Aurkibidea


Bixkaitar traidorearen legea

 

Bixkaitar traidorearekin egin nuen topo kafeteri batetan, eta ene nahian jezar zedin eskatu nion aristokratoi dagokigun kortesiaz; eta eskatu nionarekin batera, magalean, ene magale beroepelean jarri zitzaidan, zelako mixerie mixeri ikaragarrie esan suspiriatuz. Bai, jaunak, bixkaitarrari tristezia zerion gorputzaren zulo guztietatik, eta ohizko musu eta ferekuak ematera egitera behartu nuen neure burua, lagunak horretarako baikaude, horretarako eta kafetara konbidatzeko.

        Zazpi kafe pagatu nizkion, kamareroari kreditua esijitu eta gero, neure galdera bota aurretik: motel, zer jazoten jak?

        Ene emaztea haurdun dagoela, grangiputze maitea, haurdun eta hiru hilabeteko, erantzuten dit berak lasaitu dela adierazteko euskara batuan mintzatuz. Bi mendetako ixiltasuna pilatzen da gure kutxariletan, eta gure kafeak, azukrearekin batera, trajeriaren zaporea hartzen dute.

        Gauzak horrela izaki —diot nik— mendeku ederra hartzea baizik ez zaiguk gelditzen, bihur gaitezen Herodes batzuk, eta irabaz dezagun, behintzat, geure lasaitasuna. Baina zer egin dezaket nik orain, depresio ekonomiko bizarzuri eta ajeatsu honen erdian, neure ogia irabazteko ere gauza ez naizen hezurte honetan, errepikatzen da gizagaixoa jerry lewison keinu guztien jabe.

        Ezer ez! mozten diot nik triparekin apur bat kanporantz bultzatuz, zer dela eta horrenbeste purrustada, galdurik aurkitzen haiz eta ez duk ezer irabaziko burua ene tripan egiten ari haizen zuloan gordez, enfrenta hadi, atzar hadi, altxa hadi, zuti zaitez ene lagun!!! Oihu egiten diot bertako bezero guztiak molestatzearren, eta bixkaitarra ankatartetik behingoz kitatzearren. Erresultadu onak jasotzen ditut: ingurutako bezero koinakatsu batek bere kopa botatzen dit, eta bixkaitarrak lurrean eseritzen ditu bere ehun kiloak.

        Ni kondenaturik egonen naiz, baina berak ere ordain ditzala bereak, desgaraiean etortzea erabaki badu paga dezala berak ere, ez dadila libra!...

        Hori bai dela pentsatzea, gizon bezala portatzea, asma dezagun bion artean mendeku politen bat. Esatea erraza duk, dio traidoreak mesfidantzaz. Bainan nik, odol txarroka eta ijito kastakoa naizenez, ba dut mendeku hori aurrera eramateko proposamen bat: jaio bezain laster, zergatik ez haiz haurra euskal irakasle bat izateko hezitzen hasten, ez dik failatuko planak, haurtxo horrek sofrimendu latzetan pasako dik bere bizitzaren erdia.

        Eta bixkaitar traidoreak goitik behera begiratzen dit, ez du sinesten, ez zaio iruditzen mendeku handiegia izan daitekeenik, gizagaixoak ez baitu ezagutzen erroiloa. Baina horretarako nago ni, esplikatzeko. Eta egiten diot.

        Demagun hire seme alaba izanen den hori binbili bonbolo bizitzen dela hogei urte arte, eta soldaduska egin ondoren zeregin ez dakiela ikusten duala arratsalde euritsu batetan. Ez ahantzi xehetasun hau, arratsalde busti eta ospela izan behar duela, euriak bihotzak biguintzen dituela. Euskal kultura, herrigintza, euskararen salbamendua... noski, honelako hitzak erabili behar dituk. Demagun horretaratu duala. Begira orain nolako panorama ikusiko duen ilabete batzuk barru.

        Konturatuko duk zortzi ordutako lana egin ondoren egunero, bai puentetan eta bai San Jose Obrero egunetan ere, ez zaiola gelditzen hilabetearen buruan Planetako libururik merkeena erosteko lain diru. Eta hori zinematokira joaten ez delarik, zeren zinemaorduetan egiten baitu lanik nekagarriena, prestatu dituen klaseak arratsaldeko bostetatik hamarrak arte ematen baititu. Eta harridura hori asimilatzen duenean, uztaila abuztua eta iraila beldurgarriak etorriko dituk ekainaren atzeko atetik. Bere ikasleak, hemendixe ikusten dizkiat, nahiz eta bola majikorik ez izan: begira irakasle, nola halako beroa dagoen, eta nola bakantzen atarian gau den, bada zera pentsatu dugu, en fin, kurtsoaren amaiera aurreratzeak problemik ez baidizu sortzen... Noski, gibel handia behar du pertsona batek baietz erantzuteko, problema inmesericorde batzuk sortzen dizkizula, gibeltzar bat behar da ikasleek desio ez duten klaseak emateko, eta ezetz erantzuen dio. Esnez eta ogiz elikatuko du muskuloa, kasurik hoberenean, uda luzeegian. Eta txarrenean, Corte Inglesean harrapatuko dute gazte patrikan gordetzen ari den bitartean.

        Ez dizut aipatzen problema horri eman diezaioken beste soluzioa, hots, udaretako kurtsutarako izena eman eta ekin lanari udatiar ikaslego ohiari aurre eginez: bi abade eta moja garbizale puristanoak ibiliko dira tartean, nork ez batio arnasarik hartzen utziko, zergatik telefono, zergatik telebisio edo izkribu, hori ez da euzkerea, suk ez dakisu euzkera. Arki dezake baitaere UCDra botoa eman duen maistra bat, lege berrien agindua dela eta euskara ikasi nahian. Arkitzen du baitaere, den ikasle klaserik hoberena, saiatuena, baina horrek ez dio besteek sorerazitako buruko mina kenduko. Abuztuaren erdian, zure semeak paretaren kolorea edukiko du, edo alaba bada ozpina edaten zuten emakume haietakoa iduriko, eta gosaltzerakoan bizitza horek merezi ote duen ibiliko du hausnarrian.

        Nola ez du bada, mereziko... laster konprobatzen du zenbaterainokoak diren bizitzeko gogoak, gaixorik erortzen den bezain azkar, zeraz jabetuko baita ordun, ez duela seguritate sozialik, ez eta seguru pribaturik —nola?, zein dirurekin?— eta ez dakiela nori deitu, ez duela ezagutzen medikurik. Beharbada, aterako da larrialdi horretatik, baina ez da gauza hain segurua, egin ezazu kontu nola lanik gabe ezer ez duen kobratzen, ez daukala paroko dirurik. Uztailaren 18ko edo Aberri eguneko paga extrari usain ere ez diola egin... jesukristo bera —eta bere makina bat diszipulu, hain zuzen— ikusi nahi nuke kinka horretan!

        Ez dira faltako, arima apartatuta lan bila dabilenean, esaldi —ia topiko den— hau esanen diotenak: ezin duzu eman klaserik, han, halako herrian, bai bai nahiko bertan dago, bi ordu doi doi trenez, baina jakina, zenbat kobratzen duzu, hola dago zure konbenioa, ezin al duzu debalde etorri, badakizu integratu egin behar dela jende guzti hori (obreroak dira, aipatuko dio ahotsa, errespeto ixilez jantziz, erreberentzia bat eginez) eta... jakina, bixkaitarroi, nominak, sekretuak dra. Horregatik ere pasa beharko du.

        Greba jenerala, baina oso jenerala, den egun batetan edo, kazetaren bat irakurtzeko beta hartuko du... a! gaixoa! hantxe irakurriko du prozer baten esana, «orain arte Euskal Herria euskaldundu ez bada, irakazlen preparakuntza esagatik da, baina dela dena irabasten arikara», eta lehendik zeramatzan penak ugaldu eginen zaizkio. Ez da gutxigorako, historiak ez baititu ondo tratatuko irakasle gajoak, prozerrak baitira historiaren egileak, ez beste inor.

        Politikoek, profesionalek, ia profesionalek eta politikastro (kastro, ez Castro) guztiek, bestalde, ongi pentsaturik daukate beren zeregina. Normalki ez dute ezer eginen, blablatu ezik, eta baldin eta EH sofritu hau euskalduntzen bada, beren garaipena dela esanen dute, eta bere meeting artxiboetara joko dute erakustearren, baina horrelakorik gerta ez baledi, turkoaren bila hasiko dira, eta noski, nork du euskal herrian turko buru borobila?... irakasleak, esan beharrik ez zegoon. Oraingoz, boluntarismo hutsean ari gara, eta euskararen irakaskuntza jendearen gogoaren arauera dabil, ez da ari erakundetan, edota fabriketan ofizialki sartzen, eta frakasua posibletasunaren barnean gelditzen da.

        Beste gauza ugari ere gertatuko zaie, baina beste bat aipatuko dizut, bukatzeko eta erabat konbentzi zaitezen. Egunen batetan, zure umeorri sorbaldan top top joko diote: Aizu lagun, B C D H edo rik baduzu?... Horra G da (normala den bezala, zure seme edo alabari Garaigordobialka edo Garaigordobilke izena jarriko diozu noski) esanen du zure erraietako horrek umore ttantta pentsaezinez; baina galdegileak (bueno, galdegiak) serioski arrapostuko dio, bekoki beltzez Sakatu Segituan Karneta, ze erredios! eta aiene, zure semen galdutzat jo dezakegu une horrez geroztik, artikuluak izkribatu baditu ere, hamazazpi t'erdiko kurtsu laburluze egin arren, hiru urtetako lana lekuko badu ere, horrek ez du ezertarako balio, examina, barkatu! azterketa, da neurri on bakarra, eta berari ahaztu egin zaio edo ez du nahi izan Euskatzaindiaren titulua atera, eta arreputa kotxinos! irakasle pirata bat da, Radio Andorra antzeko zerbait, intrusismo gogorrean harrapatu dute, kale pirata bat da Radio Andorra luzetzain salataratzain batek tenplotik espulsatuko du, gose gorrira kondenatuz, eta lotsara... bixkaitar traidorea, esan bihotzez, ezagutzen ahal duk seme edo alaba izorratzeko modu hoberik?

        Ez, halazankua! esanez zutitzen da ene ezpain irrifartsuetaraino. Zelan eskertuko deuat! (emozionatu egin da, bizkai erara berriro itzuliz). Nola, bada Sondikara nirekin etorriz. Zertara joan behar duk Sondikara?. Bada, seiretako abioian parlamentariak datozela jakin diat, eta ikusi ere ikusi nahi zizkiet beren trajeak, ia ze kortetakoak diren, franelakoak edo zerezkoak, ez dakit bada ni ere traje bat egitekotan nabilela, eta haizeak modaren kontuan nondik jotzen duen jakin nahi dudala. Goazen bada, bukatzen du bixkaitarrak, azkeneko kafea —zer ote den bozkarioa— ordaintzen duen bienbitartean.

        Oharra: Sondikan, ordea, izu handi bat hartu nuen. Parlamentarioekin batera euskal irakasle bat baitzetorren IBMko saltzaile bat bezain dotore eta panparroi, zelan esplikatzen dozu hori, esan zidan traidoreak. Bada, ejem, hori exzepziñoa duk bixkaitarrori, erregela konfirmatzeko behar den exzepziñoa.

 

BERNARDO ATXAGA

 

Zeruko Argia
756. zenbakia
1977-10-16

  Zenbaki hartako
beste artikuluak