1886 Urnieta
Aphezak aurrari
Jose Ameztoi
1
Aurra, nola zabil mundu gaixto untan?
Gozamen bakarra nere pen anditan
Bederen zu izanik dena nitzen poztutzen,
Jainkoa zu baitan bainuen bilatzen.
2
Arima batentzat Jainko guziz ona
Egin zaiku gizon, maite tuztena.
Zuretako, Erramon, ixuri du odola
Orai nuke zuretzat egin ark bezala.
3
Jesusen aphezek ez dute bakerik
Non ez diren iltzen aurrak salbaturik.
Nik ere nere aurra ez zaitut or utziko,
Non ez baitnaiz iltzen zure libratzeko.
4
Bat bertzien alde gu biak bat ginen
Amodio berak banatu gintuen
Baten damuaz biak osoki damutuak,
Elkarren nigarrez ginen nigartuak.
5
Pozik balin bazen biotzen pizteko
Oial txuri on bat nigar txukatzeko,
Zure boza entzutuz alegeratzen nintzen
Nere negar minak zintuen garbitzen.
6
Ola bizi ginen Jangoiko aurrean
Jesu maitearen biotzen barnean.
Non baitzauku agertu arrano itsusi bat
Gu biak il gaitu al zuen bezinbat.
7
Neretako zinen aur nere semea,
Zuretako nintzen aita bat maitea,
Aita seme bezala Jainkoaz banatuak,
Elkarren biotzez gu ginen artuak.
8
Aitatasun bia badire munduan,
Arimaren aita leen da buruan.
Zenbatenaz, Erramon, arima andiago,
Anbatenaz andi aren aita dago.
9
Zure arim'onak asko du balio
Jesusek bizitza oso eman dio,
Jainko baten neurria beaz arimak daka,
Nola bada aurra ez gan zure xerka?
10
Arimaren aita da guziz andia,
Gorputzaren aita ez dago erdia,
Batek ematen digu bizitze bat munduko
Bertziak orduan bizitza zeruko.
11
Aitak eman zaitu gorputzen odola
Nik ordian, aurra, Jainkoak bezala,
Arimaren odola Jesusek ixuria,
Zuri eman zaitut garbi ta txuria.
12
Ortako, Erramon, oso maite zaitut
Zure eskasiak ezin esan ditut.
Gau, egun gelatxoan egoten naiz tristerik
Etsaien beldurraz arima beterik.
13
Bere biotzaren iltzeko galtea,
Izanen liteke, nere aur maitea.
Zu minez ikustea zoriona galdurik
Nik eman bizitza etsaiak kendurik.
14
Ortako ni nago beti aitzean
Zure asmu ona biotzen barnean.
Eskatzen dut Jaunari etorri zaitezela
Zure aita ganat lenago bezala.
15
Badakizu aurra zenbat kosta nauzun,
Minez zinenean zer izan ninduzun.
Aldare santuetan emanikan biotza
Goseti eskatu det zuretzat bizitza.
16
Baratze zain ona galerna denean,
Loretxo pollitak gurtzen direnean,
Arte andi batekin berak ditu estaltzen
Edo adaxkataz xutik eskatutzen.
17
Lore baratzean ni nintzen ibiltzen,
Zu zinen erdian goraki altxatzen.
Aize andi gaixtoak etortzen zirenean
Goxoki zintudan gordetzen golkoan.
18
Orain zaude, aurra, nitarikan urrun,
Ni nago nigarrez zutarikan alargun,
Ez dakite munduan zer dakagun sofritzen
Arimez alargun gaituztenian iltzen.
19
Aurra, entzun zazu Jainkoaren boza,
Beti maita zazu ama on Eliza,
Usten balin badezu orain bide xuxena,
Galduko zinduke bizi gozoena.
20
Atoz, atoz aurra, atoz nere ganat
Jaungoikoak nai tu gazteak beretzat.
Naiz izanikan urrun biotz barnean zaude,
Jaungoikoa baitan gu bioak beitgaude.