Aurkibidea


Isiltzea hobe

 

Gizon bat hiltzea ez dago ongi. Agian inongo zirkustantziatan gizon bat hiltzeak ez du justifikapenik. Agian Augustu Uncetaren heriotzarekin hostia galtantak hartzea besterik ez dugu lortuko. Beharbada hori ere euskaldunon eta Euskal Herriaren kaltetan. Agian bai, edo nahiago baduzue, ziur aski bai.

        Guk hortaz, ezer ez jakin.

        Baliteke, zenbaitetan, gizon baten heriotzak bere bizitzari ez zuen duintasuna ematea. Baliteke, zenbaitetan, bizi horrek berak, eraileak duintzea.

        Guk hortaz, ezer gutxi.

        Gure herrian halako gauzak zergatik eta nola gertatzen diren, eztabaidagai behar luke izan.

        Baina gaia ez litzateke jorra behar faxismoaren kazetalari ofizialen idaztankera erredaktatutako editorialetan; talde politikoak ezer ez esateko eta monstruoa kontenta dadin hitzak neurtuz egundako komunikatuetan. Venga de donde venga-k ez baitigu lehenago ere gehiegi lagundu eskaileretan gora. Heriotz bakoitzak denok inplikatzen gaitu, eta ez zarete salbatuko basta ya esanez, edo Fuerza Nuevakoekin pater nosterrak errezatuz. Are okerrago Punto y Hora eta beste zenbaiten kasutan, heriotz erromantikotan eta baleo heroikotan, morbosidadez ere insistito denean.

        (Adibidez, inkontrolatu-kazeriak. Gaur egun, oraindik, prentsa bitartez xaxatzen direnak. Ikusiko dugu hori ere nola bukatzen den, karnet eske dabilen borrokalari gaztearen historia.

        Alferrik gero basta ya eta negar zotinka hastea).

        Bost minuto barru, urtebeteren buruan, bost urte pasata, zirkunstantzia batzuren aldaketak gizon baten heriotza gloriosoa ala desgraziatua bihurtuko baldin badute, ondo azaldu behar zaizkio herriari zirkunstantzia hoiek zertan aldatu diren.

        Guk hortaz, ideiarik ez.

        Eta ulertzekoa baldin bada mutikoak errekreoan burruketan ibiltzea zilipurdika, ezker abertzaleko karatxorra horiek amenazaka desitxuraz jardutea, ezin dugu onhartu Mujica Herzog por culoka aritzea atsoekin kalean, ezin dugu onhartu Arzallus mendietan desafioka agertzea («Si es a Euskadi, al país, al que se ataca; los gudaris darán la respuesta» alderdi minoritario bortxazaleei buruz). Gu lau lokozoro gizarajook jorratzeko gauza ez bazarete, gudari ederrak zuek.

        Mihia leku bustian baitago.

        Ez da erraz nahaste borraste hau ulertzea. Eta zailago gu bezalako koittau pare batentzat.

        Gu, isiltzea onera. Hala ere, gogorra da oraindik farmazian kondoiak erosterakoan lotsatu eta txarranpinatu egiten garenontzat, prentsa librea denez geroztik hemen jendeak kolorez mudatu gabe esaten dituenak entzun, ikusi eta irakurri behar izatea.

 

KOLDO IZAGIRRE

RAMON SAIZARBITORIA

 

        Ohar premiazkoa: Gestora protagonismo bila.

        Joseba Elosegi, Mujica Herzog eta Xabier Arzallusekin. Eta gu Eva Gitzelmann-ekin, Zuricheko tititenterik inportanteenetakoa, 22 urte.

        Eta niri zer? esango duzu, irakurle. Ba bori.

 

Zeruko Argia
757. zenbakia
1977-10-23

  Zenbaki hartako
beste artikuluak