—1894 Donibane Garazi—

 

Gezur bat erran baino bilotinatu nahiago

 

Manex Etchemendi, Ezterenzubikoa

 

Airea: Atharratze jauregian, zitroina loratu

 

              1

Bortz aurride elgarreki

Bizi ginen Saran,

Jauna zerbitzatuz humilki,

Gure egin bideetan,

Bainan gaixtaginak ibilki

Gure inguruetan,

Nehor ez nahiz ikhusi

Girixtino urhatsetan.

 

              2

Egun batez joaten nintzen

Etxera Beratik,

Nun phasatu behar nintzen

Lizuniako errekatik

Han nintzelarik phasatzen

Pena nuen hargatik,

Zeren zauzkit atheratzen

Soldadoak sasitik.

 

              3

Soldadoak galdatzen

Nondik heldu zara,

Norat izana zinen,

Errazu zertara?

Berara joana nintzen

Ni kofesatzera

Ene egin bidearen

Ongi bethetzera.

 

              4

Oi, oi! ez holakorik

Erran xuhur baduzu,

Ez da hobe zuk holakorik

Aithortzen baduzu,

Gezurño bat phentsaturik

Erran nahi bazindu,

Bertze gisan aithortutik

Zureak egin du.

 

              5

Gezurra erranez banuke

Gehiago pena,

Legea nahi ez nuke

Histu den gutiena,

Bainan aditu duzue

Egia zuzena,

Nitaz egizazue,

Nahi duzuena.

 

              6

Gurekin ethor zaitela

Kapitaina gana

Sujet bat ekhartzen dugula

Pinet zuregana,

Kapitainak ere horrela

Urrikaltzen naiz baina

Errazu ibili zarela

Espainian barna.

 

              7

Orori dut aithortuko

Egia bihotzetik,

Beran kofesatzeko

Joan nintzen etxetik,

Gero etxerat joateko

Han kofesaturik

Gezurrik ez da atherako

Ez ene ahotik.

 

              8

Orduan buru zagia

Hasten da manatzen,

Gezurrik ez erran nahia

Ereman dezaten.

Madalen nexka gaztia

Soldadoz da inguratzen

Donibane Lohizunera

Gero eremaiten.

 

              9

Bildots ezti maitena

Otsoen artean

Zer pairatzen duena

Hor iragaitean

Biderikan luzena

Hola phasatzean

Oioi, aiei, zer pena

Hartzen bihotzean.

 

              10

Bidean iragaiten den

Gure pasionea

Gisa huntan gaizki tratatzen

Nauzue emakumea,

Zuek dautazue erraiten

Biba nazionea,

Nik errephostu emaiten

Biba erlisionea.

 

              11

Bidea hola phasatu,

Donibanen ethorri

Han ere berdin oldartu,

Dama gazte horri.

Gilotina baitugu

Odolen egarri,

Gezurra erran nahi duzu

Ala zuk hartan ezarri.

 

              12

Adios izanen naiz ni

Madalen Larralde,

Bainan izanen bethi

Kontzientziaren alde,

Nahiago dut mundua utzi,

Ondikotz debalde

"Orai, agur ama, zuri

Nago laguntza galde".

 

              13

Ez duzu mintzatu nahi

Gehiago mundura,

Bainan dolamenei ari

Khantatzen salverresina,

Gisa hortan begiak goiti

So zaude zerura,

Ikhusten duzula iduri

Zeruko ama on hura.

 

              14

Etsaiek gaizki harturik

Zu hola izanez,

Eztitasunez betherik

Orobat izanez,

Zu hola ikhusirik

Mundua dago nigarrez

Etsaien eskuetarik

Zu libratu beharrez.

 

              15

Gezurrik ez errateko

Zenduen xedia,

Bai eta horren bethetzeko

Fermuki jarria,

Ikhusirik holako

Tresna lazgarria,

Guzien jasaiteko

Baduzu berthutia.

 

              16

Orai zure othoitza

Duzu khantatua,

Oioi! aiei! hilhotza

Laster baratua,

Gisa hortan zure gorphutza

Etsaiek tratatua,

Bainan zure bihotza

Jainkoak hartua.

 

              17

Santa Mandalena * ('izan

Sarako martirra'),

Orai zu hemendikan

Norat galdu zira,

Ama onak lagundurikan

Zerurat goan zira,

Heskualdun andre arraza

Ohoratua zira.

 

              18

Lurreko pharabizu

Zelarik zuretzat,

Ez nahiz sumetitu

Zuk gezur batentzat,

Mundua utzi izan duzu

Ez nahiz zuretzat

Bainan ardietsi duzu

Zerua saritzat.

 

                                * sic.

                                Mañex Etchemendy Esterenzubiko semea,

                                Californian Capistranon eginac, 1894ko

                                ekhainaren 10an.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus