—1894 Donibane Garazi—

 

Sarako martira, Madalena Larralde, hamabortz urteko neskatxa

 

Diharasarry & Daguerre "Baigurako bi artzain"

 

                            1

Duela ehun bat urthe, goibel zagon Frantzia,

Herraustera zaramaten jende Kristau guzia,

Eskual herrian arrotzak hari ziren gogotik,

Bainan Eskualduna tieso... hemen ikus frogatik.

 

                            2

Beratik eta Sarara, Madalena Larralde,

Beltchareneko alaba heldu da etxe alde,

Lizuniako errekan jadanik da sartua,

Uso xuri, uso gazte, doi doia lumatua.

 

                            3

Pineten soldado tzarrak, kukuturik sasian,

Belatx usoz gosetuak, erne daude guardian,

Madalena gaixoari zaizko betan oldartzen,

Beren aztapar zorrotzez lau aldetarik lotzen.

 

                            4

—"Espainiako lurretan, diote neskatxari,

Zeren ondotik habilan, dena den aithor guri.

—Kofesatzen naiz izatu Berako komentuan,

Jainkoa gabe gozorik ez baitut nik munduan.

 

                            5

—Neskatxa dohakabea, ixil zan aithor hori,

Xahu haiz heltzen bazaio Pinet jeneralari.

Hoin gaztedanik hiltzea damu zaikun osoki,

Erran hor hindabilala norbeit nahiz ikusi.

 

                            6

—Gezurra litake hori, ez da haizu gezurrik,

Hilik ere, erranen dut hala dena garbirik,

Beran kofesatua naiz, horra zer den egia,

Ez dut horren aithortzeko aphalduren begia."

 

                            7

Loturik badaramate, iduri gaxtagina,

Sarako Pineten gana Larralde Madalena,

"—Zerk habilka, enuxenta, gure legez trufatzen?

—Beraraino naiz izatu frailetan kofesatzen".

 

                            8

Pinetek zuen anaia Donibane hirian,

Hura zen han buruzagi tribunale gorrian,

Hari dio berehala Madalena igortzen,

Otso gaitzaren ahora bildotxa bidaltzen.

 

                            9

Saratik Donibanera soldaduek burlaka

Badabilkate gaixoa xizpa zurekin joka

—"Oihu egin zan, ergela: Biba nazionea".

Madalenak, aldiz, beti: "Bib'erlisionea."

 

                            10

Zaluki zuen Pinetek hori xuritu,

Lephoa moztuz hiltzera neskatxa kondenatu,

Bainan hortaz Madalena ez batere tantitu,

Bihotza garbi duena zerk behar du izitu?

 

                            11

Phestara bezala doha guillotinari buruz,

Bertze guziak nigarrez, hura gozoki kantuz,

Begiak zerura beha, dio: Salve Regina,

Bidera dohakon deituz Martiren Erregina.

 

                            12

Madalena Saratarra, igan zare zerura,

Egia betikoaren betikotz gozatzera:

Dezagun zurekin ikas egiaren maitatzen.

Denetan, zer nahi gerta, gezurretik beiratzen.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus