Aurkibidea


Madrilen pepinoak merke

 

Hemen azpian zinatzen dugunok, erabateko akordioaren ondoren, astero Zeruko Argiako bazter honetan agertzea erabaki dugu, bakarka nahiz taldean. Baina, nork hasiera eman lanari taldetasuna galdu gabe! Elkar lan batekin aurkeztea pentsatu dugu.

        Zenbait proposamen (interesgarriak, haatik) baztertu ondoren, euskal politikoen (eta ez ahantz, denok gara politiko) dimentsiorik humanoenaren bila zuzendu gatzaizkio geure gaurko pertsonaiari: euskal parlamentari baten ama.

        Zergatik euskal parlamentari baten ama? Ama, denifizioz (Sergio Finzi, «Le père anal», Psychanalyse et politique, Seuil) esentzia bera delako. Bestalde, nork ezagut dezake edozein gizonen (eta areago politiko bada) alde guztiz humano hori, ama batek baino hobeki? Telefonoz egin dugu zita: «bai, baina ez baitakit nik ezertxo ere politikaren gainean». Lasaitu egin dugu guri ere ez zaigu politika interesatzen.

        Kazetalari karnetak erakutsi behar izan dizkiogu atezainari. Carga máxima 3 personas. Bernardori tokatu zaio oinez. Paretsu heldu gara baina bizpahiru minuta, egin behar izan ditugu arnasa bere onera itzul dakion. Bernardo, tabakoak eramango hau...

        Zalantzan, elkarri begira, tinbrea nork joko urduri. Ama bera azaldu zaigu, tinbrea jo gabe. Bernardo, eztul hori.

        — Zu ahal zara Amatiño? —Koldori, gaurdasola hartzen diolarik. Adin indefinitu bat ile grisetan, beltzez jantzia, ibilera pizkorra.

        — Esan dizuet ba, politika gauzetan ez dakidala ezertxo ere —aulkiak eskainiz.

        Guztiok buruan dugun galdera bota du Ibonek:

        — Zein da zure semeak esan zuen lehen hitza?

        Amaren irrifarra nostalgikoa da; semea bidaia parlamentario arriskutsutan ikusten duen eta haurra berea eta berea bakarrik zuen garaiaz oroitzen den amaren irrifar nostalgikoa.

        — Kaka, edo egia esateko, eta hemen ageri da dagoeneko nere (diminutibo maitekor bat erabiltzen du) seme maitearen elokuentzia parlamentarioa, kaka, kaka, pis.

        Z.A. Aldaketarik somatu ahal duzu semearengan parlamentari izendatu zutenez geroztik?

        Ama. Zer esango dizuett ba, ingurukoak gehiago aldatu gara, bera baino, igual. Lehen, jan nahi ez zuenean edo, errita egiten nionean, ba, horixe, seme bati errita egitea besterik ez zen; orain berriz, herriaren errepresentate delarik, nolabait ere zigortzen badut, herriari errita egiten diodala iruditzen zait.

        Z.A. Irakurtzen ahal du?

Ama. Denborarik ba ahal du ba gizarajoak? Orain ez, baina lehen izugarri. Hor du bere gela liburuz betea, ikusi nahi baduzue...

        Alboko gela balera eramaten gaitu. Euskal etxearen ezaugarria zen koarto iluna izandakoa noski. Kontsola gainean, Salgari, Martín Vigilen «Una chabola en Bilbao», Bécquer «Rimas», Dumas «Los tres mosqueteros», Labastiden «Jóvenes perfectos» eta L. Screminen «El vicio solitario», «Suecia, paraíso o infierno», R. Schakleren «Cómo triunfar en la vida» eta «Assimil francés» dira gure memorian gelditu diren izenburuak.

        Z.A. Euskaraz ba ahal daki?

        Ama. Baietz uste dut.

        Z.A. Ba mitinetan eta halakoetan ez zaio entzuten.

        Ama. Eske horrelakoetan hitzegiteko, edo irakurtzeko eta izkribatzeko, euskara konplikatua da.

        Z.A. Beste batzuek ikasi dugu ba —Berriro ere Ibon eta bere espekulazioak.

        Ama. Bai, baina zuek ez zarete parlamentariak. Parlamentari bat problema inportanteagoak konpontzeko dago. Eta noski, egunak hogeitalau ordu.

        Z.A. Zetntzuk dira problema horiek?

        Ama. Nondik hasi ere... Problema guztiak nahi ditu bere gain hartu. Urrutirago joan gabe, hemen gaude urik ez dugula. Hasi ziren hauzokoak kaineria konpontzen, baina gure semeak ezetz, horretarako zeudela Parlamentoa eta Euskal Parlamentariak...

        Z.A. Ur pizka bat emango ahal zenidake? (Ramon honen sena poliziakoa la hostia da).

        Ama. Sentitzen dut ba, baina oraindik ez da uraren kontua konpondu, baina ez da izango nere semea ahalegintzen ez delako horregatik.

        Z.A. Bukatzeko, anekdotaren bat?

        Ama. Ez dakit anekdota bezala balio duen, baina nik beti jakin edo somatu nuen, farra egingo baduzue ere, haurdun nengoelarik sabelean nuena apaiza edo parlamentaria izango zela. Ez dakit, mugitzeko forma, zerbait. Eta hala gertatu.

        Z.A. Zer nahi zenuen gehiago, apaiza ala parlamentaria izatea?

        Ama. Begira, galdera horixe egiten diot neure buruari eta ez dut erantzunik aurkitzen. Beti esan ohi da Jainkoak zeruarekin premiatzen dituela apaizen amak. Zeruko Argiaren orriak aprotxatu nahi ditut eskari bat egiteko. Orain artean apaizen probilegio hori euskal parlamentarien amei ere emateko.

        Berriro kalea. Eguzkiari eskaintzen dizkiogu euritakoak. Ramonek Teniente Colombo gabardinaren solapak altxatzen ditu eta patrika lateral batetik Luigi Screminen «El vicio solitario» (horror, lapurtu egin du!) atereaz, deklaramatzen hasten da, lau haizetara, paseante-elektoreen begirada indeferentearen aurrean: «Es absolutamente falso que la continencia o la castidad produzca la enfermedad nerviosa que se pretende... La castidad es condición necesaria para la prosperidad de los individuos, de las familias y de las naciones; y los gobiernos, si fueran más morales, harían cuanto pudiesen para tener siempre generaciones castas y robustas...»

 

BERNARDO ATXAGA

KOLDO IZAGIRRE

RAMON SAIZARBITORIA

IBON SARASOLA

 

AZKEN ORDUKOA.— Gure elkarrizketa iadanik konposatua zegela, euskal parlamentari taldeak jakin erazi duen herri-mobilizazioei buruzko oharra irakurri dugu egunkarietan. Ea mutilak, geroa da bihar!

 

Zeruko Argia
750. zenbakia
1977-09-04

  Zenbaki hartako
beste artikuluak