—1887 Azkaine—

 

Eskualdun eri baten kantuak

 

J.E. Azkaindarra

 

                        1

Eri denak, bakharrik pentsamendu bat du,

Konplitzerat, ahalaz nahi entseiatu.

Zer den ezaguturik behaut deklaratu,

Dudarik ez da, nahi duela sendatu.

 

                        2

Sofritzen hainitz, eta ezin hartu hatsik,

Ote da mundu huntan trixteago denik.

Ez da harrentzat goizik ez eta arratsik,

Bertzetaz pentsatzeko sendatziaz baizik.

 

                        3

Trixtezian bizi da mundurat geroztik,

Eritasunak dauka arraz bentzuturik,

Ez dezake atxeman erremediorik,

Barnean duen gaitza senda dezakenik.

 

                        4

Entzuten duenekoz medikuen boza,

Errezibitzen ditu ahal bezin ontsa,

Ezen diote bozten pixka bat bihotza,

Hobeki hazi erranez hartzak esperantza.

 

                        5

Entzun zazue denek erien errana:

Nihork ez beza bila sobretan fortuna,

Beraz kanta zazue biba osasuna,

Hura galdu eta deusik ez baita gizona.

 

                        6

Alegeratu bedi osasun duena,

Berekin duelakotz beti zoriona,

Hura da egiazko aberastasuna,

Munduan gehienek bilhatzen dutena.

 

                        7

Urrundik aditu dut arribatzen fama,

Munduan lehen dela aberastasuna,

Zor' hek erran bezate gogoan dutena,

Eta guk aldiz kanta biba osasuna.

 

                        8

Eskual herri maitea, zuri naiz mintzatzen,

Ikas zazu umeak hemen atxikitzen,

Bertzenaz hari zare indarrez flakatzen,

Osasunaz deusik ez da konparatzen.

 

                        9

Zer da gizonarentzat pena handiago,

Dirua izan eta deusik ez balio,

Bethi eri denari gogoratzen zaio,

Osasuna hobe da ontasuna baino.

 

                        10

Nahi duenarentzat aberastasuna

Berekin balin badu, hark eritasuna,

Gogotik utz lezake trukadan fortuna,

Pobre izanik ere balu osasuna.

 

                        11

Zeruko Jainko Jauna! oi pazientzia

Hartu behar dut eta indazu grazia,

Laster galdua gatik lur huntan bizia,

Ah! desiratzen nuke zu ganat heltzea.

 

                        12

Akhabantzaz hau nuke zuer erraiteko,

Esperantza ariman entzun izaiteko,

Egin ditudan hutsak hemen barkatzeko,

Hil ondoan ez dezadan izan pagatzeko.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus