—1888 Kanbo—

 

Txistulari gaisoa

 

Karmelo Etxegarai

 

Airea: Nora zoaz, Mariya?

 

            1

Guztiyak pozez daude

Triste ni bakarrik:

Triste, bai! zeren nagon

Ama gabetanik:

Baina josta ditezen

Besteak gogotik

Ai! txistua jo bear

Naiz egon tristerik!

 

            2

Txistua jo! ta, nola

Joko det txistua,

Baldin naigabepean

Banago sartua?

Txistu-soinuen ordez

Balitz, ai! lantua,

Litzake neretzako

Gauz errazagua.

 

            3

Nola ez? Ilun dago

Neretzat guztiya,

Dena samintasuna,

Dena da antsiya,

Joan da nigandik

Ama maitatiya,

Non arkiko det orain

Munduan argiya?

 

            4

Ala ere, nai dute

Nik soinu jotzea,

Nere txistuarekin

Berak poztutzea:

Bainan, bainan il bazait

Ai! ama maitea,

Nola joko det ezer,

Ezpada tristea?

 

            5

Penik badu, triste du

Kantatzen txoriyak,

Eta izanagatik

Naigabe biziyak,

Biotz saminduaren

Erdiragarriyak,

Nai dute nik jotzea

Soinu txit alaiak!

 

            6

Penadunak ez bear

Jo soinu tristerik!

Noiz, noiz ikusiko dute

Gabaz eguzkirik?

Noiz doakabearen

Biotz samindutik

Ateratzen irrintzi

T' uju pozezkorik?

 

            7

Geldi bitez ujuak

Pozdunarentzako.

Betoz, betoz nigana

Zenbait negar-malko,

Zeren obeak diran

Ni sendatutzeko,

Nere samintasunak

Zerbait gozatzeko.

 

            8

Agur, ama: begira

Zadazu Zerutik,

Nola nagon ni beti

Zutzaz oroiturik,

Naiz ari txistu jotzen,

Naiz egon ixilik,

Jainkoak daki nola

Malkoak gorderik!

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus