—1894 Donibane Garazi—

 

Sarako Larralde Madalenaz

 

An. "Lapurtar bat"

 

                        1

Orai ehun urthe Saran zer zen gertatu

Nahi nuke nere moldean esplikatu,

Bainan eskaldun martir bat nola aiphatu?

Ene hitzak ez dire gai: othoi, barkhatu.

 

                        2

Zutaz orhoit naiz Sarako nexkatxa,

Madalena Larralde zenuien izena,

Etzait urrikaltzeko zu iduri duena,

Gozaturen du zeruan nausi dagona!

 

                        3

Frantzian, Jesusen legetarik ez behar

Tzarrek elgar aditurik in zuten indar,

Eliza hesten hasi ziren su eta pindar,

Jende onak lehertuko dittiagu bihar!

 

                        4

Hauxe da lastima! Sakramendurik ez!

Aphezak ihes gan edo bizitzen gordez,

Hoiek Madalenarentzat sobera khirets,

Joanen zela Berarat eman zen pentsatzez.

 

                        5

Goizian etxea utzirik nigarretan

Badoa Lizuniako erreka beltzetan,

Axolarik gabe nor zuken bazterretan,

Arribatu Berako aita kaputxinetan.

 

                        6

Bainan erne zagon Pinet jenerala,

Zedarri zain soldadoekin emana,

Espaina lurrian atrebiturik zen gana,

Eta sartu kaputxin komentuan barna.

 

                        7

"—Legeaz arrastatua haiz, Madalen,

Ez badun arrozoin onik ematen!

Beraz, hik Espainian afera zer huen?

—Jauna, nahiz kofesatu jina nintzen."

 

                        8

"—Beraun, tristea, niri holakorik eras!

Bertzenaz ez huke atsegaberik eskas,

Huna, erran, ikharatu haizela arras,

Frantses tropa heldu zela barranbaz!

 

                        9

Ezen horrela guri mintzatu faltan,

Hire hil arrasta beharko dute eman."

—"Jaun aintzindaria, hori sekulan!

Niholaz aitzakirik ez dirot atxeman.

 

                        10

Nere Jainko jauna ofentsaturen baino

Miletan bizia gal, egia ez ukhatzeko!"

Aithortu behar da: Madalen libratzeko,

Jeneralak in zuela enseiu frango.

 

                        11

Ba bainan guziak ordean debalde!

Etzakien gehiago zer nola galde.

Pinetek azkenian sobra dolu gabe,

Desterratua deklara zuen Larralde.

 

                        12

Donosthiarat parthe igorri onduan,

Horra Donibaneko hirirat lerruan,

Madalen zaukatela soldadoek erdian!

Ehun urthe, buruila hunen lehenian.

 

                        13

Sarako karrikan aphur bat trikaturik,

Aita-ama gaxuek alaba besarkaturik,

Azkainerat heltzen Larhun hegaletarik,

Etzen batere bihotz alegrantziarik!

 

                        14

Donibanen zagotzin tribunal zorrotzak,

Nunbeitik ethorrikan gizon arrotzak,

Hobenik gabe kondenatzeko ez lotsak!

Nork apazega barbaro horien bozak?

 

                        15

Jujen aintzinean arphegia ezti,

Bihotzaren zola Madalenek garbi,

Agertu zen bildotsa zuela iduri.

Kondenatua! egia ez nahiz estali.

 

                        16

Egun hartako inozentaren galera!

Gezur baten eskas harentzat urkadera.

Salve kantatuz, igan zuen eskalera!

Huna lephua mozturik, gazte ederra!

 

                        17

Ah! goguetetan nago gauzak ikhusiz,

Zer daiten gizonak Jainko lege hautsiz!

Mundu hunetan Madalen asko balitz

Hek aphaintzia merezi lukete liliz!

 

                        18

Ohoreak Sarari! Biba Madalena!

Eta Lahetjuzan, hango seme apheza!

Alegia bidian saltzeko gasna pheza,

Gordez kofesatzen, benedikatuz ezkontza.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus