—1893 Azpeitia—

 

Gauden eskualdun

 

Gratien Adema

 

Laphurtar kantu berriak, Gipuzkoar eta Bizkaitarrek

Gernikako Arbolarenak dituzten gisa berekoak.

 

                Koplartetako guzien errefaua:

Zazpi Eskual herriek bat egin dezagun,

Guziak bethi, bethi, gauden gu Eskualdun.

 

                  1

Agur eta ohore Eskual herriari,

Laphurdi, Basa-Nabar, Zibero gainari,

Bizkai, Nabar, Gipuzko eta Alabari,

Zazpiak bat besarka loth beitez elgarri.

 

                  2

Haritz eder bat bada gure mendietan,

Zazpi adarrez dena zabaltzen airetan,

Frantzian, Espainian, bi alderdietan,

Hemen hiru 'ta han lau bat da zazpietan.

 

                  3

Ekhalde Iberrian, lehenik sorthua,

Lau mila urthe huntan hor da landatua,

Hain handi lur libroan lehen izatua,

Orai gure haritza, zein den murriztua!

 

                  4

Hi haiz Eskual herria, haritz hori bera,

Arrotza nausiturik moztua sobera,

Oi, gure arbasoak, hots! othoi ez beha,

Zein goratik garen gu jautsiak behera.

 

                  5

Eskual herri guzian alaba bakharra,

Ukhoan jarri zaikun, da gure ikhara.

Fueroak galdu eta utzi du Eskuara,

Akhabo eskualduna, hortaratzen bada.

 

                  6

Eskualduna jendetan eskuara mintzotan,

Lehenak omen dire jakinen ahotan,

Nahiz orai arrotzak manatzen darokan,

Ago hor Eskualduna, eskualdun herronkan.

 

                  7

Eskualduntasunari eta Eskuarari

Balinba ez ginuke ukho egin nahi,

Halakorikan nihor gutarik baladi,

Eskual herri guzian baluke trufari.

 

                  8

Gureak ziren lehen bazter hauk guziak,

Arbasoek utziak, hek irabaziak,

Guri esker Frantziak eta Espainiak,

Dagozkate dituzten eremu handiak.

 

                  9

Mairu beltza zelarik Espainian nausi,

Nabasen Eskualdunak egin zion jauzi,

Lau ehun mila mairu zituen herrautsi,

Eta gainerakoak igorri ihesi.

 

                  10

Orduan gure alde oihuz zauden oro,

"Bere lurrean nausi, eskualduna bego,

Frantziak, Espainiak, bai orai, bai gero,

Deus khendu gabe dute gerizatu gogo".

 

                  11

Patu hoiez geroztik gan dire denborak,

Ukhatu diozkate hartzedunei zorrak.

Oi indarraren lege latz eta gogorrak!

Zuzendunak galduez alfer heiagorak!

 

                  12

Gureez gure lehen hain libro ginenak,

Ezin ahantziz gaude orduko zuzenak,

Zer ametsak ditugun, zer orhoitzapenak,

Jaungoikoak bakharrik badakizka denak.

 

                  13

Ez bahaiz Eskualduna lehen bezein handi,

Aphaldu gabe xutik bederen egoadi,

Odolez eta Fedez bethi berdin garbi,

Handizki atxikia hire eskuarari.

 

                  14

Zuri gaude othoitzez Jaungoiko maitea,

Lagun zazu zerutik eskualdun jendea,

Bethi begira dezan lehengo Fedea,

Eta libertatean besarka bakea.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus