—1895 Bera—

 

Lili gorria

 

An.

 

Ene arrebari

 

                                Geldian

                                Jainkotiar

                                Guduan

                                Gero azkar.

 

                            1

Erreboluzioneak zuen zafratzen gure lekua

Herriaz tzarrak nagusiturik, zer nahi zuten egiten,

Har ahal har, ondarra fundi, sar ezpata, bota sua,

Han zabiltzan, salbaiak iduri, gauza guzien hondatzen.

 

                            2

Nahi zuten beren errabian jabetu ere arimez,

Bainan gure aitak eskapatuz hekien aztaparreri,

Elizik gabe, apezik gabe, hargatik azkar bihotzez

Nahasmendu guzien erdian zeuden leialJeinkoari.

 

                            3

Saran apezik ezin izanez Sakramenduen hartzeko,

Egun hetan Madalen Larralde, neskatxa jainkotiar bat,

Zakielarik piaia hortan bazirela lanjer franko,

Herrian ezin izanen bila gaten zen Espainiarat.

 

                            4

Heldu zelarik behin etxerat Espainiako beilatik,

Hara non gure kontrabandixta bi gardek zuten aurkitzen,

Eta lainoki gixagaixoak zertan zabilan erranik,

Donibaneko presondegirat estekaturik ekartzen.

 

                            5

Madelenek Jaunari zioen presondegian ahuspez,

Huna denbora, lagun nazazu, o ene Jesus leiala,

Gaxtaginekin preso harturik naramate nere ustez,

Eriotze latzgarri baterat zure gatik zu bezala.

 

                            6

Belauniko zelarik gaixoa, Jaun bat han zaio etortzen,

"Bozkaria zaite, haurra, zutaz jujea da urrikaldu,

Errozu Espainian zinela ahide baten ikusten,

Berehala etxerat utziko zaituela hitz eman du."

 

                            7

Zer diozu, ene jaun maitea, gezur bat dezadan erran!

Ez zarela gure artekoa ezagutzen dut hortarik.

Bekatua zer den bazintuzte irakutsi katiximan

Ez nindukezu niri eginen, ez, holako gonbidurik.

 

                            8

Jaun harrek bere baitan miretsiz, bai, neskatxaren xedea,

Utzi zuen bere zorteari, gaixoa, biotz minekin,

Madalenek aldiz ikusirik segurki eriotzea

Han zela heldu zen otoitzari eman kar berri batekin.

 

                            9

"Ez duk, Jesus nigarrik emaiten nere hogoi urteeri

Zer dudan egin bizi huntako atseginez badakizu.

Badakizu nere biotzean, andre dona Mariari,

Nere bizi guzia dutala botu batez konsekratu.

 

                            10

Ez naiz ere nere burasoez zuri errenkuratuko,

Fedearen irakaspenetan dira finkatuak barna,

Dakite ez gaitutzula egin mundu huntan egoteko,

Eta martirioa zerurat dela bide laburrena.

 

                            11

Dolu min bat nik badut hargatik, dolu min bat biotzean,

Noiz arte herria ikusiko dugu sosegurik gabe,

Xehakatua, ama gaixoa, etsaien aztaparretan?

Oi, noiz arte zaude gureganik urrundua? oi, noiz arte?

 

                            12

Gaizkia denek uraren pare edan dugu, Jesus ona,

Eta gizonaren bekatua odolak du ezeztatzen.

Guretzat kalbario gainean odola eman duzuna,

Ai zure odolari nerea, utz nazazu bai juntatzen.

 

                            13

Duela zenbait mende Frantzia etsaien pean zelarik,

Nexkatxa batek, bere odolaz, han omen zuen salbatu.

Ai, saindua zen hura, ni berriz bekatorea! Hargatik,

Gogo onez emaiten dudana, otoi, Jesus onets zazu.

 

                            14

Tribunalean egon zen azkar neskatxa jainkotiarra,

Eta Jainkoak eman legea leialki begiratzeko,

Salve erranez, gilotinarat han egiaren martirra,

Zeruko larrainetan bazuten Lili gorri bat geiago.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus