Aurkibidea


Euskal Univertsitas ala Univertsity?

 

Hamazazpi urte bete berriak, galtza bakeroak, eta mundu honetatik neska batekin lo egin gabe aldegiteko beldurra. Bai, Bartzelonara stopez joan zinenean Mediterraneoaren aurrean jarri zinen kaian eserita, eta pentsatu egin zenuen, zergatik nago hemen begira, postal bat idatzi beharko nioke Mireni, eta pentsatu egin zenuen oso bakarrik sentitzen zinela, eta urrunduz doan itsasontzia filma frantses baten bukaeran bezala, zergatik ez ote dator oraintxe Miren, Miren berbera edo beste Miren bat, Istanbuleraino ontziratuko ginateke. Eta zeure zain dagoen Mirenen bat egongo dela ere pentsatu zenuen.

        Hamazazpi urte bete berriak eta alkoholarik ez, baina erre, petardo bat larunbatero. Eta manifestapenak, eta etxean zertaz hitzegin ez dakizularik, herrian bueltaka eta bueltaka zenbait zurito hartu eta ezker abertzalea zertan den. Botoa hamasei urtetan. Uda ia bukatzeko dago, eta, egia esan, ez da apartekoa gertatu: Miren (ez gehiegi halere), euskarazko ikastaroa, COU likidatzea. Uda joana duzu, eta berriro ikastaroa dator. Unibertsitatea.

        Nazkatua zaude iadanik «hoientzat» estudiatzen. Zeuretzat nahi duzu estudiatu zeure gustokoa nahi duzu ikasi eta aztertu. Ez zara inozoa, matrikulatzera joan zinenean ere somatu ahal izan zenuen zenbat neska alu eta mutikotxo bespinodun agoantatu beharko duzun, ez duzu beste munduko gauzarik espero, baina Unibertsitatearen eta Institutoaren artean alde handi xamarra egon behar du nahi eta nahiez. Behintzat, asanbladak, ezkertiartasuna, independentzia eta sozialismoa.

        Zer esan beharko nizuke nik? Beti ere ona da zer edo zer espero izatea, ez da esperantza goizegi galdu behar. Eta, egia esan, ahula zara, harmak eskuratu behar dituzu bizitzaren aurka borrokatzeko, eta, azken finean, Euskal Herriak teknikoak behar ditu, gizon jantziak behinik behin.

        Hemendik aurrera ez duzu gehiago alferrikako hainbeste ikasketa egin beharko, espezialista baten bilakabidean abiatu zara, doktoradutza egiteko ere asmoak dituzu. Eta etxekoek, askotan, gehiegitan (aitak ez du inoiz buruan hartuko semez zer egiten ari zaion), filosofía y letras ikasteak zertarako balio duen galdetuko dizute, zer esango diezu orduan, badakizu edo intuitzen duzu irakasletza ez dela zeure terrenoa, ez zaituela kamelatzen letaniak botatzen aritzeak eta zeure lehengusinaren senargaiaz gogoratuko zara: euska

razko klaseak emanez leher egin soldata digno bat jasotzearren, eta noizean behin artikuluren bat idatzi aldizkariren batetan.

        Zer esan beharko nizuke, ba, arrazoi dutela, ez duzula utzi behar eszeptikeria ezezkorra zeure buruaz jabe dadin, zeuk zerorrek ezagutu eta frogatu arte ez duzula zergatik ezertaz ernegatu behar, ez dezatela bihar esan hasiera hasieratik borondate gaiztoz beterik ageri izan zinela. Autodidaktismoak ezin eman diezazukeen hori har ezazula lehen bait lehen eta sakonki. Eta batez ere, batez ere, ez zaitezela dibagazaleen zurrunbiloaren tranpan erori. Gero ere etorriko baitira eguerdi eguzkitsuak, eta politikeriak, eta benetako politika ere bai (behin adin batez gero, bere buruaz beti zalantzan dabilen ezkertiarrarentzat hain aproposa).

        Hitz batetan ezkertiarkeria gaindituz, benetako ezker konsekuentearen bidetik abia zaitezela, hau da, homosexualen eta arazoa (adibidez) utzirik (ahaztu gabe), nahi baduzu zeure benetako borrokalekua bila ezazula: estudioa. Hori omen da zure obligazioa.

        Hori guztia esan behar nizuke, baina ez dizut halakorik esan nahi. Eta esan nahi ez dizudan hau dena esan egin badizut, ez da konparaketa irrealean absurdoaz dibinoki jokatzeagatik, baizik eta neronek, esan beharrik gabe, asma dezazun benetan zer esan nahi dizudan: ez ezazula ezertxo ere sinets, ez ezazula permiti harmagabe zaitzaten, erabateko borondate gaiztoz horni zaitezela haisera hasieratik.

        Bartzelonara itzuliko zara berriro, karreraren bigarren zikloa egitera agian. Ahaztu egin nahi izango duzu hemengoa eta orain arterainokoaren zati eder bat. Ranblasetan barrena abiatuko zara arratsaldeko eztul kronikoaren laguntzaz, eta Mirenen bat zain izango duzula pentsatuko duzu kaiean eserita.

        Eta hori, inork irakatsi ezin izango dizun errebeldiaren lehn pausoa izango duzu. Lehen pausoa bakarrik.

 


 

Monzonen esneduna erne dabilela

 

Z. Argiaren artikulo bakoitzarekin bi harpidedun eskatu dizkigute nolabait ere bajak konpontzeko.

        — Aizak —Ibonek Barcelonatik— ea politikaren rolloa aldatzen duzuen. Ez ahal dago beste gairik?

        — Esate baterako? Galdetzen diogu beharbada gizarajoak politikak bizitza guztia kutsazen duenik ez dakiela pentsatuz.

        — Ba ez zekiat —abots pentsakorra—. Hartu aste guztiko periodikoak eta gomentatu edozein aktualidade ez politiko —isilune baten ondoren—. Hor duzue Belateko erailketa ere. Entzun: Ana mantenía amistad en Alemania con un español, Jaime Balet, de quien quedó embaraza teniendo que abortar en una clínica.

        — Leku txarragoetan ere abortatu behar izan dinagu.

        — Ez haiz konturatzen. Garai hartan Azurmendi ere Alemanian zegoen. Posibilitate bat izango huke... Hizkuntza etnia eta mrxismoaren interpretazio berri bat bilatuz , Ana hori eta Azurmendi elgarrekin Alemanian... baina ez zekiat nola hartuko lukeen Azurmendik. Eta bestela aditz sintetikoa —esaten du ziur asko moztu nahiean— erabiltzen jakinez gero posibilitate askotxo zeuzkak aditz sintetikoak.

        Aste guztiko periodikoak eta bokadilo bat hartu eta ohean sartu naiz gai inportante eta ez politiko baten bila. Belatekoa ere aurkitu dut: el inspector de policía Luis Dorado Ortega señala que el coche propiedad de Balet se encontró con el asiento delantero derecho lleno de sangre. Albisteek progresiboki, ordenatuki egiten dute salto ale batetik bestera. Kapituloetan. Eta kapitulo lojiko eta konsekuenteetan. Ez da gaur gauza bat eta bihar beste bat horrela, gertatzeagatik gertatzen.. Ez ez ez. Edozein gertakizun ezin gertatu daiteke edozein egunetan, batez ere gertakizun politikoa bada. Esate baterako ezin gertatu daiteke mementu honetan, Mugica la Espigan bi banderilla gutxiago pagatu nabiean harrapatzea. Datorren urtean agian, bai, baina gaur egun ez. Analisia politiko zorrotz eta intelijente baten bidez posible litzateke mundu honetako gertakizunak ikertzea; argumentu bati loturik eta kapituloetan ordenaturik datozenez gero.

        Koldori deitzen diot nere intuizioak komunikatzeko:

        — Hi, datorren astean baietz Monzonek esneduna biolatu, edo esneduna ez bada beste edozer, napartarren tradizio forala adibidez.

        — Moteil hi itsututa hago politikarekin, baina erabat obnibulatua. Gainera Monzonen edadearekin.

        — Maioritarioen beharkizun historia da ordea —razonatzen diot baina alperrik—. Maioritarioen estratejiak Monzonen desprestijioa eskatzen dik. Monzonek bi gerra artean, bi belaunaldiren artean, berak esan ohi duen bezala, atzoko eta gaurko gudarien artean egiten duen lotura, zubia, hautsi egin behar ditek, nahi eta nahiez, eta bide batez, independentismoaren presentzia eta borroka noblearen nostaljia. Horregatik abutxeatu ziaten Bergaran, baina berak lehendabizi ostegun trajikoan parte hartu behar izan zian, nolabait ere abutxeoa justifikatua izan zedin. Orain harrikatu egin behar ditek, ez zegok lekurik besteetan hain ondo etorri zaien alde akrata hori gordetzeko. Lehen bai, tanta, cocktail amerikanoan angostura bezala, baina pasatu gabe zeren oinarria jakina, Campari eta vermoutha. Baina orain ez gaude cocktailetan gosaltzeko orduan baizik eta angosturak ez du falta putorik egiten, ez eta tantaka ere. Orain Ajuriagerrak esaten duena, txokolatea eta txurroak batez ere. Bueno, orain harrikatu egin behar, baina demokrata batek ez dik hola, ostegun trajikoan astapistola haiek bezala pertsona bat motiborik gabe harrikatzen, eta horregatik Telesforok beharkizun politiko traszendental hori justifikatzeko nahi ez badu ere norbait biolatu behar. Esatebaterako esneduna. Teoria hau elaboratu egin behar diagu.

        — Hik ikusi baina gaia politikoa duk eta benetan honeraino natxiok —esaten du metro terdi seinalatuz.

        — Baina politikak gure bizitza osoa kutsatzen dik —esplikatu nahi diot teoria egiztatzen duten exenploak bilatuz—. Joan deneko egun batetan nere aita defuntuaren lagun batekin topo egin nuen kalean. Egia esan ez zen nere aitaren laguna, baina laguna zela diot bere edadeaz ohar zaitezten; irtenbide nobelistiko bat. Gure mutilak tiroz hiltzen zituztenean negar egiten zutenetako bat, eta bihotzez, materialki ez dakit, apoiatzen zituenetakoa. «Ze potro dituzten seme». Badakizue. «Hemen berehala egiten dituk heroeak», esan zidan Apalaz mintzo zelarik. «Hori orain arte ez zen inor». Eta estrainatuak? «Hoiek dira errezibimenduak egiten zaizkienak» —nere bekain britanikoa altxatzen dut harriduraz— «Onda iruditzen zait e?» jarraitzen du «ondo iruditzen zait baina hor daude gerra egin zutenak ere, eta hoietaz ez da inor akordatzen». «Eta Monzon, zertan dabil Monzon?».

        Ez zen oraindik harritzeko ordua, Monzon teatrero esateko ordua bakarrik. Ordu beherak pentsatu nuen. Baina ezin izan nuen areago jarraitu nere pentsamenduekin, ez bainuen orain deskubritu dudan legearen berri.

        Nire aitaren lagunak gertakizun konkret eta konfesagarri batetan behar zuen finkatu bere desakordioa, bere hausteko gogoa eta gertakizun hoiek etorri egin behar. Lehendabizi ostegun trajikoa eta gero —ezetz asmatu, baietz asmatu— eta gero, inpuesto erreboluzionarioaren asuntoa noski. Urrengo nere aitaren lagunarekin topo egiten dudanean, lasai lasai, batere lotsarik gabe, ordurako, gertakizunek justifikatuko dutena esan ahal izango du, Monzon abenturista bioladore bat dela eta Apala lanerako gogorik ez duen alproja galanta.

        — Alproja galantak inpuesto erreboluzionarioa eskatzen dabiltzen delinkuente hoiek.

        — Baina on Kosmek berori ez ahal da konturatzen inpuestoengatik ez balitz ezingo lukeela demostratu ETAkoak zerebro ortopedikoekin dabiltzan delinkuenteak direla?

        — Bai delinkuenteak, zeren gauza grabea da, kontuan hartu entrepresariek dabiltzan bezala, ontzia ur gainean, gu guztiok garamazkigun ontzia ur gainean ezin mantendurik dabiltzela, eta gainera inpuestoak eskatzen bazaizkie, joan egingo zaizkigula Euzkaditik, eta arrazoin guztiarekin gainera, esaten du Celak rabiza eta colipoterren artean egiten dituen direrentziak entrepresariak eta negozianteak bereizteko aplikatu nahi lituztekeen Deiara kartak bidaltzen dituen irakurle batek. Joan egingo zaizkigu bai, eta arrazoin guztiarekin, eransten du malkoak begietan.

        Ba jar dezagun herriko jaietan taberna bat entrepresarien alde, esaten diot konsolatzearren ikastolak aurrera atera baditugu atera ditzakegu aurrera entrepresariak ere diot, baina konsolatzearren bakarrik eta kolaboratzeko asmorik gabe, zeren neretzat, nere teoriaren arabera, garbi baitago asuntoa: Hemendik aldegin nahi duenak arrazoinak bilatu behar, eta inpuesto erreboluzionarioarena ez balitz sortu, beste edozer alegatuko zuten, adibidez, ez dietela azeitunarik jartzen vermouthean edo auskalo.

        Zeren hemendik diktadorearekin joan direnak zerak dituk, suiztar, aleman eta amerikano anonimoak esan zidan Mario Onaindiak mesanotxe gainean azalduz, langileria bere eskubideetaz jabetzen den lekuetatik ohi duten bezala leku patxarosoagoen bila. Hortik zetorrek hemen deskapitalizazioa. Mundua zabal baita eta ez dago betirako leku batetan gogoz kontra zer egonik.

        — Gasteizen bezala, jartzen duk fabrika, ematen diek lana, eta gero eskertu beharrean larehun miloie eskatzen dizkitek deskontaminatzeko. Ez baita posibie.

        Aingeru hoiek leku batetan gustora sentitzen direnean karten bitartez bidali daitezkeela pentsatzea ere...

        — Hi, eta orain grisak bidaliko dizkiagu inpuestoak eskatuz.

        — Oso ondo. Aber, ekarri bi sobre eta papera...

        Jende hau gehiago ez tratatuz galtzen ditugun posibilitate literarioak...

 


 

Begira nundik nora enteratzen garen hain harro sentiarazten gintuen Gobernua exilioan mantentzeak ez zuela beste munduko meritorik, ez errentabilitate politikorik. Eta honorable Tarradellasen hitzak dira, kanpoan gobernu bat mantentzeko tentazioak aldenduz, catalanen arteko gerra zibila ebitatu duela esaten baitu, 677. Le Nouvel 0bservateuren jasotzen diren deklarazio batzutan. Eta klaro, gerra zibilak direla eta, euskaldunok aipatu behar honorableak, hara nola dion gure prolema ez dagoela Madrilen, Euzkadiko Gobernuaren eta ETAren arteko borrokan baizik. Eta gutxi balitz, besoekin butifarra eginaz (izorra hadiren jestu hain catalana berau) ETAkoak konprenitzen dituela esaten du, agure marmalari hoien (viuex grognards nationalistes basgues) erritekin inkordiatuak izaterik nahi ez dutenean. Molt bé. Jainkoak esana...

 

KOLDO IZAGIRRE

RAMON SAIZARBITORIA

 

Zeruko Argia
754. zenbakia
1977-10-02

  Zenbaki hartako
beste artikuluak