu egin nahi ditugu Martin Villa eta D. Iñigo jauna. Denok ere bai baitakigu, aurreautonomia «inexplicablemente» atzeratzen baldin bada, aurretik «Independentzia» eta halako gauza desegoki, itsusi eta ez-baterakoiak neurririk gabe oihukatu ditugulako izan dela. Mobilizazio gehiegi izan dugu lehen ere, gauza onerako. Nola ba, erori ote dira parlamentari jaunak tranpa berdinean? Parlamentariek lehen bait lehen nahi dute aurreautonomia. Baina, zer baino lehen trena erdi hutseginik ibiliagatik ere larritu ez direnean.

        Zein eskergaiztoko diren zenbaitzuk! Irakats iezaiek Martin; barka bitza D. Iñigo.

        Baietz eguberriak triste gertatu.

 


 

Gu politiko zuhur, konsekuente eta posibilistak baldin bagina, oso oker daudela esango genieke mutiko hoiei. Bide horretatik ez dutela zipitzik ere lortuko. Eta egia da, soldaduzkara joan beharko dute igual igual. Koino, soldaduzka Euskal Herriko barrutian egitea edo eskatuko balute, jaun politikoek bezala, zer edo zer lortuko lukete. Edo, adibidez, soldaduzka denbora laburtzea edo.

        Baina, gu nork uka politikorik zoroenak eta utopikoenak gara. Eta gure mutilek, gure anaia gazteagoek soldaduzkara joan nahi ez baldin badute, oso ongi iruditzen zaigu, eta poztu ere egiten gara horrela proklama dezaten.

        Soldaduzkatik gudaritzara pasa zaizkigu. Zer gehiago eska lekieke?

 


 

Ah, eskerrikasko Asier B.-ri, eta ea noiz ikusten dugun elkar eta baxoerdi batzuk hartzen ditugun.

 


 

Ruth, Ruth, zergatik gaztigatzen gaituzu honela.

 

KOLDO IZAGIRRE

RAMON SAIZARBITORIA

 

Zeruko Argia
763. zenbakia
1977-12-04

  Zenbaki hartako
beste artikuluak