—1895 Bera—

 

Madalen Larralde Sarako martira

 

Duhaldebehere

 

                  1

Mende bat badu pasaturik

Gure Frantzia maithian

Dolu eta negarrik baizik

Ez zela leku guzian,

Nahi gabe frango ikusi zuten

Bai ere Euskal herrian,

Noren biotza ez da goibelduko

Denbora hetaz oroitzian?

 

                  2

Bai, egiazki bazen orduan

Nahaskeri hainitz Frantzian,

Gilotina ezarria zuten

Hiriko plazen erdian.

Mundu guzia ikaratua

Tresna aren ikustian,

Hetan hiltzerat kondenatuak

Baziren egun guzian.

 

                  3

Elizak oro abretegi

Ziren bilakatuak,

Aphezak ere Frantziatik

Guziak kasatuak,

Gerla Espainiako fronteran

Basten guziak ondatuak

Kapable ziren gizon guziak,

Soldadu altxatuak.

 

                  4

Denbora beltz hetan bazen Saran

Hegi-meharko partian

Familia bat jinkotiarra

Beltchaineko etxian,

Madalen zuten prestuena

Alaben artian,

Burasoak maithe zituen

Osoki biotzian.

 

                  5

Egun batez Berara juaitea

Du deliberatzen

Bere arimaren askurria

Ez du herrian kausitzen,

Hango komenturat juaiten da

Eta aphez bat galdatzen

Atsegin aundiarekin da

Arekin kofesatzen.

 

                  6

Zorion ori ez du luzez

Madalenek gozatzen

Bere arima osoki trankil

Etxe alderat heldu zen,

Lizuniako errekan zaizko

Soldaduak atheratzen

Arrastatzen dute bainan

Ez da Madalen izitzen.

 

                  7

Eremaiten dute kriminel gisa

Nagusiaren aintzinera,

Zer krima egin ahal duen

Ari deklaratzera.

Galdatzen dio: Zertarat juan zare

Espainiako aldera?

Juana othe zinen gure berrien

Etsaieri emaitera?

 

                  8

Ez, jauna, ez dut holako lanik

Egitea pentsatu,

Kofesatzerat juana ninduzun

Jinkoa nuen ofentsatu.

Bide gaberik egin gabe

Naute arrastatu,

Eta gisa hortan etxerat

Juaitea debekatu.

 

                  9

Oh! Zer erraiten dautazu

Neskatxa maithia,

Ez zinakien debeku zela

Kofesatzerat juaitia,

Bainan urrikaltzen nuzu

Zeren zaren gaztia,

Aski duzu tribunaletan

Gezur baten erraitia.

 

                  10

Ez zaitela nitaz urrikal,

Ez dut erranen gezurrik,

Neure ahotik ez da aterako

Beti egia baizik.

Egin dudan lanaz ez dut izan,

Ez izanen urrikirik,

Ez dut bizi nahi mundu huntan

Jinkoaren legean baizik.

 

                  11

Zer hitz xarmegarriak

Suzko fedez bethiak,

Arrituak gelditu ziren

Aditzale guziak.

Aingeru bat iduri zuen

Aren arpegiak,

Aita amaz oroiturik ditu

Negarrez begiak bustiak.

 

                  12

Donibane Lohintzunat jujatzera

Dute eremaiten,

Madalenek ez du kuraia

Memento batez galtzen,

Burasoen kitatzeak du

Biotzian penatzen,

Bere anaiak baizik ez du

Araino segitzen.

 

                  13

Pinet zuten ainzindaria,

Batere biotz gabia,

Hiltzerat kondenatzen du

Gure Madalen maithia,

Gilotinarat juaiten duzu,

Eztitasunez bethia

Munduari uzten duelarik

Etsenplu bat aundia.

 

                  14

Salve Regina kantatzen zuen

Gilotinaren aintzinian,

Iduritzen zaio han dagola

Aingeru guzien erdian,

Etsenplu ori har dezagun,

Ongi gure biotzian,

Zorionaz ongi gozatzeko,

Denek eternitatian.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus