—1886 Urnieta—

 

Artzain baten bizia

 

J.T.D.L. Azkaindarra

 

Airea: Iruten hari nuzu

 

                        1

Pobrerik sorthu nintzen herri on batean,

Ontasunik ez zuten ait'amek etxean,

Zer nahi gostaia naiz gaztetasunean,

Ama galdu bainuen mundurat heltzean.

 

                        2

Nolakoa ahal zen aitaren gogoa,

Haurra munduan eta andrea galdua,

Ez dut nik ezagutu ene burhasoa.

Zoin eztia zaitaken amaren gozoa.

 

                        3

Haurrean eman dauzkit artha hoberenak,

Aitak bere haur bati egin detzokenak,

Kausitu izan ditu adixkide onak,

Neure sokhorritzeko behartu direnak.

 

                        4

Trixterik iragan dut ene haurtasuna,

Ikhasi ere gabe zer den atsegina,

Jaunak eman izan daut bethi osasuna,

Hura zen mundu huntan nuen ontasuna.

 

                        5

Zenbait urthe iragan ondoan karrikan

Gazterik jarri nintzen sehien herrunkan,

Gostu hainitz ez nuen egin beztimentan

Goizik erretiratuz igande bestetan.

 

                        6

Egin ditut zenbeit sos soldata ttipitik,

Ardi batzu erosi merkhaturat gana,

Karrikan ez delakotz irabaz biderik,

Artzaintzan bizitzeko deserturat ganik.

 

                        7

Bizi nintzen bakharrik mendi gain batean,

Etxola bat eginik iduzki aldean,

Kalterik egin gabe lagunen artean,

Egunak iraganez neure arthaldean.

 

                        8

Artzain alegeraki bizi naiz gorthan,

Kantu batzu emanez ongi albatzean,

Nahi gabe guti dut jasaiten munduan

Bakharrik nagolakotz trankil bihotzean.

 

                        9

Irina ekhartzen dut astean herritik,

Gasna batzu egiten ardien esnetik,

Ez dut deusen eskasik janaren partetik,

Edaria sortzen zaut harroka azpitik.

 

                        10

Hartzen ditut zenbeit sos bildotsak saldurik,

Ederki bezti nabil hasirik oinetik,

Deus ez dut jasaiteko hotzaren aldetik,

Jauntzi bat egin baitut ardien iletik.

 

                        11

Noizian behin jausten naiz bisaia arrairik,

Merkhaturat juaiteko untsa aphaindurik,

Xikhiro, ardi, antxo denak alhaturik,

Ederrenak neurekin aitzinian harturik.

 

                        12

Eternitatiaz ere hasi naiz pentsatzen,

Lan hainitzik ez nuen testament egiten,

Munduan ahaiderik ez dut ezagutzen,

Lagun bati diozkat orai denak uzten.

 

                        13

Jainkoa ez dut bethi untsa zerbitzatu,

Harren manamenduak ez ditut ahanztu

Mezaren entzuterat ez naiz entseiatu,

Hartakotz galdatzen dut orai, barkhatu.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus