—1891 Iurreta—

 

Aritz gureari

 

An.

 

                1

Maitagarrizko arbol gurea

Arkitzen zera igarra,

Zure zain oiek aspaldi ontan

Daukate indar bearra,

Ustez betiko jarriya zinan

Ai, au pena ta negarra

Ikusirikan nola daukazun

Gaitza sartuba txit txarra.

 

                2

Denbora joan da ondoren gora

Zure gatikan oroitzen,

Ez genduben guk gaitz egiterik

Inork munduban pentsatzen,

Bainan etsaiak zital izanik,

Ondamua nola zuten,

Guk uste gabe egun batian

Gaitz ori sartu zizuten.

 

                3

Bai! Egun ura guretzat izan

Zan guztiz penagarriya,

Ordu ezkeroz euskal-erriyak

Dauka lutua jarriya,

Bainan oraindik ez degu etsi,

Oso zerala eroriya!

Jaungoikoari eskaturikan

Emango dezu orriya.

 

                4

Zer egin dezu gisa orretan

Zu orrela arkitzeko,

Eta zinduzen orri ederrak

Lurpera-arazitzeko?

On besterikan ez dezu egin

Euskal semearentzako,

Egin oi zuten bezela aiek

Espaini danarentzako.

 

                5

Guazen mutilak, euskaldun danak,

Etsaiak purrukatzera,

Eta betiko euskal-errira

Pake on bat ekartzera;

Inor atzian gelditu gabe

Guazen! biyotzez aurrera,

Jaunan laguntza izango degu

Zuzen ibiltzen bagera.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus