Aurkibidea


Tarzan Tarzandegian

 

Hilero bezala, geure bilera literarioa egin genuen. Hilero bezala, ia ordubete pasa genuen merendero (askaritegi) ireki bat aukitu nahirik. Oilasko erdi gordina eta sagardo zaharra. Gazta nahi ezik utzi behar. Hilero bezala..

        Hartan hitzegina isilean gordeko dugu, gauza batzuk ez baitira inolaz ere publikagarriak, zenaitetan botatzen ditugun egia mortalekin batez ere. Dena dela, geure merienden azterketa soziologiko bat egiteko asmotan gabiltza, eta argitaratzean benetako best seller bat izango da. Egitan.

        Etxera ezin goizeko hirurak baino lehenago joan, eta Donostiarantz abiatu ginen. Nora eta Waly Hay-era. Ezagunak baikinen, bertako neska hawayar gazteek oso harrera ona egin ziguten, paperezko loreak lepoan jarriz musuka agurtu gintuzten. Begirada nostalgiko batetan bildu genituen haien kadera kulunkariak «ekaitza tropikal» bana zekarkigutenean.

        Nor beraren ekaitza ederki barruratua genuen, eta geure burua Copacabanan eta Varaderon ikusten hasiak ginenean, horra non espabila erazte gaituen bazter batetako iskanbila zaratatsuak.

        Ez ginen geure jarlekuetatik altxako istilu hura benetako borroka sarraskaria bilakatu izan ez balitz. Eta gu, noski, ezin gintezkeen gera ezer gertatuko ez balitz bezala katramila haren aurrean. Altxa ginen, O.K. orain bai girotuko dugula festa, erremangatu ginen eta amen batetan garbiturik zegoen dena: ezertaz kontura gintezen baino lehenago, askoz lehenago, kalean ginen ostiko bana eta kolpe pila ederra hartuta. Batek txaketa falta, besteak galtzak puskatuak, besteak betondoa ubeldua... Lurretik altxa ginen nolabait, elkarri lagunduz eta. Zer gertatzen zitzaigun? Ez, ez zen ilusio bat, ez zen ekaitza tropikalaren ondorioa. Han zegoen, lurrean etzanik. Bera zen.

        — Baina, Tarzan, zer egiten duk hemen?

        — Eh, Oh, ah, ... ba hemen...

        — Baina, gizona gizona, zer gertau zaik?

        — Ba ahal dakit neronek ere! Hementxe nengoan, kokoesnea hartzera etorria, eta bapatean kalean aurkitu nauk. Eta dena hawayar neska bat musukatu nahi izateagatik.

        — Baina, zer arraio egiten duk, Donostian?

        — Ba hementxe, Angolatik bidali egin niotek, C.I.A.koa naizela uste ditek gizarajoaek, baina dena Fidelen maniobra duk. Zuetaz gogoratu ninduan, eta horra.

        — Gaizo Tarzan! Hator! Hator gurekin!

        Eta bere historia tristea kontatu zigun. Boy semea bahitu egin diote misionistek, heziketaren aitzakia dela eta. Txita tximino emea ere abandonatu beharrean aurkitu zela, bien intimitateaz zabaldu ziren esamesen ondorioz noski. Hegoafrikako abertzale beltzek zuri inperialistatzat hartzen dute. Gaizo Tarzan!, hireak egin dik!

        — Orain ekologiari lotu natzaio bereziki. Badakizue, ni, begetazalea

izateaz gainera, tabakoa gaitsezten diat, eta petrolio konpainien aurka borrokatu nauk. Baina hoiek denak gehiegi dituk niretzat.

        Pozik egon gintezke euskaldunok. Atzerrian genuen azken euskal politiko parlamentazalea etxeratu zaigu eta frutu onuragarririk espero dezakegu. Bere presentazioa, sortu berria den koalizio baten mahain inguruan izango dugu. Hurrengo batetan emango dugu berri zehatzagorik. Bitartean, Balerdi margolariaren esaldia gogora erazi zigun Tarzanek berak:

        — Dakizuenez, nire gurasoak euskaldunak ziren.

 

KOLDO IZAGIRRE

RAMON SAIZARBITORIA

 


 

Alderdi politikoek eta politikoek imajina zaindu behar. Horregatik joan zaigu Carrillo Moscura, hango andregaiari kartak eta argazkiak bueltatzera, Fragak unikoa dela. JELekoek berriz, euskotarrismoa eta antropometria nahas ez daìtezen, hor bidali digute etxeko txikiena eta itsusiena Moncloara.

 

Zeruko Argia
760. zenbakia
1977-11-13

  Zenbaki hartako
beste artikuluak