Aurkibidea


Esan beharrik ez dago

 

Hik behintzat badakik Gudari Zaharraren egunean herorretaz pentsatu genuela, han, Debako elizaren atzealdeko iluntasunean, azken boladan heure ingurukoetakoen bajak gero eta sarriago eramaten bahaute ere elizkizunetara, lekuz kanpo deseroso xamar imajinatu hindudala. Igandeetako alkandora zurien lepoetatik agertzen ziren lepoak identifikatzera jolastuz, sorbalda atzeetan elkarri heltzeko erortzen ziren eskuak nekazari eskuak, izkribiente eskuak, klasifikatuz denbora pasa.

        Brigadetarako suizar hartaz gogoratuko hintzen «la guerra une y hermana», arrazoi ilunean batengatik gerra bukatzerik nahi ez zuen suizar italianoa. Eta arrazoi zian suizarrak, zenbat beldur, ogi gogor, gose eta tabako txar eta puta zahar, gerra-bizitzan berdintutako eskuetan konpartituak eta pake-desbizitzan berriro nekazari eskuak, izkribiente eskuak eta burges eskuak izatera itzuli direnak.

        Adibinatzen diagu Mama Inesen lekua heure pentsakizun konplejoen artean. Mama Inesek Batallon Alpinoko euskaldunei Geronako frentean erregaloz bidalitako txanpaina kaja. Kliente onak zinetelako diok lreuk, edo lan gutxi ematen zenutelako, auskalo. Gauza ez duk putetan zentratu behar, baina zer nahi duk, puten gorabeherak izan hituen pattar botila aurrean estoikoki egunaren abiadaren kontra borrokatzen genuen udazkeneko gau haietan, puta gorabeherak izan hituen heure jardunean gehien harritu gintuena. Izan ere, guk, geure kidekook, ez baikenuen uste zenituztenik. Pater absentis, lanean eta soziedadean izkutatu diguten aita ausentea. Eta Don Alberto de Onaindia, Canónigo magistral eta besteen relatoetan. Bonbardeo aurreko meza eta bonbardeo ondorengo jaunartzea... Haragitu egin hatzaigu gerra mundialaren bezperetan Margot baten besoetara joateko praken joskurak zorriz garbitzeko eginahaletan.

        Zenbait akordiotara iritsi gintuan patar botilaren hondarrari begira. Euzkadik ez duela esistitzen, proiekto bat dela, interesa dugunok, eta interesak ez ditugunok bakarrik aurrera eraman dezakegun proiektoa. Hala ere, heure tesietan iraun beharra, «lehendabizi askatu eta gero gerokoak» tesiarekin, baina hori geroago izan huen. Lehenik mesfidantzaz mesfidantza hurbilduz, «viva rusia»ka zebiltzenekin zer ikusirik ez dugula konbenzitu behar izan hindugun. Orain behintzat baduk gure heureganako errrespetoaren berri. Gure problema lehen zuena bezala, ohorez galtzea desohorez irabaztea baino nahi izatea dela badakik. Enkuadernaturik dugun liburu klandestino bakarra George L. Steer-en «El árbol de Gernika» izan dela. Nafarroaren hondorapenaren historia abots gorenez eta emozionatuaz irakurri dugula lagun artean. Burgosko penalean heriotzera kondenaturiko jefe eta ofizialen argazkiak banan banan pasatu eta berpasatu izan ditugula aurpegi guztiak ez zekiagu zer incognita despejatu nahiean.

        Hik behintzat badakik guretzat kuestioa ez dagoela ukabila estuturik besoa jasotzean, edo bularrera iristen ez diren gurutzesantuaren laburrak eginez heure egunari hasiera ematean. Badakik zuengandik sortuak garela, heure gerrakide sozalista eta komunistek ez dutela komunismo ez sozialismo abertzalerik sortu ahal izango —ez ditek sortu, baietz esaten badute ere— eta zuengandik sortu dela abertzaletasun ezkertiarra, zuen etxeetan seme problematikoak. Eta harro garela zuetaz.

 


 

Berriz ere suspenso

 

Ez zarete inoiz ezer izango... eta ez hitzegin neri ahoa beterik duala, alproja horrek! Katalanek bai, lortuko dute hoiek autonomia eta direnak eta ez direnak. Zuek berriz, alproja hoiek, hitz asko eta zalaparta ugari, eta hutsa. Horra hor Diada, miloi terdi pertsona eta denak batera armonia on askoan. A ver si aprendemos, esan zuen gure Irujok ere, tristea baita gutarrak beti azkenak izan beharra, kondutan, urdanidadea, gramatikan, beti azkenak.

        Ikasgai ederra Diadarena, ikasi nahi duenarentzat. Eta beste errespeto bat honorableari ere, eta hemen berriz, Leizaolari nork egiten dio kaso, ez baituzue ezer errespetatzen! Klasean gaiztoak, eta errekreoan hobeagoxeak balira...

        Kantatzen ere konparatu egin behar! Gure kantariek beti iraultza hitzean eta hortzean dutela, Llach eta Serrat eta, katalanek bai dakitela kantari kantari esaten zuten Letek eta Valverdek ere.

        Eta beste gauzetan, askoz arrunt baina inportanteagotetan ere haiek aurretik. Esate baterako, ba, hortan. Eta entenditzen gara, zeren dagoeneko mundu guztiak baitaki. Vox populi. Zuek jan eta edan bai, baina hortik aparte, apenas dakizuen zertarako daukazuen ere.

        Nik behin ligatu nuen katalana batekin, kasualidadez ziur asko, leku txarrean gelditzeko ez baitu kanpoan jarduteak pena merezi, eta Deiaren irakurleek kartetan esan ohi duten bezala, hobe baita gure lotsak etxekoen hartean gordetzea, eta hala gorde izan ohi ditugu, etxean, eta ez pertsona askoren artean gainera.

        Gauza da, ohe azpian betiko galtzerdi extrabiatuaren bila nenbilela, berak telefonoa hartu zuela.

        —Mercè, soc la Nùria. Avies raó. El basc et lo pungis encima i el pobret es dorme come un nenet. Conmovedor.

        Baina ez da hori okerrena, agian, Kataluinan katalanez egiten dute, eta guk berriz erdara hutsa. Eta ez du balio praileak errabia dizuela esateak.

        Baina gure Beñardok ere botatzen dituela ederrak. Bertsotan ez duk izugarri ona izango, baina bota, galantak botatzen ditu edonoren aurrean. Harek diona ze kulpa dugu guk, hala jaio baginen? Norbait izan behar azkena, eta ez baitugu kulparik azkenak izateko jaio baginen. Zer egingo diogu ba, hil artean bizi.

        — Erridikuloa besterik ez baitugu egiten zuekin —dio On Hilariok— Madrilera eta Barcelonara joan behar izaten dugunean.

        Barka beza, baina gure suspensoak asumitzen ikasi beharko du, guk ez baitugu geure notak falsifikatzen hasteko asmorik. Eta Carlos Gustavo Frecher-en heriotza egunkarietan falsifikatzea ez baitzaigu noblea iruditzen. Falsifikazio innoblea baita «Ha muerto Maria Callas. El apodo »La Tigresa» definía su temperamento» Deiaren 88. alean lehen planan argazkiz horniturik eta bi kolumnatan ateratzen den bitartean hamazazpigarren orrialdeko ezker goaildean «España» sailean kolumna bakarreko hamaika lerro exkaxetan «Muere el joven herido en la Diada» izkutatzea. Diadaren exenplua ikasgai bezala lehen planan eta egunero proposatu izan zaigunean, batez ere.

        Bakoitzak ahal duen neurrian, eta jakin bitza berorrek bi gauza: katalanei guri geure hizkuntza traketsean izkribatzea kostatzen zaigun adina kostatuko balitzaieke berean, ez litzateke katalanez liburu bakar bat ere izango, eta katalanek, beren honorablearekin Estatut d'Autonomia lortuko badute ere, independentzia; independentzia geuk lortuko dugu. Beñardo lekuko.

 


 

Ongi dago rnanifestapenetan slogan unitarioak edo bateratu xamarrak eskatzea. Zuen gustora. Ongi dago euskaldunen batasunerako deiak eta oihuak egitea. Ongi dago langilea eta nagusia, ardozalea eta elizkoia, jokalaria eta zuhurra, mutilzaharra eta alargun berrezkondua bateratuz, elkarbilduz, osaegokituz, enaituz («lepoan hartu eta segi aurrera») alderdia, herria eta aberria egitea. Ongi dago eta ez gaude seguru.

        Baina seguru gaude, Ajuriagerra jauna («El Congelado»), ez dagoela batere ongi, ez duzuela eskubiderik, ezin onar daitekeela inolaz ere, salatu eta kondenatu egiten dugula Euskaltzaindiaren gomendazio baterakoiak eta guztiz batasunzaleak —eta euskaldunari euskara bai ardura zaiola— pikutara bidaltzea, ez ikusiarena eginez bizkarrak harrotzea:

        «La Real Academia Vasca en este punto concreto ha expuesto una opinión y nosotros tenemos la nuestra y con arreglo a ella actuamos. Nada más» (53.gn Punto y Hora, Ajuriagerra, el hombre de peso del PNV).

        Eta Monzoni esan dizkiozuenak esateko ere ez duzue eskubiderik. Zurekin gaude Telesforo, ze kristo.

 


 

Ez zaigu munizipaletarako inor etorri oraindik ezer proposatzera. Ez da sintoma ona gutaz ez akordatzea. Dena dela, zuek zentralismo demokratikoaz eta beste ari bitartean, baietz kolatu partidu «maioritariokoek»; kontratista jator herrikosemea batetik edo pikapleitos sozialista autonomista bestetik gure kontzejuetan.

        Ea ba lehen hait lehen proposamenak, gure herrietako bizitza eta ingurunea kualitatiboki aldatzeko indarra izanen duen imajinazio hori, aursardia eraginkor hori, boto «utila» eta karakruza inposibilitatuko duena.

        Zuen kontu. Edo ikusten dugu ezker abertzale batu bat besteek ezin proposa ditzaketen proposamenez betea, edo politikan sartzen gara geu.

        Eta orduan deskojonatuko ditugu deskojonatzekoak.

        Zuen kontu, literatura politikan sartzen bada.

 


 

Benetako meritua dutenak liburudendariak dira. Hor egon behar izan dute goiz eta arratsalde Bulebarreko harri koxkorrak zapata berneetatik atereaz.

        Baina begira, hola ikusiko zuten kanpoko udatiar guztiek Basque Country-n ere kultura bat badela, eta hiztegiren bat erosiko zuten, edo diska bat, zer edo zer bai.

        Eta bertakoek jarrai dezatela Arantzazuko Ama Birjinaren Egutegiaren orriatzeak gauero irakurriz.

 

RAMON SAIZARBITORIA

 

Zeruko Argia
753. zenbakia
1977-09-25

  Zenbaki hartako
beste artikuluak