—1896 Maule—

 

Madalen Larralde saratarra

Hamabortz urthetan hila, 1794an

 

Laurent Diharassarry "Ortzaizeko erretora"

 

                      1

Elizak hutsak ziren, aphezak ihesi,

Debruaren muthilak Frantzian nagusi!

Gure Eskual-Herrian, orotan gainetik,

Giristino jendentzat etzen bizitzerik.

 

                      2

Primadera goiz batez, argi urratzean

Saratar bat heldu zen Berako bidean,

Nexka gazte guria, Madalen Larralde,

Bakharrik, othoitzean, zohan etxe alde.

 

                      3

Betbetan sasipetik, otsoen pareko,

Soldadu batzu oihuz ateratzen zaizko.

"—Non habila, neskatxa? Zertan hintzen Beran?

Hots, egia dena den, guri laster erran."

 

                      4

Badaki Madalenek, egia erranik

Ez dela harendako luzaz bizitzerik.

Hala ere nahi da egiaz mintzatu:

" —Kofesatzeko, dio, naiz Beran izatu.

 

                      5

—Zer! hoin lili freskoa hoin laster ebaki?

Ez, nahi hindukegu bizirik atxiki,

Ez aithor beraz zertan hindabilan Beran.

Xuri edo beltx, bertze zerbeit asma ezan.

 

                      6

—Bertzerik erratea gezurra litake,

Gezur hortaz arima zikhinduko nuke.

Hil behar balin badut, hil nadila garbi,

Garbi bizi dena da egiazko lili."

 

                      7

Eta Madalen bethi hitz berean dago.

Nola Saran lehenik, Donibanen gero.

Han dire Donibanen, jujeak bildurik:

Badohakote nexka begia lainorik.

 

                      8

Bai, bai, jaunak, hala da: kofesatzen nintzen,

Ez dut egin dutana batere gordetzen.

—Haizen bezalakoa badinagu aski:

Lephoaren moztea din horrek merezi.

 

                      9

—Lephoa dautet beraz sarri pikatuko!

Ez naiz ordutik mihiz mintzatzen ahalko,

Bainan hor izanen dut odola lekuko,

Gogotik hil naizela egiarendako."

 

                      10

Jendez da, Donibanen, estalia plaza,

Plazaren erditsutan gilotina gaitza.

Aingeru bat iduri debruen artetik.

Madalen agertzen da eskuak loturik.

 

                      11

Oro nigarrez daude, hura aldiz kantuz.

Lorietan badoha hiltzeari buruz.

"Salve, Regina", dio, "Agur Erregina".

Zutan dut esperantza, Ama guziz ona!"

 

                      12

Iganarazten dute tresna lazgarrirat;

Burua pikaturik badoha lurrerat,

Bainan arima xuxen altxatzen zerurat,

EGIAK du betikotz hartzen bere ganat.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus