Aurkibidea


Orain ere esango dute

 

«O estamos todos locos, o las consecuencias de lo que ha ocurrido el jueves en Donostia van a ser positivas», zion Monzonek trajediaren biharamonean. Ados gaude jelkide zaharrarekìn.

        Eta prentsaren aiene eta lantura zinikoek bestela pentsatzera behartu nahi bagaituzte ere, hemen gaude, gu, kazetalari hizkera ausartenaz esateko, gauzak bere lekuan jartzeko. Gertakizunen, baina nola gertakizunen, akontezimenduaren alde positiboak bistan daude.

        Nola izango genuen bestela, Monforte euskal parlamentariaren pantorrila preziosoa ezagutzeko aukera, eta gu pantorrilaz zertxobait dakigunak baikara, eta benetan esan dezakegu Monforterena bezalakorik gutxitan ikusi ahal izan dugula munduko parlamentaritegietan zehar. Hala, da, eta PNV-k argi eta zuhur jokatzen baldin badaki, partidu handia atera dezake hurrengo auteskunde munizipaletan bere parlamentarien pantorrilekin.

        Nolatan ausartu dira mukitzu alu hoiek gure gudari sufrituak insultatzen eta atakatzen amnistia eta autonomia eskatzen zuten bitartean. Nolatan, gure Joxebari faxista deitzen, nolatan?

        Bai aita, faxista izatea ez da derrihorrez alkandora beltza edo urdina edo pardoa ere jaztea, ez eta gauetan liburudendak erretzea (Italiako partisanoak, Frantziako resistentak, Españako makiak...) posible da koiuntura batetan jarrera eta jokaera iraultzaileak defendatu izan arren, berrogei urte geroago, koiuntura hura deuseztearekin batera, iraultzaile jokaerak itzaltzea. Ejenploak barra-barra.

        Zer da orduan, esango duzue, A.P.koa izatea?

        A.P.koa izatea, ba, hori, iluminatuen fascismus astronomicus-en estatutoan sartzea. Bai, hori faxismoa da, faxismo espektakularra.

        Bestea, batzuengan gutxiago, besteengan gehiago guztiongan bizi dena, barne-faxismoa, faxismo subterraneoa da, progresista batengan ere bizi daitekeen faxismo mota, hain zuzen. Faxista da militante demokrataren jarrera seksoaren aurrean, faxista da gizonon jarrera emakumeen aurrean, faxista da pertsona normalon jarrera zoro eta marjinatuen aurrean.

        — Eta auteskundeen irabazleei kalean manifestaziotara jolasten ari direnei oportunista deitzea? Hori zer da?

        — Bale txo...

        Denok dugu faxista tantaren bat. Alderdi Eder-etik Bulebarrera joateko herria servicio de orden batez «zaindu» egin behar dela pentsatzen duenak berriz, tanta lodi xamarra.

        Hautsi egin da herriaren batasuna, esaten zigun On Hilariok, eskandaloa aireatu da, herri xehearen inozentzia zikindu da.

        Batasun artifiziala baino gauza okerragorik ez da posible. Aparte bizitzeko jaio ginenok, zergatik («gutxienez, itxura gorde») elkarrekin jarraitu, eta ez dugu nahi irakurlea tontotzat hartu diborzioaren parabola kontatuz.

        PNV, PSOE eta PCE elkarrekin bizitzeko jaioak direla? Ba, bueno, jarrai dezatela armonian. Maitasun batzuk eternoak omen dira.

        — Ezkerra berriz beti elkar joka. Ez ahal du horrek zuen inkoherentzia adierazten?

        Horiek, konzepzio faxistak dira, On Hilario, barka beza.

        Eskuinaren helburua (eta ezkertiar autobataiatzen diren zenbait alderdirena) edozein botere edozein preziotan lortzea da: eskuinaren batasuna boterea arteko epe labur horretarakoa da, konpromisu taktiko-estrategiko bereziak eta bitxiak eskatzen ditu. Horrela Arzalluz («Mira que es aldeano el jesuita este» pentsatuko du Mugikak), eta Mugica («Este tio es más español que la toquilla» pentsatuko du Arzalluzek) eskuak eskuetan, begiak begietan, dihoaz kantari ezer esan gabe, e.a. baina ni bakarrik ez baitut maiterik...

        Gu berriz, ezkertiarrok, ez dugu boterearen edo botere hurbilaren erresponsabilitaterik, eta bai eta, bai, eskuina erazten ez duen konbikzio moralaz egin dugun etikotasuna (ai, txikitandik ezagutu genuen Werber!). Eta konbikzioz mugitzen garenez (geure helburua bizitza aldatzea denez, luzerako izaki hori), muturka pasa behar arratsaldeak eta kopak hartuz gauak. Gurea printzipioen borroka da, ez boterea lortzearena. Koalizio taktikoen bitartez ezin bizitza hobeagotu; gehienez ere, parlamentari eskaino bat lortu. Parlamentari batek, zoritxarrez, ezin gure bizitza aldatu.

        Beste alderdi positiboa, eternitate bokazioa duen gure alderdiaren basearen zati garrantzitsu batek hartu duen patxada, buruko minez ibiliko baitziren beren kontraizanak ezin gaindituz: alde batetik boto eske ari zaien alderdia; bestetik paraje hauetan (eta askotan, hain erraietatik) sortu diren gazte iraultzaileak, «hainbeste gauzatan arrazoi dutenak»...

        Kontrizan hori ezin zitekeen gehiago luza. Ongi zegoen Madrilen potroz presumitu behar zenean...Ezin zitekeen gehiago luzatu; orain batzuek ikusiko dute zaharrek zutela arrazoia, eta kalean dabiltzen hoiek astapistola batzuk besterik ez direla, eta nundik nora gure Joxebari faxista deitzea, orain badakigu zer diren eta nora joan gintezke demokrazia errespetatzen ez dutenekin.

        — Ezetz On Hilario, ezin zitekeela gehiago erakunde harmatu baten borrokan sinesten zutelakoa.

        Bainan errepresentazio honen alderdirik onena, orain geure gelako bakardade pekaminosoan Monforte euskal parlamentariaren izterra admiratu ahal izatea.

        Egia esan, Mugica Herzog-en ipurmami aberatsak admiratzea ere gustatuko zitzaigun (eta gusto hori herriari ez ematean bai direla kritikagarri, beste ezertan ez bezala, probokalari profesionalak). Hala ere PSOE-k nunbait, baditu bere errentak horrenbesteraino iritsi gabe, eta orain arte bezala, ametsetan adibinatu beharko ditugu Mugica Herzorg-en morbidezia guriak.

 


 

TORTILLAK BUELTA EMATEAN, NI GUARDIAZIVIL esan zigun atzo pezera batek

partidoetako taldeen artean urjentziako inkesta bat egiten ari ginenean. Ez zigun izenik eman nahi izan, baina itxuraz ongi prestatua zirudien eta beste iturri batetatik jakin dugunez, kurso intensiboak ari dira prestatzen partidoaren barnean.

        Seste zenabìt gauzaren artean, Maturanari enbrageak failatu ziola direktara pasatzerakoan, esan zigun han zebilen psoeko batek. Beste galdera bat formulatzera gindoazela, averr chavales, carné de identidá, ( Koldo, arnasa errekuperatzeko oraindik).

        Partidoek probo inkortrolatuen lokalizazioa eskatu dute. EIAk bere partidu barnean ere azterketa bat egitea prometatu du. Guk, geure partetik, inbestigazio serioak jarri ditugu martxan, eta oraingoz inkontrolatuen parte bat identifikatzea lortu dugu. Argazkian ikusi ahal denez, probo azkar hauek UCD-z kamuflaturik zeuden, atzeman genituenean. Baina oraingoan ere, justizia azkarrago . (Argazkian, probo taldea UCD-z kamuflaturik atzeman genituen mementoan).

 

RAMON SAIZARBITORIA

KOLDO IZAGIRRE

 

Zeruko Argia
752. zenbakia
1977-09-18

  Zenbaki hartako
beste artikuluak