—1891 Iurreta—

 

Biargin alegere bat

 

Felipe Arrese Beitia

 

                    1

Beti ugazabentzat diardut lanean,

Naizda ez aberastu inoz bearrean;

Lanera jagi arren arduraz goizean,

Alogerak poztzen nau txito arratsean.

 

                    2

Ene aita izan zan neu legez arotza,

Alogeraz ez eban ak gizendu poltsa,

Pobrezan eukalako kontentuz biotza,

Agaitik gaur zeruan gozetan dau poza.

 

                    3

Alogerekoak lez ez daukat bildurrik,

Inoz sartuko danik gurean lapurrik,

Baba, arto, urdaia jan arren bakarrik,

Familia ederra azia daukat nik.

 

                    4

Irabazia zelan alan dot kastua,

Ez dot nai lebitarik, brusa dot naikua,

Egin gura dabenak gustora pausua,

Zapatea bear dau oina bestekua.

 

                    5

Zeinbat etxe direan euren erruz galtzen!

Txikiak izan arren andiai jarraitzen,

Neu beinik-bein enoa orrelan izaten,

Zorrak pagau ezinda tristetu enaiten.

 

                    6

Zeinbat gizon munduan enpleo andiak

Jariste arren dabiltz galtzen gaberdiak!

Baina, boteagaitik askok izerdiak

Non dagoz guztientzat goietan aulkiak?

 

                    7

Gaur arte, nok jakin dau zer dan uelgea?

Enredo zalez dakust mundu au betea,

Nik nai dot osasuna, lana ta bakea,

Inor engainau baga denpora emotea.

 

                    8

Ardaurik ezin badot edaten dot ura,

Orregaitik gerrarik baina ez dot gura,

Pazientziaz zelan bat doian zerura,

Pizkat sufridu arren ez deusta ardura.

 

                    9

Zeinbat galtzen dituzan andinaikeriak,

Luzifer bere galdu eban soberbiak,

San Migel otsein onak jaritxi gloriak,

Umilentzat zeruak dagoz edegiak.

 

                    10

Andi izate arren enoa inora,

Ez dot estutu gura igo nairik gora,

Nausitasuna baino mendeko dot oba,

Naikoa dot nik banaz guraso bat ona.

 

                    11

Ai! balekie askok nor dan aberatsa!

Niretzat igertea ezta orren gatxa,

Euki arren munduan batek asko gauza,

Kontentuz ezpadago bizia da latza.

 

                    12

Txori koitau bat baino, nor da pobreago?

Alanbere kantari geienean dago,

Txindurriak naiz euki ondasun geiago,

Nor da mutuagorik beste bat au baino?

 

                    13

Inoz izan ez arren txoria joskina,

Soinekoa darabil ondoen egina,

Sedea eztalako lumea duin fina,

Ain ondo ez da jazten beintzat erregina.

 

                    14

Jaungoikoak badeutsa ardurea artzen,

Zelan sinistuko dot dala gugaz aztzen?

Egaztiak baditu ain ederto jazten,

Ni zelan itxiko nau goseagaz ilten?

 

                    15

Beraz, ez dau esaten eskatu daigula?

Joteko atea ta entzungo jakula?

Ala, fedea gugan osoro galdu da?

Onenbeste gatx nondik bestelan eldu da?

 

                    16

Egia da kontentu osorik munduan,

Ez dala jauregian, ain gitxi tronuan,

Gure ditxa ez dago lurreko diruan,

Gloria dana dago bakarrik zeruan.

 

                    17

Kantau gura dot baina auxe koplau beti,

Pobrea banaz bere, enaz ni negarti,

Aberats asko dago ene aldean gaizki,

Larrosak dakustaz nik arantzakaz nasi.

 

                    18

Larratxoria dabil egunen erdian,

Txorrotxioka pozez igoten aidian,

Errosaioa kantau nik oi dot gabean,

Beraz obetoago bizi naz lurrean.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus