—1894 Donibane Garazi—

 

Madalen Larralde, Sarako martira

 

Haramboure, Ziburuko xantrea

 

                      1

Mende bat badu orai oso iragana,

Errepublika zela Frantzia emana,

Mendietan barnazko soldadua gana,

Madalen han izan zen huntaz atzamana.

 

                      2

—Haurra, nondik heldu haiz, erragun non hintzen?

—Bera aldean nintzen, jaunak, kofesatzen,

—Zertako ez dun hori apur bat gordetzen?

—Ene agotik ez da gezurrik ilkitzen.

 

                      3

Dixidu horiekin ez izitzen ibil,

Gezur bat erran bainan nahiago dut hil,

Jaunaren nahiari hemen nago humil,

Zonbeit merezimendu egun dezadan bil.

 

                      4

Garbiki mintzatzeko ez zen ez izitzen,

Nahiz heriotzeaz zuten dixidatzen,

Egia horren gatik finki dute lotzen,

Donibanerat joka, zalu errestatzen.

 

                      5

Haur hunek bide huntan hanitz zuen jasan,

Gorphutza zauritua, ondatua basan,

Martir handi bat zela dezakegu esan,

Zerbait heldu izan zen Lohizungo plazan!

 

                      6

Pinet jenerala zen gazte lagunekin,

Gorasko altxatua gaizatakeriekin,

Jendeak izihaziz larderiarekin,

Justizia zuzenik ez zen haukiekin.

 

                      7

Jinkoa bera zuten goraki ukatu,

Herritarik aphezak zituzten kasatu,

Gezurraren bidetan barna ziren sartu,

Zorion bilaturik ez zuten aurkitu.

 

                      8

Jende oste handi bat plazan metatua,

Ikustekotzat arren buru hau moztua,

Gizonek jakin gabe hunen bekatua,

Heriotze dorperat zen kondenatua.

 

                      9

Tresna latzgarria zen plazaren erditan,

Zorrotz ageri zena dena odoletan,

Jendeak hauenetan eta negarretan,

Han zauden ikaretan, oren triste hartan.

 

                      10

Utzan, utz hire Salbe, huni hondu emon,

Ardiestekotz egun gu ganik zerbeit on,

Nahi badun lur huntan luze bizi egon,

Egintzan gora oihu: Biba la nazion!

 

                      11

Saratarrek diagu maitezko Frantzia,

Emango niozokek izate guzia,

Erlijione sainduan azkar nauk hazia,

Harentzat diat orai ordainez bizia.

 

                      12

Gilotina zorrotza gora zen altxatzen,

Buru hunen gainerat zalu da erortzen,

Martir gazte, saindu hau bi alde zatitzen,

Krima zaio kolpez zerurat airatzen!

 

                      13

Utzirik haurrideak, aita eta ama,

Harturik soin-gainean oinazezko zama,

Egun urrun badoa haurra zure fama,

Gordea egotea zonbeit zen lastima!

 

                      14

Eskual herri gaxoa duzun urrikari,

Zure othoitzak batuz gure othoitzeri,

Jarreik gaiten lur huntan zure fedeari,

Zerua izateko zuk bezala sari!

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus